Zumetaren estilo ariketak

Jose Luis Zumetak azkeneko urtean margotutako 23 olio, tenpera eta akuarela jarri ditu ikusgai Donostiako Ekain galerian

Jose Luis Zumeta, atzo, Donostiako Ekain galerian. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Azken Zumetak. Izenburu hori izan lezake Donostiako Ekain galerian ikusgai jarri duten erakusketak. Azkenak, zentzurik literalenean, Jose Luis Zumetak (Usurbil, Gipuzkoa, 1939) margotu dituen azkeneko olioak lehortzen ari baitira oraindik galerian. Bisitarien begietara. Guztira, 23 obra bildu ditu, olioak, tenperak eta akuarelak, tamaina txiki eta ertainekoak guztiak, «galeriaren beraren neurriak eskatutakoak».

Azkeneko urtean, 50 bat margo eta hamarnaka marrazki egin ditu Zumetak, Usurbilen haren alaba Usoarekin duen estudioan. Izan ere, gaur egun, tailerra du lanleku: «Kalean dagoeneko ez dira ikusten margolariak pasaiak margotzen. Argazkiak ordezkatu ditu». Bidaiatu izan du azkenaldian, baina ez du uste horrek eragin nabarmena izan duenik bere sormen lanean: «Japonian izan naiz, baita Argentinan ere. Baina obrari ez dio eragiten gehiegi. Afrikan egon nintzenean agian bai. Han apunteak hartu nituen».

Haren lan egiteko modua ere ez da askorik aldatu urteen poderioz, eta «intuizioari» segitzen dio askotan. «Ni gidatzen nauen haria zoria da; ez dago aurretik ideia bat. Urratsez urrats doa sortzen. Azkenean, bide bat ikusi, eta hari segitzen diozu. Obrak berak esaten dizu nora iritsi behar duzun. Oso berezkoa da dena».

Zumetaren estiloa nabaria da lanetan, haren kolore kontrasteak eta figurazioaren nahiz abstrakzioaren artean mugitzen diren irudiak. «Nik uste dut beren artean oso lan ezberdinak direla [erakusketan bildutakoak], eta azken lan horiek ez dutela aurretik egindakoen antzik. Baina estiloa berbera da. Ni dagoeneko egina nago, eta ezin naiz aldatu». Estiloaren garrantzia ere nabarmendu du pintoreak: «Estilorik gabe, ez litzateke ezberdintasunik margolarien artean. Rembrandt eta Velazquez berdinak ziratekeen».

Erakusketako bi oliotan jarri du arreta Zumetak. Biak dira tamaina ertainekoak, eta pertsonak izan litezkeenak erakusten edo irudikatzen dituzte. «Biak dira nahiko figuratiboak. Bat ijitoen arteko ezkontza da, eta besteak argentinar bikote bat islatzen du». Beste lan batzuetan, berriz, begiek deitzen dute ikuslearen arreta, koadroak betetzen dituzten begiek, indioilarrarenak izan litezkeenak. «Hor azaltzen da dena ikusten duen espia».

Egunero lan egiteko ohitura du Zumetak, eta azkeneko urtebetean «geldialdi handirik gabe» aritu da margotzen eta marrazten. Aurrera begirako asmorik edo proiektu zehatzik gabe, ordea. «Egunero noa lanera, eta margotzen hasten naiz». Teknologia berriek ematen dituzten abantailei ez die erreparatzen. «Tableta bat daukat, baina hor egin dezakedanak ez dio eragiten oinarrizkoari. Ez dut tableta margotzeko erabiltzen».

Ekain galeriako erakusketa gaur arratsaldean irekiko dute, eta uztailaren 28ra arte egongo da irekita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.