Zuraren fisikotasuna

Remigio Mendiburu artistak 70eko eta 80eko hamarkadetan sortutako 40 bat pieza erakutsiko dituzte Oteiza museoanAurrez inoiz erakutsi gabekoak dira bildumako hainbat eskultura eta margolan

Remigio Mendiburu artistaren Iturria eskultura lana da Oteiza museoan ikus daitekeenetariko bat. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Altzuza
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Badu zerbait fisikoa Remigio Mendibururen sorkuntzak (Hondarribia, 1931-Bartzelona, 1990). Nork bere gorputzarekin neurtu eta kontrastatu beharreko zerbait. Zura da nagusi. Elkarren aurka itsatsi eta bihurritzen diren egur puska biluziak. Baina, halere, badute gorpuztasun bat. Pilaketa bidez eraikitzen zituen bere piezak Mendiburuk, eta XX. hamarkadako eskultura modernoaren berrikuntzaren protagonistetariko bat izan zen; Gaur artista taldeko kide, eta Ez dok Amairu mugimenduaren bultzatzaile. Barrutik kanporantz hasita egiten zuen lan; pieza bati beste pieza bat gehitu, eta hari beste bat, eta hari beste bat... maiz, metatze ariketa hori non amaituko zuen jakin gabe. 70eko eta 80eko hamarkadetan sortutako 40 bat lan biltzen dituen erakusketa osatu dute Altzuzan (Nafarroa) Oteiza museoko arduradunek. Inoiz erakutsi gabeak dira horietariko batzuk. Formaren eraikuntza izendatu dute eta urriaren 7ra arte dago zabalik.

Gogoz egiten zuen lan Mendiburuk, eta baita patxadaz ere, Juan Pablo Huercanos museoko zuzendari orde eta erakusketaren komisarioaren hitzetan. Artistaren eskuak zahartzen ikusi zituen, adibidez, bisitaria aurrez aurre hartzen duen Argi hiru zubi izeneko pieza ikusgarriak. Zurezko pieza bakoitzari beste zurezko pieza bat gehituta, bederatzi urte pasa ziren lana hasi zuenetik amaitutzat eman zuenera arte. Artistaren alderdi hori da hain zuzen ere erakusketaren ardatza: bere sorkuntzaren logika konstruktiboa. Huercanosek dioenez, hori izan zen 70eko hamarkadatik aurrerako bere lanaren ildo nagusietako bat, eta baita bere marka propioa ere: «Hori izan da Mendiburuk XX. hamarkadako azken hiru hamarkadetako arteari egindako ekarpen nagusia».

Bizitako garaiarekin bat zihoan Mendibururen sorkuntza, Huercanosek dioenez. XX. mende amaieran eskulturan izandako idulkiari buruzko eztabaida aipatzen du adibidetzat. «Eskulturak osotasun bat baduela eta eraiki egiten den zerbait dela aldarrikatzen zuten orduko artistek. Ez zelabeste zerbaiten gainean kokatu beharreko zerbait». Hori zen giroa, eta bere egin zuen kezka hura hondarribiarrak. Lurretik hasita eraikita daude horregatik erakusketako piezetariko asko, eta eskulturen parte dira haien euskarriak ere beste batzuetan. Hori da, esaterako, Txoria izeneko lanaren kasua. Erdiz koadro, erdiz eskultura, baina ez koadro eta ezta eskultura ere. «Erabat gainditzen du Mendibururen lanak eskultura objektuaren ideia».

Haragiaren deia

Latz batzuetan, leun besteetan, handia da Mendibururen zurezko piezen tentazioa. Haragia eskatzen du zurak. Gregorio Diez Ereño Oteiza Museoko zuzendariak ere onartzen du tentaldia. Ardura postutik baino gehiago, arte zaletasunetik mintzo da une batez. «Ukimenarekin estuki lotutako erakusketa da hau. Plazera ez dago soilik begietan, hatz puntetan ere badago». Une bat baino ez da izan. Berehala, museoko zuzendaria da berriz ere Diez Ereñoren ahotsean mintzo dena. «Noski, piezak ezin dira ukitu», zehazten du, eta artistarekiko laudorioa dator gero. Bakana da haren obra: «Zuraren lanketa galtzen ari da eskulturgintzan».

