Musika

Zurriolako olatuak jazzaren erritmoan hautsiko dira

William Parker kontrabaxu jolea sarituko dute Donostiako 59. Jazzaldian. Denetara 76 kontzertu izanen dira, gaurtik igandera bitarte, hamabi agertokitan banatuta. Horietatik 41 doan izanen dira.

Diana Krall, orain bi urte Trinitate plazan emandako kontzertuan, Donostiako Jazzaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Diana Krall, orain bi urte Trinitate plazan emandako kontzertuan, Donostiako Jazzaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2024ko uztailaren 23a
06:00
Entzun

Zurriolako hondartzan jazzaren erritmoan hausten dira olatuak, iragarri nahian bezala Donostiako 59. Jazzaldia hastear dela. Itsasoko haize kirriak hainbat melodia eta doinu eramanen ditu hiri osorat, itsasertzetik hasita, baita Txillida Leku museoraino ere (Hernani, Gipuzkoa). Gaurtik iganderat, Donostiak dar-dar eginen du 76 kontzerturekin —hamabi agertokitan banatuta emanen dituzte—, eta horietatik 41 kontzertu doakoak izanen dira.  

Donostiako Jazzaldia saria William Parker (New York, AEB, 1952) kontrabaxu jotzaileari emanen diote aurten. Jaialdiaren arduradunek azaldu dutenez, haren ibilbideagatik ez ezik, belaunaldi bat baino gehiagoren erreferente izateagatik ere sarituko dute musikari estatubatuarra: «Azken hamarkadetako jazz abangoardistako kontrabaxu jolerik onena da».

Kontrabaxu jotzailea ez ezik, artista polifazetikoa, konpositorea, idazlea eta pedagogoa ere bada Parker. Izan ere, sei liburu idatzi ditu, berrogei disko kaleratu, eta 150 grabaziotan parte hartu. Puntako artistekin kolaboratu du, gainera: Cecil Taylor, Milfrod Graves, Don Cherry, Peter Brotzmann, Peter Kowald, David S. Ware... 1980ko hamarkadan egin zen ospetsu, Taylor pianistarekin jota, eta mundu osoko musika jaialdietan aritu da ordutik, hala nola Guelph Jazz jaialdi famatuan. 

(ID_17194001750465) William Parker
William Parker kontrabaxu jotzailea. DONOSTIAKO JAZZALDIA

Hiru kontzertu emango ditu Parkerrek Donostian: duoan, hirukotean eta laukotean. Eri Yamamoto pianistarekin arituko da etzi, San Telmon; Yamamotorekin eta Takeuchi bateria jotzailearekin 27an, Viktoria Eugenian; eta Rob Brown saxo altua batuko zaie 28an, Trinitate plazan. Ez da lehenbiziko aldia Yamamoto Jazzaldirat gonbidatu dutena, 2019an ere izan baitzen hartan, Easo Abesbatzak lagunduta, eta iaz emanaldi bikoitza egin zuen, hirukotean eta bakarka pianoan. Egungo pianistarik berezienetakoa eta originalenetakoa dela diote. 

Izen ezagunak

Atzerriko doinuz blaituta dago egitaraua, eta horietako batzuk aurrez izanak dira Donostiako jaialdian. Tartean dira Diana Krall —hamabortz milioi disko baino gehiago salduak ditu, eta emakumezko jazz abeslarien artean sona handiena dutenetako bat da—; Gregory Porter baritonoa, gizonezko jazz abeslari ikonikoa; eta Youn Sun Nah, ñabarduraz, tinbrez eta kolorez betetako ahots berezi baten jabea. 

John Zorn saxofoi jotzailearena da egitarauan nabarmentzen diren bertze izenetako bat. 2019an, hark jaso zuen Jazzaldia saria, eta, aurten, berriz, hari eskainitako zikloa antolatu dute. Hiru saiotako protagonista izanen da, eta sei talde arituko dira horietan. Lehen bi saioak Kursaalean izanen dira, uztailaren 26an bata eta 27an bestea. Haren azken emanaldiak jaialdia itxiko du, igandean, Trinitate plazan.

Hainbat estiloren topagune ere izanen da Donostia; izan ere, joera ugaritako punta-puntako artistak bilduko dira: bertzeak bertze, Marisa Monte abeslari brasildarra, Rufus Wainwright konpositore kanadarra eta Silvia Perez Cruz kantari katalana. Gironako konpositore eta abeslariak Toda la vida, un día emanaldia taularatuko du. Akustikotik klasikora eginen du bidaia, eta bizitzari eta heriotzari buruz hausnartzera bultzatuko du entzulea, heriotza eraldaketarako urrats gisa irudikatuta.

