Kamiseta zuri estuak soinean, elurretarako betaurrekoak jarrita eta eskaladarako soka moduko batzuk gerrian lotuta, eszenario zuri eta lainotsuan tentuz egiten du aurrera lau dantzarietako batek. Haren mugimendu bakoitzari begira daude beste hirurak, baina begiradarena ez da keinu dramatiko bat, inprobisazioak rol garrantzitsua baitu Basazuria emanaldiaren garapenean, eta, beraz, ezinbesteko dute elkarren lanarekiko arreta hori. Esploratzaileak dira euren pieza propioan. Lehen dantzariak zer egingo, huraxe ispilatu behar dute besteek, eta, entseguan egonik ere, adi egotera behartzen ditu horrek. Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolako laugarren mailako ikasleak dira Sasha Arratibel, Maddi Eraso, Nerea Gonzalez, Garazi Labaka eta Carolina Prieto dantzariak, eta ordubete inguruko dantza emanaldia osatu dute La Intrusa konpainiako Virginia Garciak eta Damian Muñozek gidaturik. Gaur goizean hedabideen aurrean egindako entsegu laburraren ostean, arratsaldean (20:00) izango dute estreinaldia Barakaldoko antzokian (Bizkaia), eta bihar izango dute bigarren saioa, ordu berean. Beti berdin, eta, halere, aldiro berri.
Sinopsiak biltzen duenez, «konformismoaren eta kuraiaren arteko inflexio puntuaz» hausnartzen du emanaldiak, «krisi espiritual nabarmeneko garaian», eta horregatik jo dute esploratzaileen iruditeriara. «Oso denbora tarte txikia izan dugu lanerako», azaldu du Muñozek, «eta oso era intentsuan aritu behar izan dugu. Horregatik, oso dramaturgia soilaren bila joan gara. Zeharkaldi bat irudikatu genuen, eta horrek aukera eman digu hainbat paisaia gurutzatzeko eta norbere mugak gainditzeari buruzko kontakizun bat osatzeko. Hainbat traba izango dituzte bide horretan, eta, oinarri-oinarrizko planteamendu bat izanik ere, horrek asko jolasteko aukera eman digu».
«Zeharkaldi bat irudikatu dugu, eta horrek aukera eman digu hainbat paisaia gurutzatzeko eta norbere mugak gainditzeari buruzko kontakizun bat osatzeko»
DAMIAN MUÑOZLa Intrusa konpainiako kidea
Garciak eta Muñozek 1996an sortu zuten La Intrusa, eta proiektu eszenikoak eta ikus-entzunezkoak sortzen, zuzentzen eta ekoizten aritu dira geroztik. 2015ean, Espainiako Gobernuak banatzen duen Dantza Saria eskuratu zuten lan horregatik, eta Dantzertiko ikasleekin egindako lanean aplikatu dute orain jakintza metatu hori guztia. Eta dantzariekin batera egindako inprobisazio saioen bidez osatu dute Basazuria saiorako koreografia. Azaldu dutenez, ikasle eta irakasleen arteko muga lausotzen saiatu dira horretarako.
«Erronka handia izan da», aitortu du Muñozek. Urtarrilean astebeteko saio intentsiboak izan zituen konpainiak dantzariekin, eta Harrobia gunean ere egonaldi bat egin dute gero, emanaldia lantzeko. Erloju kontra aritu behar izan dutela onartuta ere, Muñoz pozik azaldu da emaitzarekin. «Ez da pieza bat sortzea soilik: mugitzeko modu bat eta dantza ulertzeko modu bat transmititzea da kontua, eta prozesu luzea behar izaten du horrek. Asimilatzeko denbora asko behar izaten du dantzak. Emanaldia sortu ahal izateko lengoaia sortu behar da. Eta horrek denbora behar du».
«Nahiz eta momentu bakoitzean zer egin behar dugun oso argi izan, hau inprobisazioa da, eta oso presente egotera behartzen zaitu horrek»
SASHA ARRATIBELDantzaria
Dantza emanaldi bat izanik ere, dantzariek hainbat esaldi tartekatzen dituzte emanaldian. «Era naturalean sortu da hori», azaldu du Garciak. «Eszenak behar zuelako sortu dira testu horiek. Dantzariek bizi duten momentuarekin lotutako esaldiak dira, eta lagungarri dira eszena horretan lortu nahi dena komunikatzeko».
Inprobisazioa
Dantzertin antzerkia ere landu duten arren, dantza espezializazioan trebatu dira Sasha Arratibel Agirre eta Garazi Labaka Alduntzin dantzari donostiarrak. «Balleta eta dantza garaikidea dira prestakuntzaren ardatz nagusiak», azaldu du Arratibelek, «baina Basazuria gehiago hurbiltzen da dantza garaikidera. Lau urteotan ikasi ditugun gauza asko ari gara lantzen, baina La Intrusa konpainiakoekin ikasi duguna eskoletan ikasi dugunaz bestelakoa da». Arratibel pozik dago egindako bidearekin, eta konpainiarekin lan egitea esperientzia aberasgarria izan dela esan du. «Nahiz eta momentu bakoitzean zer egin behar dugun oso argi izan, hau inprobisazioa da, eta oso presente egotera behartzen zaitu horrek».
«Dantzertin bertan ikasi dut dantza garaikidea, eta egin ditugu emanaldiak ikaskideen aurrean, baina Barakaldo antzokian aritzea, konpainia batekin, desberdina da»
GARAZI LABAKADantzaria
Labakak azaldu duenez, Donostiako Kresala dantza taldean ibilitakoa da, eta, antzokietan maiz aritu izan den arren, onartu du Dantzertin prestakuntzan egindako lau urteetan maiz atera behar izan duela eroso zaizkion guneetatik, eta Basazuria izango duela jendaurreko lehen dantza garaikideko emanaldia. «Dantzertin bertan ikasi dut dantza garaikidea, eta egin ditugu emanaldiak ikaskideen aurrean, baina Barakaldo antzokian aritzea, konpainia batekin, desberdina da».
Muñozek eta Jesus Diazek sortu dute saiorako soinu espazioa. Muñozen eta Diazen artean sortu dute antzezpen espazioa eta argiztapena, eta David Harorenak dira argazkiak. Horrez gainera, proiektuaren parte izan dira Dantzertiko irakasleak ere. Nahia Chamorro aritu da tailerreko irakasle lanetan, Xabino Alkortak egin du kudeaketa teknikoa, Martin Barandiaran izan da antzezpen espazioa eta argiztapen diseinua landu dituen irakaslea, Ainhoa Areitio izan da jantzigintzako arduraduna, eta Lucia Lasartek egin ditu ekoizle lanak.
Barakaldoko egunotako bi emanaldien ondoren, Gasteizen ere izango dira, bai eta Errenterian ere (Gipuzkoa), martxoaren 30ean, Niessen aretoan.