Zurrunbiloari eusteko aldi bat

Gasteizko Baratza aretoak euskal arte eszenikoen jaialdia hartuko du bihartik igandera bitarte

Tripak kolektiboaren Urruna antzezlana. Larunbatean eskainiko dute obra. BARATZA ARETOA.
aitor biain
Gasteiz
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Iragan apirilean bertan behera utzi behar izan zuten Zurrunbilo jaialdia berreskuratuko du Gasteizko Baratza aretoak: bihartik igandera bitarte egingo dute euskal arte eszeniko garaikidearen bosgarren jaialdia. Apirilean eta ekainean zenbait egitasmo egin bazituzten ere, egitarauaren bizkarrezurrari bere horretan eutsi diote, eta, modu horretan, jaialdiak bere «esentziari» eusten diola azpimarratu dute antolatzaileek: euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari denbora eta espazioa eskaintzea.

Asmo eta xede horrekin ekin zioten duela bost urte, Baratza aretoak eta han lanean ari den Parasite kolektiboak Zurrunbilo martxan jarri zutenean, hain zuzen. Hala azaldu du Marian Suarez antzezle eta antolatzaileak: «Jaialdi honen helburua bikoitza da: euskaraz lan egitearen aldeko apustua egiten duten artista eta konpainiei laguntzea eta horien sorkuntzak ohiko ikusleei eta, inoiz parte hartu ez duten arren, horretarako jakin-mina dutenei hurbiltzea».

Bost antzezlanek osatzen dute egitaraua, eta den-denak emakumezkoek sortu edota antzeztutakoak dira. «Hori da aurtengo berezitasunetako bat», Suarezek azaldu duenez. Obra gehienakbere osotasunean ikus daitezke oholtzan, baina bada oraindik sormen prozesuan dagoenik ere. Formol laborategiaren Maketa antzezlana da horietako bat: «Errenteriako Eztena jaialdian erakutsi zuten zati bat, eta, oraingoan, prozesuaren beste parte bat erakutsiko dute», azaldu du Suarezek. Obra horrek zabalduko du jaialdia, bihar.

Gero, Kamikaz kolektiboko Erika Olaizolak idatzi eta Metrokoadroka sormen laborategiaren laguntzarekin sortutako pieza eskainiko dute: Panpina. Umorea eta performancea uztartzen dituen arren, gai sakonak ditu ardatz. Erika Rooibos izeneko aktore ezagun baten argi-ilunak erakutsiko ditu Olaizolak berak bakarkako lanean.

Larunbatean, berriz, Erresistentzia arazo fisikoa da eskainiko du Maite Aizpuruak. Dantzertin ikasitakoa da Aizpurua, eta, egun, Horman Poster kolektiboaren Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanean dabil lanean. Bere lehenengo lana erakutsiko du Gasteizen Aizpuruak. Barkako lana da hau ere, eta antzerki performancearen formatua du obrak.

Jarraian, ostera, Tripak kolektiboak Urruna aurkeztuko du. Suarez bera da sortzaile eta aktoreetako bat, Natalia Suarez, Andrea Berbois, Mayi Martiarena eta Maite Gugerzarekin batera. Sumendi baten oinetan, irudimenezko leku batean girotutako obra bat da.

Azkenik, igandean, 43o13'44' N izeneko pieza emango du Olatz Gorrotxategik. Bere familiaren memorian eta memoria kolektiboan egindako bilaketa baten emaitza erakusten du obrak. «Beste baterako bidean aurkitutako istorioa da, non irudimenak oroimenak utzitako hutsuneak betetzen dituen». Antzerki dokumentala da, «biografia politiko bat».

Liburu bat hausnarketarako

Proposamen eszenikoez gain, Bidenteak gara liburuaren aurkezpena ere egingo dute jaialdian aurten. Lan «kolektiboa» da, eta iragan apirilean, konfinamendu betean hainbat sortzailek eta kudeatzailek eta jaialdiarekin lotura duten beste eragileek egindako topaketa birtuala du oinarri. «Topaketa hartan konturatu ginen gure artean bazirela kezka batzuk, gure sektoreari zer gertatuko zitzaionaren ardura moduko batzuk, eta galdera horietatik abiatuta sortu genuen liburua», azaldu du Suarezek.

Liburua bera eztabaidarako eta hausnarketarako «tresna» izatea nahi dute. «Bizi dugun garaiak eskatzen du hausnarketa bat edo lur hartze bat, sormenaz gain, noski. Hori dela eta, abiapuntua izan zen etorkizun utopiko praktiko bat imajinatzea eta sektorea nola egongo den proiektatzea, zer egin dezakegun aztertzeko; nondik jo erabakitzeko, finean», azaldu du Suarezek.

Liburua Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak argitaratu du, eta PDF formatuan izango da eskuragarri. Aurkezpena igandean izango da, 16:00etan, Aldabe gizarte etxean, eta lekua aldez aurretik eskatu beharko da [email protected] helbidean. Emanaldietarako sarrera «gutxi batzuk» ere eskuragarri daude oraindik. Interneten, Baratza aretoaren webgunean eros daitezke. Egunean bertan, txarteldegian ere eskuratu ahalko dira, halere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.