«Askotan esan dut ezin dugula ulertu Usurbil Zumetarik gabe, eta seguru, alderantziz ere, ezingo litzatekeela ulertu Zumeta Usurbilik gabe». Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo (Gipuzkoa) alkatearen ustetan, «binomio banaezin bat» sortzen dute artistak eta herriak —«sinbiosi sakon bat»—, eta erlazio hori ekarri nahi du arretagunera orain Zumetaren Usurbil erakusketak. Artistak herrian duen mural ezagunaren 50. urtemugaren karietara prestatu dute, eta apirilaren 28ra bisitatu ahalko da, Usurbilgo Sutegi aretoan.
Usoa Zumeta artista eta Jose Luis Zumetaren (Usurbil, Gipuzkoa, 1939-Donostia, 2020) alaba ere badenak kontatu duenez, aita zendu zenean ekin zion haren obraren artxiboa osatzeari, eta hasieratik izan zuen buruan muralaren urtemugarekin erakusketa bat atontzea. Abiapuntuan, muralaren inguruko lanak eta Usurbilekin lotutakoak, denak proposamen bakarrean biltzea zen ideia, baina, aurrera egin ahala, muralaren sormen prozesuaren ingurukoak «dimentsio handia» hartu zuen, eta Usurbili erreferentzia egiten dioten Zumetaren bestelako piezak aparte lantzea erabaki zuten azkenean. Horiek dira, orain, erakusketa berrian bildu dituztenak eta, guztiak herriaren ardatzak lotzen dituen arren, edukia «askotarikoa» dela nabarmendu du Usoa Zumetak.
Bada nabarmentzen den alderdi bat, ordea: Zumetaren obra figuratiboa jasotzen du gehienbat erakusketak. Hala azaldu du alor hark artistaren ibilbidean izan zuen tokia Zumetak: «Figuraziotik hasi zen, gero eduki zuen ia hogei urteko epe bat abstrakzioan mugitu zena, figurazio minimoa ere erabat baztertzeko ahaleginean, gainera; eta, ondoren, 1978an egin zuen aldaketa izugarri bat, figurazio errealistara. Beti jarri da gehiago jomugan haren abstrakzioa, baina lan hauek aukera bat ematen digute figurazioan egin zuen ibilbidea lantzeko».
Zumetaren etapa askotatik egiten baitu zeharkaldia erakusketak. Lehen lana 1960koa da, Joxan Artzeren erretratu bat, biak 21 urte zituztenekoa, eta 2018koak dira erakutsi dituzten lan berrienak. «Badaude, adibidez, bi eskulturaren maketak, txorienak. Bere ibilbidean motibo ohiko bat izan zen txoriena, hasiera-hasieratik, eta aitzakia ematen digute horren inguruan hausnartzeko», Usoa Zumetaren esanetan.
Eta ikusgai jarri dituzten kartelei ere egin die azpimarra. «Nahiz eta jakin kartelgintza asko landu zuela, Usurbilekin lotutako sei kartel daude, eta hori sorpresa bat izan da. Hor bada lotura bat Baga, Biga, Higa sentikariarekin: Usurbil 1970eko herri abangoardistetako bat izanik, Ez Dok Amairukoek presentzia handia eduki zuten hemen. Hori ekarri dut, baina badira beste hainbat sorpresa, festen inguruan egindako kartelak, adibidez. Gauza horiek bidean topatutakoak izan dira, eta berdin beste hainbat gauza».
Artelanez gain, horien inguruko dokumentazioarekin eta artxiboko materialarekin osatu dute erakusketa, eta katalogo batean ere bildu dute guztia.
Bisitak hiru egunez
Duela urtebete inguru hasi ziren muralaren urtemugaren inguruko jarduera programarekin, eta zaharberritze lana izan zen egin zuten lehen gauza. Ondotik heldu ziren haren sormen prozesuaren inguruko erakusketa, hari lotutako argitalpena, Oskar Alegriaren Zumeta 23 filma eta Xumetik herri jaialdia. Zumetaren Usurbil erakusketak itxiko du orain programa, eta hiru bisita gidatu berezi antolatu dituzte, 659 Usurbil Bizitik. Bihar, hilaren 20an eta 28an izango dira, eguerdiko hamabietan hasita, Sutegitik.
Bi urrats izango ditu bisitak: Museo Irekia izeneko bisita gidatua izango da lehena — Zumetaren muralaz gain, herriko kaleetan dauden beste artista batzuen lanei erreparatzeko; Remigio Mendiburu, Judas Arrieta, Irantzu Lekue eta besterenak—; eta horren ondotik Zumetaren Usurbil erakusketara heldu, eta Usoa Zumetak emango ditu azalpenak han. Gehienez, hamalau laguneko taldeak izango dira, eta 650 Usurbil Bizi atarian eman ahalko da izena.