Lau urteren ostean, Andres Orozco-Estradak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) zuzendari titularraren kargua utziko du denboraldi honen amaieran, datorren hilabetean. Kolonbiarrak ez dauka ordezkorik oraingoz, eta EOSek haren batuta hartuko duen maisuaren izena «baieztatzeko» baliatuko du hurrengo denboraldia, Iñigo Alberdi zuzendari nagusiak atzo, 2013-2014 sasoiaren aurkezpenean, jakinarazi zuenez. Andrey Boreyko Orozco-Estradarekin batera heldu zenak jarraituko du zuzendari nagusi gonbidatua izaten, eta instituzioaren ibilbideko 32. denboraldian eskainiko dituzten hamahiru programetan beste hainbat maisuk lan egingo dute orkestrarekin, zuzendari titular berria hautatzeko helburuarekin. Hizkuntza unibertsala da hurrengo sasoirako aukeratutako leloa, eta horregatik, hitzaren bueltan ardaztuko dira bost programa.
Uztaileko atsedenaldiaren ondoren, abuztuan abiaraziko dute 2013-2014 ikasturtea. Urritik datorren urteko ekainera bitartean abonamendu sasoiko 50 kontzertu emango ditu EOSek EAEko hiru hiriburuetan eta Iruñean, eta guztira «130-140» ekintza egin. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak gogoratu zuen atzo EOSek 7.000 abonatu dituela, «etengabeko jarduera» daukala, eta haren ekitaldiak %90 egoten direla beteta.
Hizkuntza unibertsala leloaren aldeko apustua egin dute EOSekoek datorren denboraldirako. Alberdiren esanetan, «hizkuntza bat» delako musika bere horretan. «Eta hizkuntza batek arauak ditu, badauka askatasuna, eta baita mezua ere». Hortaz, hitzari, «are literaturari», toki «nabarmena» egingo diote.
Boreykok zuzenduko du abonamendu sasoiko lehen programa, eta baita azkenekoa ere. Errusiarrak nabarmendu zuen iritsi zenetik gaurdaino «garapen handia» eduki duela orkestrak. «Instrumentista eta zuzendari onekin lan egin da, eta horrek proiektua handitzea ekarri du. Egoera ekonomikoa txarra izanda ere, mailari eutsi zaio». Hainbat orkestrarekin lan egindakoa da, eta azpimarratu zuen beste toki batzuetan aurkitu ez duen «atmosfera sortzaile batekin» topo egin duela hemen. «Obraren lehendabiziko entsegutik kontzertu eguneraino musikariek edukitzen duten garapena ikusgarria izaten da» .
Aurten, hilaren 29an hain zuzen, 100 urte beteko dira Igor Stravinskik Udaberriaren sagaratzea Parisen estreinatu zuenetik, eta EOSek obra hori joko du Boreykok zuzenduko duen aurreneko abonamendu programan, denboraldiaren hasieran, urrian. Orkestra batentzako «obrarik zailenetakoa» da Stravinskirena, Alberdiren ustez: «Bai metrika aldetik, eta bai konpas aldaketa beldurgarriak dauzkalako». Pablo Sorozabalen Bi euskal apunte eta Ludwig Van Beethovenen Piano eta orkestrarako 1. kontzertua obrak ere interpretatuko dituzte programa horren barruan, eta Judith Jauregi piano jotzailea bakarlari gisa arituko da.
Hurrengoan, urriaren 17an eta 18an Donostiako Kursaalean, «musika eta hitzak» batuko dituzte, eta musikariek Jun Marklen zuzendaritzapean joko dute. Programa horretarako gidoi bat propio prestatu du Harkaitz Canok. Sasoiko azken-aurreko programan ere protagonismo berezia hartuko dute hitzek. Miguel Unamunoren jaiotzaren 150. urteurrena probestuz, Ramon Bareak idazlearen aipu batzuk irakurriko ditu Bilboko Euskalduna jauregian maiatzaren 12an egingo den emanaldian.
EOSek zortzi obra gehituko ditu hurrengo denboraldian bere errepertoriora, eta Teresa Catalanen Printzesaren dantza estreinatuko du, gainera. «Bokazio unibertsaleko» hamahiru programa gauzatuko dituzte, hamaika zuzendari eta bakarlariren lankidetzarekin.
Zuzendari titular berria baieztatzeko baliatuko du EOSek hurrengo sasoia
'Hizkuntza unibertsala' lelopean, hitzaren bueltan ardaztuko dira denboraldiko hamahiru programetako bost
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu