Musika

Zuzendari artistikoa kargugabetuta, aro berri bati ekingo dio Euskadiko Orkestrak

Euskadiko Orkestraren Administrazio Kontseiluak hala erabakita, Robert Treviño ez da talde sinfonikoaren zuzendari artistikoa izango aurrerantzean. Oriol Roch zuzendari nagusiak ere kargua utziko du datozen hilabeteetan.

Oriol Roch eta Robert Treviño, elkarri bostekoa emanez, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu izandakoa aldamenean dutela, 2022ko maiatzean, Euskadiko Orkestraren 2023-2024ko denboraldiaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Oriol Roch eta Robert Treviño, elkarri bostekoa emanez, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu izandakoa aldamenean dutela, 2022ko maiatzean, Euskadiko Orkestraren 2023-2024ko denboraldiaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2025eko urtarrilaren 27a
16:55
Entzun

Euskadiko Orkestraren Administrazio Kontseiluak aro berri bati ekiteko neurriak hartu ditu gaur egindako biltzarrean. Besteak beste, Robert Treviño kargugabetzea, beste zuzendari artistiko bat bilatzea eta elkartearen antolaketa beste modu batera moldatzea erabaki du.

Zortzi urtez izan da Robert Treviño (Fort Worth, AEB, 1984) Euskadiko Orkestrako zuzendari artistikoa. Tarte horretan egindako lana «bizia eta emankorra» izan dela adierazi du talde sinfonikoaren administrazio kontseiluak, eta harekin lortutako mugarri garrantzitsuak ere nabarmendu dituzte: nazioarteko birak, Salzburgoko eta Parisko kontzertuak, Finlandiako Ondine diskoetxearekin grabatutako lanak edota pandemia garaian musika jarduna berreskuratu izana, besteak beste.

Treviñoren gidaritzari amaiera ematearekin batera, ziklo berri bati zabaldu nahi dio atea Euskadiko Orkestraren Administrazio Kontseiluak, eta, hala, «proiektuari beste modu batera heltzea, eta prestakuntza zein ibilbide profesionala zabaltzea» jarri dute helburu.

Hamar urtez karguan

Treviñok ez ezik, Oriol Roch orkestra zuzendari nagusiak ere kargua utziko du datozen hilabeteetan. Treviñoren irteera ez bezala, Rochena adostua izan da: Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko iturriek adierazitakoaren arabera, Rochek berak proposatu zuen zuzendari nagusia ere aldatzea aro berrirako. Hamar urte eta erdi eman ditu Rochek zuzendari nagusi karguan; ez da beste zuzendari nagusirik izan Euskadiko Orkestran Rochek baino luzeago iraun duenik. Rochen ekarpenen artean, «eraldaketa digitala eta lan sistema berriak» ezarri izana nabarmendu ditu Euskadiko Orkestraren Administrazio Kontseiluak. Hain zuzen, EITBrekin elkarkidetzeko bideak zabaldu zituen Rochek. Orkestraren jarduera nazioartera proiektatzea eta ikusgarritasun handiagoa lortzea izan ditu helburu nagusi, baita prestigioa irabaztea ere. Era berean, errepertorio musikala zabaltzearen alde egin izana goraipatu diote Rochi.

Rochen eta Treviñoren karguak berritu osteko aro berrian, «elkartearen antolaketa aldatu eta garapen artistikoa bultzatu» nahi ditu Euskadiko Orkestraren Administrazio Kontseiluak, betiere «talde sinfonikoaren ospea» mantenduz. Horren harira, «kontzertuetan abonatu gehien duen Euskadiko kultur erakundea» dela nabarmendu dute.  

Bi zuzendariei eskerrak ematearekin batera, denboraldirako aurreikusitako proiektu guztiek aurrera egingo dutela adierazi du administrazio kontseiluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.