1. Zuzen sortzea: Norantz bakarreko haztea.
Erro sendo, gogor, mardulei jarraikiz,
enbor eder, arrail gabea eraiki.
Abarrei ez utzi barreiatzen…
Gehiegi behinik behin!
Horratx, eutsi iltze
gori-goriari.
Ezin zintezke hegatu, ez...
baina, behintzat, ezin zara erori.
2. Zuzen heztea: Bideratzen irakastea.
Ipar ala hego hauta dezakezu;
ongi edo gaizki... baina kokatu.
Ñabardura nabarrak, arren,
inoiz ez aipatu.
Gogor eutsi iltze
gori-goriari
Kexu? Nola askatu orain, baina,
makil bakar hartu duzun hori?
3. Zuzen heltzea: Norantz bakarreko ahaztea.
Gorroto izandakoa desiratuz,
irrika lurperatuak gizendu.
Erantzunei barrerik egin ezinda,
galderez zara umezurtz.
Ezin, jada, eutsi iltze
gori-goriari
Esan: zertarako nahi zenuen makulurik
itsaso uhindu honetan igeri?
MIRA
Zuzen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu