«Inaugurazioa sekulakoa izan zen! Garai batekoak izan ohi ziren bezalakoa: kultur erakundeetako ordezkariekin, museoetako jendearekin, bildumagile zaharrekin...». 2020ko apirilaren 22an hil zen Jose Luis Zumeta artista (Usurbil, Gipuzkoa, 1939- Donostia, 2020), baina, Juan Manuel Lumbreras Bilboko izen bereko galeriako buruaren pozak erakusten duenez, oraindik ere indartsua da haren erakarmen indarra. 2006tik 2020ra artean sortutako ia 30 artelan bildu dizkiote aretoan. Zumeta 24 deitu dute erakusketa, eta urriaren 17ra arte egongo da ikusgai.
Lumbrerasek azaldu duenez, artelanak, kasu honetan, ez dira multzo bakar batekoak. Hautaketa bat egin dute bilduma osatzeko. Eta elkarlanean egin dute lan hori Lumbrerasek eta Usoa Zumeta artistaren alabak.
Zumetaren lana gordetzeko darabilten biltegian egin zuen lehen galbahea Usoa Zumetak, eta hura abiapuntu hartuta osatu zuen azken hautaketa Lumbrerasek. Eta espresuki galerian erakusteko merezi zezaketen artelanak biltzea izan da asmoa. Baina ez da erabat samurra izan prozesua. Erakusketarekin batera kaleratu duten katalogoko sarrera testuan azaldu du zergatik Usoa Zumetak. «Ez da erraza artista baten lana aurkeztea, artista ez dagoenean. Ziurgabetasun pixka bat eragiten du erakusketa bat antolatu, atondu eta osatzeak haren jarraibiderik gabe».
«Inaugurazioa sekulakoa izan zen! Garai batekoak izan ohi ziren bezalakoa: kultur erakundeetako ordezkariekin, museoetako jendearekin, bildumagile zaharrekin...»
JUAN MANUEL LUMBRERASGalerista
Aurrez ere maiz antolatu dizkiote erakusketak artistari. 2019an izan zen azkenekoa, eta 2014an aurrekoa, eta Zumetak berak hala azaldu zion bere sortze prozesua BERRIAri ordukoan. «Nahi gabe etortzen diren gauzak dira niretzat onenak, zoriak edo kasualitateak dakartzanak. Hori da benetako pizgarria niretzat, jakinduria baino gehiago. Pinturan batek ez daki ezer ere. Nola pintatu ez dakit, baina hasten naiz, eta nolabait ere berak erakusten dit. Kasualitatez bi konexio aurkitzea da kontua; forma batek bestearekin du lotura, eta bide bat ematen du. Jakin, aurretik, nik ez dakit ezer ere».
Ikusi gehiago
Eta, gaur egun ere, artista hil zenetik lau urte iragan arren, igar daitezke Zumetak hain bizi deskribatutako jardun horren arrastoak Lumbreras galeriako koadroetan. Markorik gabe daude oihal guztiak, esaterako, eta, margotutako gainazalari ez ezik, oihalaren ertzei erreparatzeko aukera ere eskaintzen dio horrek bisitariari. Hor ikus daiteke margolanaren sortze prozesua. Goitik behera, behetik gora edo hormarantz erortzen diren pintura jario jadanik idorrak ikus daitezke hor, eta pintoreak oihala hainbat posiziotan eduki zuela erakusten du horrek: zutik, etzanda, bai eta azpikoz gora ere, harik eta, azkenean, margolariak, uneren batean, irudia ontzat ematea erabaki zuen arte.
Margotutako gainazaletan ere, maiz nabarmentzen dira Zumetaren keinuak. Zertzelada bereziki indartsuren baten oldarra, pintzelaren giderrarekin zirrimarratutako pintura mantxaren bat, zipriztinak… «Zumetak oso-oso gutxitan egiten zituen zirriborroak», azaldu du Lumbrerasek. «Eta horrek ere indartzen du inpresio hori. Zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta gehiago harrapatzen zaituen artista bat da».
Zumetak azaldu bezala, nagusiki pinturak berak gidatzen zuen haren pintura, eta ez zen bere koadroetan beste artistei eginiko keinu agerikoegiak egin zalea. Badira salbuespenak, halere. Ezagun du, esaterako, Pablo Picassoren Gernika koadroaren neurri berak baliatu zituela bere ‘Gernika’ propioa sortzeko, esaterako, eta Bilbon ere bada Zumetaren zaletasun artistikoen berri ematen duen beste koadro bat ere. 2019koa da koadroa, eta erraz errekonozitzeko modukoa da Zumetaren eskua, baina baditu Henry Moore, Edvard Munch edo Joan Miro gogora ekar ditzaketen figura batzuk ere.
«Koadro hori ikusi nuenean, bere aitak Luis Godillo gustuko ote zuen galdetu nion nik Usoari», onartu du Lumbrerasek. «Hura ekarri zidan gogora niri, hor daudelako Moore eta besteak seguruenik, bai, baina Gordillo ekartzen dit niri gogora. Sekulako koadroa da».
Papereko lanak
Artistak paperean egindako hamazazpi lan ere bildu dituzte galeriaren beheko solairuan. Neurri txiki eta ertaineko lanak dira. Paisaiak, festa giroak iradokitzen dituzten irudiak. Kolore mantxak eta, haien gainean, koadroaren konposizioa antolatzen duten Zumetaren marra beltz identifikagarriak, zeintzuek paperean irudikatutakoa ia-ia errekonozigarria denaren mugetaraino daramaten, sekula erabat errepresentazio argi bat eskaintzera iritsi gabe.
«Oso pozik gaude erakusketarekin», onartu du Lumbrerasek. «Jende asko ari da etortzen, eta jendea sar dadila izaten da galeria baten lehen erronka. Sare sozialen eta irudien gaur egungo zirkulazioak nabarmen gutxiagotu die publikoa galeriei».
Ikusgai ez ezik, salgai ere badaude erakusketako artelan guztiak. 1.000 euroan dago haietako merkeena, eta 20.000 euroan garestiena.