Artista bere estudioan (V). Jose Ramon Anda

Zuraren kexua

Egur usaina da nagusi Jose Ramon Anda eskultorearen estudioan. Bestelako materialak ere lantzen ditu, baina hori du bere-berea. Zurgina zuen aita, eta sustraietan darama. Zuraren eta haren diseinuen arteko buruz buruko borroka bat da berea. Zaharra eta gaur-gaurkoa.

LANDER FDZ. ARROIABE / ARP.
Inigo Astiz
Bakaiku
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Materiala eta ideia. Zaharra da gatazka, baina egunero berritzen da Jose Ramon Andaren estudioan (Bakaiku, Nafarroa, 1949). Entzun egin litezke han bihurritzen ari den zuraren garrasiak; haren aurkako erasoak, eta haren erresistentzia gogoak. Mendian aurkitutako enbortzar biluziak, zur usaina, txirbilak, zizelak eta mailuak. Badu zerbait arkaikotik Andaren tailerrak, eta modernotik ere bai.Erdiz da sakonekoa, eta erdiz egungoa haren sorkuntzan. Eskuz egiten du lan beti, eta ezinbestekoa zaio teknika materialari bere diseinuak inposatzeko. Haren aurkako buruz buruzko borroka bat da berea, eta garaipenaren eta porrotaren artekoa da beti emaitza; egin nahi zukeenaren eta egitea lortu duenaren artekoa. Mendeetako errepikapenak leundutako zurgin mugimendu zehatzak, ehunka urteko zurei abstrakzioa ezarri nahian. Sakonean, ordea, ez dago kontraesanik: «Betiko material klasikoekin ere izan zaitezke artista garaikidea. Ikuspuntua da garrantzitsua».

Zurgina zuen aita, eta etxetik datorkio ofizioa Andari. Etxean ikasitakoa eskultura garaikidera eramaten asmatu zuen berak. Beti izan zuen familiaren laguntza, eta Carmen Otermin emaztearena ere bai gerora. Madrilen egin zituen arte ikasketak, frankismopean, eta inoiz ez die uko egin bere sustraiei. Etxea ere baduen tailerra da horren froga. Maketa mordoa du hormetako apalategietan, eta kobrezko eta aluminiozko pieza bukatuak ere bai han-hemenka, baina zura da nagusi. Zura eta egurra ororen gainetik. Lasai mintzo da bere ibilbideaz, bere gustuez, bere asmoez; lasai, bere borrokaz. Hala egiten du lan ere, lasai. Patxadaz. Ezin bestela aritu. «Lau urte pasa dira, adibidez, orain bukatzen ari naizen haritz enbor bat lantzen hasi nintzenetik. Katalogoetan beti jartzen dut pieza lantzen hasi nintzen urtea eta bukatutzat eman nuenekoa. Mugitu egiten da zura, eta utzi egin behar zaio. Bere denbora behar du».

Behartu egiten du materiala Andak. Mugara eramaten du. Bortxatu, kasik. Baina errespetua da harreman horren oinarria. Madrilen unibertsitatean zegoen garaiko anekdota batekin azaldu du materialari dion begirunea. «Ikasgelan geunden, eta han hasi zen ikaskide bat marmolezko pieza batean sutsu lanean. Aurrez batere planik egin gabe eraso zion blokeari. Irakasleak zera esan zion: 'Zuk nahi duzuna egin, baina pentsatu al duzu naturak milaka milioi urte behar izan dituela pieza hori sortzeko? Nik uste dut eman beharko zeniokeela buelta pare bat nik aipatu dizudan horri harriarekin lanean hasi aurretik'. Orduz geroztik, ikaragarrizko errespetua diot materialari. Zuhaitz batek ez ditu milaka urte behar zuhaitz sendo bilakatzeko, baina bai ehunka. Ezin zara piezarekin jenialtasun horrekin aritu, arinkeriaz. Irakasle haren oharrak eragin handia izan du nigan».

Errespetua da harremanaren oinarria, baina horrek ez du esan nahi Andaren eta zuraren artekoa erlazio baketsua denik. Grapak, burdinazko tutuak, iltzeak... Ikusiaz bakarrik, entzun egiten da zuraren kexua tailerrean. Maitasuna eta gorrotoa. Biak sentitzen ditu Andak haren aldera, eta sutu egiten da batzuetan, hari buruz mintzo denean. «Material bizia da, bai, baina aski hobea litzateke hilda balego! Problematikoa da zuraren bizitasuna. Mugimenduan da, zartatu egiten da... Lan espresiboagoak egiten dituzten eskultoreei, akaso, ez zaie askorik axolako, baina niri bai. Nik kontrolatu egin nahi dut materiala». Hori da haren guda. Horregatik gorroto du zura, zaila delako; baina maite du, sustraietan duelako.

