KRITIKA. Musika

Zurrunbilo aske baina neurtua

(ID_13506867) (/EZEZAGUNA) pelax-esangabedoa
MUSIKA. 'Esan gabe doa' diskoaren azala.
2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

'Esan gabe doa'

Taldea: Pelax. Diskoetxea: Balio dute.

Esan gabe doa baimenik eskatu gabe egin duela disko hau Unai Pelayo donostiarrak. Uste dut, gainera, inoiz ez duela moldeetatik ateratzeko eta nahi duen hori egiteko baimenik eskatu. Hala, bada, proposamen bereziak egiten dituela barneratuta daukagun arren, agian betiko sorpresa faktoreak engantxatzen gaitu gehien. Ados, progresiboaren mugetan jostatuko zela espero genezakeen, baina oraingoan math rock zurrunbiloetan biziki murgildu da, erritmo sorginduak landu ditu, eta arau erritmiko-harmoniko-estrukturalei ez die jaramon gehiegirik egin.

Lan hau musikalki oso gogorra da, erasokorra eta pizgarria alde guztietatik. Ez dugu egitura batzuen normaltasuna ukatuko, errepika batzuk ere bai baitaude han eta hemen, baina rock estandarretatik haratago doan lana dugu. Rock progresiboaren sortzeko anbizioa guztiz alde batera utzi ez badu ere, disko honi konplexutasuna erritmoek ematen diote. Bat-batekoagoa da, bolumen altuagokoa eta kontzertuetarako ideala. Kantu guztiek zenbakiak daramatzate izen modura, 0tik hasi eta 7ra arte: guztira, zortzi kantu eta 33 minutu dira. Oso azkar pasatzen dira, bidaia berebizikoa eta lotsagabea baita.

0 hasten den momentutik ohartuko gara gorago aipatutako hainbat faktorez. Erritmo trabatua, errukirik gabeko dezibel festa eta... zati melodiko txiki bat! Jostatzeko gogoak hor jarraitzen du 1 kantuan ere, hau geldoagoa den arren; deskantsua emateko, agian. 2 eta bere erritmo binarioak gitarra melodia agudoa darama gainetik, eta erditik aurrera biziagoa da. 3, aldiz, deskribaezinezko sentsazioen pilaketa da. Erritmoaren konplexutasunak, berriro ere, ez dio inondik inora intentsitaterik kentzen, eta sorpresen zerrendak badauka bere aztikeria hemen ere: erritmo aldaketak, geldialditxoa, azelerazioa... bariazio hauek guztiek, entzulea aspertu beharrean, euforia antzeko zerbait sor dezakete, izugarria baita kantuak hartzen duen erritmoa eta gitarrez osatutako geruzen erabilera. The Mars Voltaren kontzertu bat imajinatu genezake momentu batzuetan. Akaso, Pelaxen historiako kanturik onena da.

Gisa honetako disko bat koordinatzeak lan handia dauka, zer esanik ez 4 bezalako kantu batean. Makina batek grabatua dirudi. Soinu pilaketa bat bezalakoa da; gauza guztiek (bere kasa joan beharrean) bat egiteko duten moduak ere math rock azpigeneroaren zaleak maiteminduko ditu, bai horixe. Kantu aparta. 5 lore kantua da, antza, disko honetan Telmo Trenorren kolaborazio bakarra. Kredituetan, behintzat, hala dio. Imajinatu ditzakezue sanpler eta sintetizadoreekin egin dituenak. Giro horrek, gainera, harrigarriki bat egiten du Pelaxen unibertsoarekin.

Lan honek bertsio bat dauka, Mal de Ojo taldearen 6, hain zuzen ere. Izen hori jarri dio Pelaxek behintzat. Distortsioa eta ondo landutako dramatismoa nagusi dira hemen, baina, era berean, poliki doa bere erritmoan, aurreko kantuekin kontrastea egiteko edo. Lan borobil honi amaiera 7 trosta motz eta biziak ematen dio. Iritziak iritzi, hau Pelaxen diskorik onenetakoa da, onena ez bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.