Tentsioa sumatzen zaie eskulturetariko batzuei. Txatalak eta txatalak, denak elkar heldu eta osatzen. Bistakoak dira arrakalak zurean, eta piezek gainezka egingo dutela dirudi zenbaitetan. Barrurantz bilduko direla ematen du batzuetan, eta kanporantz joko dutela besteetan. Izan ere, konstante bat da materialen metaketa erakusketan, baina badaude bariazioak. Egur hutsez eraikitakoak dira batzuk, sokek lotzen dituzte beste batzuek, eta badira zementua eta zura ezkontzen dituzten beste batzuk ere. Erakusketako bigarren aretoan daude azken horiek. «Jostura» da Huercanosek erabiltzen duen hitza. «Bi material horien arteko harremanak osatzen du lana, eta badirudi material batek dituen hutsuneak betetzeko dagoela hor beste materiala».

Badaude kobrezko bi lan Altzuzan ikusgai jarri duten bilduman, baina nagusiki material nobleetatik urrun aritu zen Mendiburu lanean. Bazterrekoak ziren maite zituenak. 1974an emandako elkarrizketa batekoak dira haren hitzak: «Hemen kokatu behar dut nire obra, egunero, funtsean inork nahi ez dituen materialak erabiliz, hasiera batean habe zaharrez edo enbor zahar ahantziz, hiribide bat egiteko erauzitako zuhaitzen azken zuztarrak oraindik erre ez dituzten zabortegietara joz. Material oparituak, lagatakoak edo aurkituak dira sarri, horrelaxe jaiotzen da nire eskultura existentzialki».

Erakusketan dagoen dena ez da eskultura, ordea, eta Mendiburuk lanerako erabilitako hainbat marrazki eta margolan ere bildu dituzte Oteiza museoko arduradunek. Gutxitan izan dira ikusgai. Sorkuntza prozesuaren nondik norakoen berri ematen dute haietariko batzuek, eta amaitutako obrak dira beste batzuk. Erakusketako azken aretoan eskultoreari buruzko bi bideo ere ikusi ditzake bisitariak, eta baita kartelgintza lan batzuk ere. Horiez gainera, artistari eta erakusketari buruzko 80 bat orriko liburuxka bat ere argitaratu dute, Huercanosen testu batekin.

1936ko gerraren markak

Esperientzia pertsonalean sustraiturik daude Mendibururen zurezko piezak, komisarioaren hitzetan. Artistaren biografia hartzen du abiapuntutzat haren lanaren funtsa azaltzeko. Dioenez, nabarmenak dira 1936ko gerraren markak. Bost urte baino ez zituen artistak, baina familia errepublika zalea izanik, Frantziara egin behar izan zuen ihes. Lau urte eman zituen han. Kontzentrazio esparruetan denbora batez. Baina zahartu zenean baino ez zituen aipatu ordukoak. 1984koak dira hitzak: «Gauzak adierazteko eta gerran eta erbestealdian bizi izandakoa nolabait kontatzeko behar premiazkotik sortzen da nire eskultura».

Ez da kontsolamenduzko artea Mendibururena. «Egia bilatzeko modu bat da. Mundua ulertzeko modu bat», dio Huercanosek. Eta artistaren hitzak hartzen ditu gero, haren arteari buruzko ikuspegia azaltzeko. Makinaz idatzitako ohar batetan irakurritakoak: «Kontzentrazio esparruan, marrazten zuen mutil bat ezagutu nuen, eta konturatu nintzen hark egiten zuen hartan bazela errealitatean ez zegoen salbazio moduko bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.