Zurrunbilo jaialdiak Baratza aretoko oholtzak hartuko ditu gaurtik igandera bitarte

Gasteizko Baratza aretoak eta Parasite kolektiboak Zurrunbilo euskal arte eszenikoen jaialdia antolatu dute, hamargarrenez. Zenbait taldek euren lanak taularatuko dituzte, besteak beste, Metrokoadroka taldeak eta Tripak kolektiboak.

Metrokoadroka kolektiboak Aztia ikuskizuna eramango du Baratza aretora. MENDI URRUZUNO
Metrokoadroka kolektiboak 'Aztia' ikuskizuna eramango du Baratza aretora. MENDI URRUZUNO
edurne begiristain
2025eko martxoaren 27a
04:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur hasi eta igandera bitarte, euskarazko sorkuntza garaikideak berriro hartuko ditu Gasteizko oholtzak Zurrunbilo jaialdian. Baratza aretoak eta han lanean ari den Parasite kolektiboak urtero antolatzen dute euskal arte eszeniko garaikideen jaialdia, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Hamargarren aldia izango du, eta, orain arte bezala, euskaraz egindako proposamen apurtzaile eta berritzaileenak hartuko dituzte.

Euskarazko sorkuntza eszeniko garaikidearen «aniztasuna» agerian uzteko asmoz ondu dute aurtengo egitaraua. Aurreko aldietan ez bezala, gaurtik aurrera oholtzaratuko diren proposamenek ez dute hari komun bat. Hala ere, Garazi Lopez de Armentia Baratzako arduradunak azpimarratu duenez, taula gainean ikusiko diren piezak elkarren oso ezberdinak izateak badu bere garrantzia. «Lanek ez dute zerikusirik bata bestearekin, baina hori bera bistaratzea da asmoa; kalitate handiko proposamenak dira denak».

Ozetako (Araba) Garaion Sorgingunean abiatuko da gaur Zurrunbilo jaialdia, film bat proiektatuta: Dounia eta Alepoko printzesa. Kalakalab eta Zinhezba kultur elkarteek antolatu dute zine emanaldia, eta 18:00etan izango da. Emanaldia doakoa da, baina aurrez izena eman behar da Baratza aretoko helbide elektronikoan.

«Lanek ez dute zerikusirik bata bestearekin, baina hori bera bistaratzea da asmoa; kalitate handiko proposamenak dira denak»

GARAZI LOPEZ DE ARMENTIABaratza aretoko arduraduna

Bihar, berriz, Metrokoadroka taldeak ondutako Aztia proiektua ikusi ahalko da Baratza aretoan, 20:00etan. Don Inorrez taldeak —Imanol Ubedak eta Karlos Aranzegik— kaleratutako izen bereko diskoan oinarritutako pieza da. Oholtza gainean umorea eta kontzertu giroa izango dira nagusi, musika, antzerki, bakarrizketa eta butoh dantza uztartuta. Idoia Beratarbidek zuzendu du lana, eta, zoriontasuna hizpide hartuta, taula gainean ariko dira Ainhoa Alberdi, Karlos Aranzegi, Oier Guillan, Fernando Neira eta Imanol Ubeda.

Metrokoadroka taldearen lana goraipatu du Lopez de Armentiak, «profesionaltasun handiz» aritzen delako eta «kalitatezko» proposamenak egiten dituelako beti: «Erreferente dira euskal sorkuntzan, eta argi genuen aurten ere Zurrunbilon egon behar zutela».

Larunbatean, Platea ikuskizuna eramango du taulara Tripak kolektiboak. Konpainiaren hirugarren ekoizpena da Platea,eta Baratza aretoan aurkeztuko du, 19:00etan. Minak, urradurak, umoreak eta absurdoak zeharkatzen dituen pieza da Platea. Sortzaileen esperientzia pertsonaletatik sortu da lan berria, eta diziplinen arteko mugak hausten ditu, antzezpena, performancea eta musika ikuskizun berean bilduz. Tripak kolektiboaren lanak «altxorra» direla uste du Lopez de Armentiak: «Lengoaia propio batekin lan egiten dute, moda eta joeretatik aldenduta». 

 

Larunbatean bertan, Nagore Etxabek sortutako Antuxuna bakarkako proiektuaren Baninduaien Kantatzera ikus-entzunezko emanaldia hartuko du Izaskun Arrue kulturguneak. Azken saioa, berriz, igandean egingo dute, Baratza aretoan. Laura Penagosek Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlana aurkeztuko du, sexualitatea, bortizkeria, klasismoa eta feminismoa heldulekutzat hartuta.

Kalejira performatikoa

Jaialdia gaur hasiko da, baina aste hasieratik izan da mugimendurik Baratza aretoan: izan ere, kalejira performatiko bat prestatzeko tailerrak antolatu dituzte Parasite eta Tripak kolektiboek, hiru egunez. Astelehenean hasi eta atzo amaitu zituzten tailerrak, eta asmoa da larunbatean performance ibiltari bat egitea Baratza aretoaren eta Izaskun Arrue kulturgunearen artean.

«[Kalejira perfomatikoa] elkar ezagutzeko modu bat da; finean, bata bestearekin identifikatzeko eta partekatzeko modu bat»

GARAZI LOPEZ DE ARMENTIABaratza aretoko arduraduna

Ibilbide artistiko horren asmoa da jaialdiko parte hartzaileek eta publikoak elkarrekin egitea bi espazioen arteko bide hori. «Zubi eszeniko» bat sortu nahi dute jaialdiaren bi proposamen eszeniko lortzeko, hau da, Platea eta Baninduaien Kantatzera ikuskizunak lotzeko.

«Kolektibotasuna» lantzeko saio bat dela azaldu du Lopez de Armentiak: «Elkar ezagutzeko modu bat da; finean, bata bestearekin identifikatzeko eta partekatzeko modu bat». Azpimarratu duenez, euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari denbora eskaini nahi dio Zurrunbilo jaialdiak, baina espazioaren garrantzia ahantzi gabe. Hala, hiri berean egonik ere, elkarrengandik urrun dauden bi espazio kalejira batekin lotu eta «sarea ehundu» nahi dutela azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.