Kursaaleko auditoriumaz gain, Trinitate plaza izaten da jaialdiko gune nagusietako bat; lau kontzertu izanen dira aurten bertan. Zurriola hondartzako Keler guneko emanaldiak izaten dira jendetsuenak eta heterogeneoenak; gainera, denak dohainik izanen dira. Rocketik, bluesetik, popetik eta hip-hopetik hurbilago dauden taldeak arituko dira oholtza ahorretan, tartean Larkin Poe, North Mississippi Allstars eta Les Amazones d’Afrique. Euskal Herriko sortzaileak ere izanen dira eremu horretan: Izaro, Merina Gris, Shinova, El Columpio Asesino eta Chill Mafia.

Zale anitzentzat huts egin ezinezko geralekua da Viktoria Eugenia antzokia. Aurten, hamargarrenez egingo dute bertan JazzEñe atala: lau saio bikoitz izanen dira, showcase formatuan, eta aurten streaming bidez ikusteko aukera egonen da.

San Telmo museoa, berriz, pianisten gotorleku izanen da. Ohi bezala, anplifikaziorik gabeko akustika zorrotzean arituko dira bertan Julio Reszende eta Marta Sanchez, besteak beste.

Halaber, eta Eduardo Txillida eskultorearen jaiotzaren mendeurrenaren harira, bortz kontzertu antolatu dituzte Txillida Lekun: Iñaki Salvadorren ondotik —igandean aritu zen bertan—, Noa & The Hell Drinkers, Federica Michisanti Quartet, Calore Alston, eta MAC Saxophone Quartet eta Rosario Giuliani izanen dira bertan. Bazter gehiagotan ere entzunen da musika egunotan: Kursaaleko terrazetan —Frigo eta Fnac guneetan—- 23 emanaldi izanen dira, bertze bat Irungo Junkal plazatxoan, eta bertze bat Donostiako Maria Cristina hotelean.

Haurrentzako ekitaldiak ere ez dira falta izanen. Txikijazzen hamabigarren aldia izanen da aurtengoa, eta hiru gunetan eginen da: Txillida Lekun, Tabakaleran eta Kursaaleko terrazetan. Bortz kontzertu egonen dira; bertzeak bertze, Itziar Yague, Swingtronics eta Elkano Browning Cream ariko dira —saioak debalde izanen dira, Txillida Lekukoak izan ezik—. Eta aurten, nobedade gisa, haurrentzako tailerrak eginen dituzte San Martin merkatuko Fnac dendan. 

24 euskal talde

Atzerriko artista ospetsuak ezagutarazteko ez ezik, jazzaren arloko tokiko talentua nabarmentzeko ere badihardu jaialdiak. Jazzaren esparruko hamar talde edo bakarlarik parte hartuko dute: Iñar Sastre, Nacho Soto Trio, Oscar Garrido Quintet, Gregario de Luxe, Nhil, Les 4 Saxes & Co, Alex Haro's Freedom, Fran Serrano 4tet 0202, Euskal Hot Club eta Motelas.

Horrez gain, bertzelako generoetan mugitzen diren hainbat euskal talderen kontzertuez gozatzeko aukera ere egonen da: Elkano Browing Cream, Noa & The Hell Drinkers, The Fake Cousins, Itziar Yague eta R.S. Basque Faktor, FEMM & Band eta Donostiako Musika eta Dantza Eskolako Big Banda. Horiei gehitu behar zaizkie Keler gunean joko duten artistak: Izaro, Shinova, Merina Gris, Chill Mafia eta El Columpio Asesino. Azken horretako kideek 2023ko udazkenean iragarri zuten ibilbideari amaiera emanen ziotela 25 urteren ondoren, eta agur biran daude ordutik. Gainera, Jazzaldian emanen dutena ez da ohiko kontzertua izanen; izan ere, Daniel Ulezia, taldeko baxu jotzailea, martxoan hil zen.

EGITARAUA

Guztira, 76 kontzertu izanen dira Donostiako 59. Jazzaldian, hamabi agertokitan banatuta; horietatik 41 doakoak izanen dira:

Uztailak 23, asteartea:

20:00: Silvia Perez Cruz, Kursaalean.


