(H)ilbeltza

Zuria belztera heldu da

Astelehenetik igandera eginen dute (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea, Baztanen. Ohiko formatuan eginen dute; aurten, mugarik gabe

(H)ilbeltzaren aurkezpena atzo, iruñeko Karrikiri elkartean. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko urtarrilaren 20a
16:30
Entzun

Aurki esaten ahalko da: hatxerik gabea eta hatxeduna elkarrekin dira berriz. «Ilbeltza hemen da, (h)ilbeltza ere bai. Negua heldu da horiekin, eta Baztango lagunak elur zuria belztera gatozkizue». Zurian beltz, eta argiaren eta itzalaren arteko jolasa ahotan egin du iragarpena (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astearen antolatzaileetako batek, Ernesto Pratek. Ezin azalpenak gehiago atzeratu, parez pare baita aurtengo zikloa: astelehenetik igandera eginen dute, hilaren 23tik 29ra, Baztanen (Nafarroa).

Antolatzaileek herenegun plazaratu zituzten hastear den aldiaren xehetasunak, Iruñeko Karrikiri elkartean. Egitaraua aletu zuten, eta bistan gelditu zen aurtengoak zer itxura izanen duen: formatua izurritearen aurrekoen gisakoa da. Egonen dira solasaldiak, izanen dira liburu aurkezpenak, baina baita kontzertuak, bazkariak eta ibilaldi jostalariak ere. Are, iaz faltatu zen bat ere berreskuratuko da aurten: Susmagarrien gaua. 2015ean (H)ilbeltza abian jarri zenetik, ekintza hori da zikloaren egitarauko jarduerarik handienetako bat.

Eneko Barberena idazlearen Suak erreko ez balu (Txalaparta, 2023) liburuaren aurkezpenak zabalduko du egitaraua, astelehen iluntzean. Barberenak (H)ilbeltzaren V. beka irabazita argitaratu du liburu hori. Arizkungo Medikuaren Etxean aurkeztuko dute, 19:30ean.

Asteazkenean, Joseba Sarrionandiak Odol bearbaguea, agirtuco da eguia eurea hitzaldia emanen du 19:00etan, Anizko Mendiarte elkartean.

«Euskal zinema beltza?»

Ohi bezala, ostirala zinemari eskainitako eguna izanen da (H)ilbeltzan. Kareletik filma emanen dute Iruritako Gizarte Bilgunean, 19:00etan. Film hori 1987an kaleratu zen, eta gidoia Anjel Lertxundik idatzia da. «Azken urteotan, joera izan dugu kanpoko filmak ekartzeko, estatubatuarrak bereziki. Aurten, euskal zinemari egin nahi diogu txokoa», zehaztu du Pratek, eta, gainera, nabarmendu du galdera bat planteatu nahi dutela film horrekin: «Badago euskarazko film beltzik?».

Ohi bezala, egitaraua asteburuan izanen da beteen. Herritarrek jardueraz lepo izanen dituzte agendak, nahi izatera. Larunbatean, literatur itzulpenei buruzko mahai ingurua eginen dute Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, 11:00etan. Zurian beltz jarri diote izenburu, eta Garazi Arrula eta Garazi Ugalde itzultzaileek parte hartuko dute. Amaia Apalauza itzultzailea arituko da moderatzaile lanetan.

Iaz ez bezala, aurten bazkaria ere antolatu dute larunbaterako. Erratzuko elkartean eginen dute, 14:00etan. Hain zuzen ere, horren ondotik eta elkarte berean, hiru libururen aurkezpenak eginen dituzte: Jon Alonsoren Amaiur bat urtero (Gaztelu elkartea eta (H)ilbeltza, 2022); Mikel Alvarezen Euskalia (Elkar, 2022); eta Todo modo (Erein eta Igela, 2022), Gaizka Ugaldek itzulia. Iluntzean eginen dute Susmagarrien gaua, Erratzun barna.

Igandean, ibilaldi batek abiatuko du eguna, eta kontzertu batek itxi. Goizean Itzuli beltza eginen dute, 11:00etan Oronozko aparkalekutik abiatuta. 19:00etan, Ruper Ordorikak kontzertua emanen du Arizkunenea kultur etxean, Elizondon.

Aurten ere Bira Produkzioak ekoiztetxeak ondu du (H)ilbeltza iragartzeko ikus-entzunezko edukia. Oraingoan, hiru bideo pilula sortu dituzte, Barrexerka kolektiboarekin batera. Ohartarazpen bat dakarte bideoek: «Beltza Baztanen argitzen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.