Zinema

Zuzendari Berriak sailak zortzi herrialdetako 11 film luze izango ditu

Donostiako Zinemaldiko 72. aldiko Kutxabank-Zuzendari Berriak saria irabazi ahal izango du filmik onenak; 50.000 euro. David Perez Sañudoren 'Azken erromantikoak' lan luzea izango da lehiatuko den lanetako bat.

Michael Tyburski zuzendariaren 'Turn me on' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Michael Tyburski zuzendariaren 'Turn me on' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko uztailaren 17a
13:50
Entzun

Donostiako Zinemaldiak 72. aldia izango du aurten, eta, apurka bada ere, antolatzaileak hasi dira irailaren 20tik 28ra pantaila handian eskainiko dituzten lanen berri ematen. Gaur aurkeztu dute Zuzendari Berriak sailean lehiatuko diren film luzeen zerrenda. Zinemagileen lehen edo bigarren filmak izango dira; guztira, zortzi herrialdetako 11 ekoizpen. Kutxabankek babestuko du saila, eta lanik onenak 50.000 euroko saria lortu ahal izango du. Gainera, 18 eta 25 urte bitarteko kideez osatutako gazte epaimahaiak ematen duen DAMA saria jasotzeko aukera ere izan dezakete.

Zinemaldiak «talentu berrien alde» egiten duen apustuaren erakusle da Zuzendari Berriak. Hala ere, ez da zinemagile berrien lanak erakutsiko dituen sail bakarra. Sail Ofizialean zein Nest sailean ere —mundu osoko zinema eskoletako film laburrak aurkezten dira azken horretan— ikus daitezke mota horretako filmak; bai lan luzeak, bai eta laburrak ere.

Gaur aurkeztu dituzten filmen artean, hiru dira lehen lanak, eta gainerako zazpiak bigarren filmak izango dira. Hamaikakoa osatzeko film bat falta da, eta, antolatzaileen esanetan, «datozen asteetan» emango dute haren berri. Belkis Bayrak (Istanbul, Turkia, 1984) izango da Donostian film luze batekin lehen aldiz lehiatuko denetako bat. Gülizar da haren lan luzearen izenburua. Protagonista —filmaren izen bera duen emakumea— ezkontzear dago, eta sexu eraso bat jasaten du. Senarra izango duena, erasoa salatu ez duen arren, erruduna topatzeko lanetan hasi da.

Hego Korean dagoen herri arrantzale txiki bat da Sokcho. Bertan bizi da Soo-Ha, ostatu batean lan egiten duen 25 urteko neska gaztea. Eguneroko oso arrunta du, aspergarria ia. Egunerokotasun hori aldatu egingo da Yan Kerrand izeneko artista frantsesa ostatura iristen denean. Hiver à Sokchoda Koya Kamurak (Paris, 1983) zuzendu duen lehen filmaren izenburua, lehiara aurkeztuko duena.

Brûle le sang, berriz, Nizako (Frantzia) langile auzo batean girotuta dago. Auzoko komunitate georgiarreko pertsona garrantzitsu bat erailtzen dute, eta haren familiak heriotzaren ondoren bizi izandakoak kontatzen ditu bere lehen lanean Akaki Popkhadzek (Tbilisi, 1991).

Fikzioa eta beste

Anton Alvarezen —C Tangana musikaria— La guitarra flamenca de Yerai Cortés-ek hasiko du Zuzendari Berriak sailaren egitaraua. Yerai Cortes pertsona ezaguna da flamenkoaren munduan, eta Alvarezek, ezagutu zuenean, txundituta geratu zen haren talentuarekin. Elkarrekin disko bat grabatzea erabakitzen dute, eta proiektuaren prozesu artistikoa erakutsi nahi izan du zuzendari espainiarrak bere bigarren film luzean.

Euskal produkzio bat ere izango da Zuzendari Berriak sailean: David Perez Sañudoren (Bilbo, 1987) Azken erromantikoak, hain zuzen. Portaera hipokondriakoak ditu Irunek, eta bere egunerokoa ohitura eta pertsona gutxi batzuetara mugatzen da. Bere mundu txiki hori goitik behera aldatuko du berri txar batek: koskor bat topatu diote bular batean. Albiste horrek bere bizitzaren norabidea errotik aldatuko du.

2010ean estreinatu zuen bere lehen film luzea Sivaroj Kongsakulek (Bangkok, 1980): Eternity. Oraingoan, Regretfully at Dawn lana aurkeztuko du. Bankoketik gertu dagoen herrixka batean, agure batek gurasoek abandonatutako iloba zaintzen duen bitartean bizi izandakoak erakusten ditu filmak.

(ID_17212234313245) (/EZEZAGUNA) La guitarra flamenca de Yerai Cortes filmeko fotograma bat
'La guitarra flamenca de Yerai Cortés' filmeko fotograma bat. BERRIA

Estralurtarrak existitzen al dira? Stars and the Moon filmeko protagonistaren ustez, bai. Xingxing izena du, eta ahal duen guztia egiten saiatzen da estralurtarrak existitzen direla baieztatzeko, nahiz eta ingurukoek bere jarduna gehiegi ez babestu. Yongkang Tang (Taiyuan, Txina, 1983) zuzendariaren lana da. 2019an aurkeztu zuen lehen aldiz film bat jaialdi batera; Walking in Darkness Rotterdameko zinema festibalean erakutsi zuen.

Zientzia fikziozko komedia erromantikoa da Turn Me On, Michael Tyburskik (New York, 1984) zuzendutakoa. Emozioak desagerrarazten dituen pilula bat hartzen duen gizarte batean girotuta dago filma. Bikote diren protagonistek, ordea, pilula hori hartzeari utziko diote, eta euren arteko harremana modu berri batean bizitzen hasiko dira.

Sevillan (Espainia), 1993an jaioa da Sandra Romero zinemagilea, eta Andaluzian girotu du bere filma: Por donde pasa el silencio. Antoniok bere jaioterrira itzuli beharko du bere familiari laguntzera, bere anaia bikiak desgaitasun fisikoa baitu. Bertan, dilema batekin egingo du topo protagonistak: etxekoei lagundu, edo kanpoan eraiki duen bizitzara itzuli.

Cecilia Atan eta Valeria Pivato zuzendari argentinarren ekoizpena da La llegada del hijo. Aurretik ere beste proiektu bat egin zuten elkarrekin: La novia del desierto, hain zuzen. Haien film berrian Sofiaren istorioa kontatzen dute, kartzelan hainbat urtez egon den emakumearena. Bertatik irtendakoan, bere semearekin zuen harreman hotza hobetzen saiatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.