Uztailak 24, asteazkena:

12:00: Itziar Yague, Tabakaleran.

12:30: Trinidad Jimenez + Roberto Nieva 4tet, Viktoria Eugenia antzokian.

18:30: Rufus Wainwright, Kursaalean.

19:30: Carolina Katun, Nauticoolen.

19:30: Lakecia Benjamin, Frigo gunean.

19:30: Marcin Masecki Trio, Fnac gunean.

20:45: Izaro, Keler gunean.

22:15: Eddie Henderson & Steve Davis Quintet, Frigo gunean.

22:15: BIGYUKI Band with Tomoaki Baba, Fnac gunean.

23:30: Larkin Poe, Keler gunean.


Uztailak 25, osteguna:

11:00: William Parker Duo, San Telmo museoan.

12:30: Mariola Membrives Duo + R.S. Basque Faktor, Viktoria Eugenia antzokian.

12:30: Noa & The Hell Drinkers, Txillida Lekun.

18:30: Marisa Monte, Kursaalean.

18:30: Carolina Katun, Frigo gunean.

19:30: The Fake Cousins, Nauticoolen.

20:00: Marcin Masecki Trio, Fnac gunean.

20:00: BIGYUKI Band with Tomoaki Baba, Frigo gunean.

20:00: Carole Alston + koktel afaria, Maria Cristina hotelean.

21:00: Potter / Mehldau / Patitucci / Blake + Youn Sun Nah, Trinitate plazan.

21:00: Merina Gris, Keler gunean.

22:30: Elkano Browning Cream, Frigo gunean.

23:30: Shinova, Keler gunean.

 

Uztailak 26, ostirala:

11:00: Julio Resende Fado Jazz Duo, San Telmo museoan.

12:00: Swingtronics, Tabakaleran.

12:30: David Sancho + Juan Saiz, Viktoria Eugenia antzokian.

18:30: John Zorn at Jazzaldia 1, Kursaalean.

18:30: Marcin Masecki Trio, Fnac gunean.

18:30: Musika eta Dantza Eskola Big Band, Frigo gunean.

19:30: Federica Michisanti Quartet, Txillida Lekun.

19:30: The Fake Cousins, Nauticoolen.

20:00: Iñar Sastre, Frigo gunean.

20:00: North Mississippi Allstars, Fnac gunean.

21:00: Marco Mezquida + Gregory Porter, Trinitate plazan.

21:00: Les Amazones d’Afrique, Keler gunean.

21:00: Carole Alston, Irungo Junkal plazatxoan.

22:30: Nacho Soto Trio, Frigo gunean.

22:30: Oscar Garrido Quintet, Fnac gunean.

23:30: El Columpio Asesino, Keler gunean.

 

 

Uztailak 27, larunbata:


11:00: Julio Resende Fado Jazz Solo, San Telmo museoan.

12:30: Marcelo Escrich Silent Quartet + Martin Leiton Quartet, Viktoria Eugenia antzokian.

12:30: Carole Alston, Txillida Lekun.

18:30: John Zorn at Jazzaldia 2, Kursaalean.

18:30: Femmm & Band, Frigo gunean.

19:30: The Fake Cousins, Nauticoolen.

20:00: Gregario de Luxe, Frigo gunean.

20:00: Les 4 Saxes & Co, Fnac gunean.

21:00: Scofield Holland Duo + William Parker Quartet, Trinitate plazan.

21:00: North Mississippi Allstars, Keler gunean.

22:30: Nhil, Frigo gunean.

22:30: Pere Bujosa Trio, Fnac gunean.

23:30: Chill Mafia, Keler gunean.

 

 

Uztailak 28, igandea:

 

11:00: Marta Sanchez, San Telmo museoan.

12:00: Elkano Browning Cream, Fnac gunean.

12:30: William Parker Trio, Viktoria Eugenia antzokian.

17:00: Alex Haro's Freedom, Frigo gunean.

17:30: Diana Krall, Kursaalean.

17:30: Euskal Hot Klub, Fnac gunean.

19:30: The Fake Cousins, Nauticoolen.

 19:30: Fran Serrano Quartet 0202, Frigo gunean.  

19:30: MAC Saxophone Quartet - Rosario Giuliani, Txillida Lekun.
20:00: John Zorn at Jazzaldia 3, Trinitate plazan. 

20:00: Motelas, Fnac gunean.

21:30: Pere Bujosa Trio, Frigo gunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.