Pieza amaitzean, ordea, kito da borroka; desagertu egiten dira Andaren eta zuraren artean izandako gorabeheren aztarnak: akabo grapak, zurezko takoak eta metalezko tutuak. Haien arrastorik ere ez du utzi nahi izaten artistak bukatuta dauden lanetan. Ez zaizkio interesatzen. Oinarrizko forman nahi ditu eskulturak; leun eta eder. Margotu egiten ditu horregatik pieza gehienak. Ezkutatu, materialarekin izan duen norgehiagokaren arrastoak. «Eskultura egiteko egin behar izan dugun lana estalita gelditzen da. Baina horrela eskulturaren ideia askoz ere indartsuagoa ageri da, argiago. Grapa eta tutu horiek ez dute inolako interesik nire eskulturarentzat». Hori da, izan ere, bere langintza Andarentzat: «Esentziara heltzeko egiten den kentze ariketa».

Zuhaitzekiko miresmena

Klase guztietako zuhaitzak ditu tailerraren inguruko lorategian. Bere zenbait pieza ere bai sakabanatuta, eta zur biltegi bat estudioaren ondoan. Argia da banaketa han, ezker eta eskuinekoa. Zur ona du ezkerrean, erositakoa, eta egurra eskuinean, bildutakoa. Garrantzitsua da banaketa, material oso ezberdinak baitira bata eta bestea. Erraz lantzen da zura, erlatiboki, eta kostata egurra, objektiboki. «Zurarekin edozer egin daiteke: altzariak, eskulturak, ateak... Egurrarekin ez. Sutarako baino ez du balio. Baina gertatzen da mendian eroritako zuhaitz ederrak ere badaudela, pieza ezin ederragoak. Halako bati behar duen denbora guztia eskaintzen diot, merezi duelako. Tako txiki bat balitz, zuzenean joango litzateke sutara, noski. Baina halako enbortzarra ikusita, landu egin behar. Materialari diodan errespetutik datorkit jarrera hori».

Miresmena aipatu du Andak. Hori sentitzen du, adibidez, lantzen ari den bi metrotik gorako diametroko haritz enbor handi bat heltzen zaionean. Hustu egin du barrutik koskaz koska enborra, eta eskultura bat sortu du harekin. Erdiz zuhaitzaren berezko forma errespetatuz, eta erdiz hura behartuz. Ideia eta materiala gatazkan, berriz ere. Maketekin aritzen da lanean materialarekin hasi baino lehen, eta baita materialarekin ari den bitartean ere. «Ni ezin naiz egur honekin lanean hasi aurrez plangintza bat prestatu gabe. Ezinezkoa da». Baina ezin da hasierako plangintza horrekin itsutu ere. «Aritu ahala ikusten dut zer erresistentzia egiten didan enborrak, eta hartara moldatzen naiz». Urratsez urrats ditu antolatuta piezari dagozkion maketak apalategian, eta hasierako ideiaren eta enborraren arteko gatazkaren urratsez urratseko kronika bat osatzen dute.

Artelanak ukitu egin behar direla dio Andak, berak ukitu egiten dituela. Derrigor. «Laztandu egin behar dira eskulturak. Sentitu egin behar dira. Oso ezberdina da zurak edo kobreak sortzen duten sentsazioa, adibidez. Tenperatura ezberdinak dituzte. Museoetan hamaika errieta entzun ditut nik zaintzaileen ahotik. Gazteago nintzenean, hor aritzen nintzen denak ukitzen, baina adinarekin eztabaidarako gero eta gogo gutxiago dut, eta orain ez dut hainbestetan egiten; gogo handia dudanean, akaso, inor begira ez badago». Bere eskulturak ukitzeko daudela esaten du, eta bere erakusketetan errietarik ez egiteko eskatzen die zaintzaileei. «Garrantzitsua da niretzat. Eskultura bat ere hala izendatu nuen: Ikutzeko».

