Zur beraren askotariko ezpalak

Toti Martinez de Lezeak industria editorialean girotu du intrigazko bere lan berria: 'Egurra S.A.'

Toti Martinez de Lezea idazlea, atzo, Donostiako Parte Zaharrean, Egurra S.A. nobela berria aurkeztu aurretik. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Zuhaitzetik zura, zuretik papera, paperetik liburua. Aitona-amonak, gurasoak, bilobak. Kate biak gurutzatzen ditu Toti Martinez de Lezearen (Gasteiz, 1949) eleberri berriak: Egurra S.A. Egurra da argitaletxearen izena, eta Egurra familiaren abizena. Abizenetako bat bai, bederen. «Erronkak gustatzen zaizkit, asko», aipatu du idazleak, eta parte den argitaletxeen munduaz aritzea bihurtu du erronka liburu honetan. «Argitaletxekoei bidali nizkien lehen 50 bat orriak ohartaraziz: 'Zuen negozioaz idatzi dut, ea'». Eta editoreak erantzun: «Segi». Hala joan da ontzen aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz —La editorial izenpean— argitaratu duen lan berria; euskarazkoa, Miren Arratibelek itzulita.

Aipatuez gainera, hirugarren kate bat jarri du eleberriaren muinean Martinez de Lezeak: liburuarena. Idazlearengandik irakurlearenganaino luzatzen dena. Kate hori mugiarazten duten langileak izan ditu gogoan: editoreak, maketatzaileak, zuzentzaileak, banatzaileak, liburu saltzaileak... «Mundu oso bat mugitzen da hor, eta horri esker ateratzen da liburua. Gertatzen dena da», tonua gaiztotuz esan du, «negozio guztietan bezala, batzuk besteak baino aztiagoak direla hemen ere. Enpresa guztietan dago jendea ondokoak zapaltzeko prest dagoena, gorago heltzeko». Liburuaren sektorean hori gertutik ezagutu duela adierazi du idazleak, eta hori kontatzeko gogoa izan duela lan berrian.

Familia negozioen bueltan sumatzen duen dinamika ohiko bat ere ekarri du nobelara: «Aitonak negozioa muntatzen du, seme-alabek mantentzen dute, eta bilobek pikutara bidaltzen dute. Gero beti dago dena beretzat hartu nahi duen lehengusuren bat ere». Hor egosiko dira, beraz, norgehiagokak, inbidiak, familia barruko sekretuak, azpijokoak, eta baita hildakoak ere. «Bat baino gehiago».

Gervasio Egurra eta Nieves Otaduiren ondorengoei egokituko zaie hori guztia kudeatzea. Egurra eta Otadui izan ziren herritik atera, Bilbora lekualdatu eta argitaletxea martxan jarri zutenak. Garai bateko negozio txikia, ordea, puntako editorial bihurtuko da, eta liburuarekin edo literaturarekin zerikusi gutxi duten jardunak nahasiko dira ofizioan. Egurra hil zen, eta Otadui izango da elkarrekin hasitako bideak izango dituen gorabeheren lekuko. Badago hari lotutako beste hari bat ere kontakizunean,pertsonaia ezaugarrituko duena: izan zuen lehen haurra jaio bezain pronto kendu zioten, eta haren patuaren gaineko galderak daramatza arrastan.

«Aktore bat bere munduan»

Ohi duenez, Ereinekin argitaratu du lan berria Martinez de Lezeak, eta, bertako editore Inazio Mujikak esan duenez, «nobela ezberdin bat» osatu du lan honekin idazleak. «Zaila dena hainbesteren ondoren». Intriga, sexua, 36ko gerra, enpresa mundua, ustelkeria politikoa eta beste zerrendatu ditu Mujikak nobelako elementuen artean, eta guztien gainetik bat azpimarratu du: «Garaikidetasuna». Editore den aldetik, eleberriak deskribatzen duen errealitatea «urrunagoa» zaiola esan du. «Berak ondo ezagutzen du. Aktore bat da bera ere mundu horretan».

Inor seinalatzeko asmorik ez duela izan argitu du egileak. Jarduteko modu batzuk erakusten saiatu dela. Martinez de Lezea: «Badaude liburu onen aldeko bokazioa duten editoreak, eta badaude hori bost axola zaienak, saldu besterik nahi ez dutenak. Eta berdin idazleen artean ere. Ez diot inori ezer aurpegiratuko; bakoitzak atera behar du aurrera berea. Baina bereiz ditzagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.