Francoren bustoa

«Halako enbor bat ikustean, hunkitu egiten naiz. Niri hori gertatzen zait, baina ez zaie denei gertatzen». Inoiz egin duen mahairik handiena jarri du adibidetzat. Intxaurrondozko taula erraldoi bat du gainaldean. Leuna eta landua; ederra. «Irantzu monasterioan zegoen zuhaitza, Lizarra ondoan», zehaztu du. «Erdi erorian zegoen eraikina, eta haren ondoan zuhaitza. Monasterioa zaharberritzera joan ziren langileek, ordea, garabia non jarriko zuten erabakita zeukaten, eta, garabia jartzeko enbarazu egiten zienez, bota egin zuten zuhaitza. Mugi zezaketen garabia, baina ez. Euskal Herrian ez zegoen halako intxaurrondorik, eta, hala ere, bota egin zuten». Sutu egiten da Anda halakoekin; ez du ulertzen jarrera hori. «Errespetu handia nion intxaurrondo hari, eta hamaika buelta eman nizkion mahaiari eman nahi nion diseinuari, errespetu hutsez». Berak egindako altzari maiteenetariko bat da orain.

Enkarguz aritzen da maiz. Eskulturatik gertu diren altzariak egiten ditu halakoetan, gehienetan, baina era guztietako eskariak egiten dizkio jendeak, eta kostata esaten omen du ezetz. Beti ezin baietz esan, ordea, eta Madrilen ikasten ari zeneko anekdota bat aipatu du frogatzat. «Francoren busto bat egiteko enkargua egin zidaten. Unibertsitatean gertatu zen. Bazegoen irakasle bat oso jatorra zena, eta oso umoretsua. Lagun mina nuen, eta haren emaztearen bustoa egina nuen lehenago. Francorena egiteko esan zidanean, nik txantxetan ari zela uste nuen, baina ez: serio ari zitzaidan. Ezin nuen sinetsi. Traumatikoa izan zen. Niretzat, frankismoa gauza gris, itsusi eta umore gabea zen ordura arte, eta ezin nuen sinetsi irakasle horrek halakorik eska ziezadakeenik. Baina egin zuen. Ezetz esan nion, eta onartu behar izan nuen, azkenean: oso gizon jatorra zen, umoretsua eta, hala ere, frankista».

Etxetik datorkio ikasgaia, eta unibertsitatean indartu egin zitzaion joera: teknika da guztiaren funtsa Andarentzat. «Artista garaikide askok gutxietsi egiten dute teknikaren garrantzia, baina oso garrantzitsua da niretzat. Nik egin nahi ditudan gauzak egiteko, behar-beharrezkoa da. Beste guztiaren gainetik ideiak jartzen dituzte artista askok. Niri teknikarekin obsesionatuta egotea aurpegiratu izan didate behin baino gehiagotan. Halakorik ez da gertatzen beste profesioetan. Musikan, adibidez, inork ez du gutxiesten teknika. Artean, maiz gutxietsi egiten dute. Arteari buruzko beste ikuspegi bat da hori, baina nik neuk behar-beharrezkoa dut teknika».

Frustrazio etengabea

Frustrazioaz ere mintzo da Anda estudioan, maketa, pieza erdi bukatu eta amaitutako piezen artean. Teknikak ere ezin baitu dena garaitu. «Sekula ez naiz guztiz aseta gelditzen», dio, «eta urteekin gero eta astunagoa egiten ari zait hori. Oso autokritikoa naiz, eta frustrazio egoera batean murgiltzen nau horrek lanean. Gero eta mirespen handiagoa sentitzen dut beren lanarekin pozik dauden lankideenganako. Gazte ginenean, sutan jartzen ninduen autoatsegintasun horrek, baina orain ez. Pozik bizi dira, eta, azkenean, hori da garrantzitsuena. Bizitza eta arima lanean jarri, eta egiten duzunarekin pozik ez gelditzea amorragarria da oso. Eta nire kasuan pieza guztiek dute hutsen bat. Beti pentsatzen dut hurrengo lana izango dela benetan ona. Hogei urte daramat, ordea, hurrengo lan hori egiten, eta ez da inoiz heltzen».

Lanera itzuli da gero. Buruan duen ideiaren eta materialaren erresistentziaren arteko betiko gudara. Bere hurrengo piezan aseko duen lan hori aurkituko duen esperantzan. Hurrengo lana benetan ona izango dela sinetsi nahirik. Alferrik, ziur aski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.