Zumeta, margotu berritan

Jose Luis Zumetak azken bi urteetan egindako 32 lan jarri dituzte ikusgai Bilboko Lumbreras galerian. Ikusi gabekoak dira margolanik gehienak. Maiatzaren 11ra bitarte izango da erakusketa zabalik

80 urte betetzen ditu Zumetak gaur, eta Bilboko Lumbreras galeriako arduradunek omenaldia egin nahi izan diote erakusketarekin. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Aretoaren erdian geratu da Juan Manuel Lumbreras. «Erreparatu diozu usainari? Oraindik ere pintura usaina dago». Jose Luis Zumeta artistak azken bi urteetan margotu dituen 32 pieza jarri dituzte ikusgai Bilboko Lumbreras galerian, eta horiei begira ari da aretoko zuzendaria. «Fresko daude oraindik horietako asko», dio margolanetako batean dagoen hatz marka bati begira. «Egin berriak, ia». 80 urte beteko ditu Zumetak gaur, eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diote margolariari. «Guk askotan izan ditugu Zumetaren lanak ikusgai, eta duela urte askotatik hona, galeriarekin kolaboratu du. 80 urte bete behar zituela jakin genuenean, argi ikusi genuen zerbait egin behar genuela, ospakizun gisa». Artistaren lantegira joan, eta orain arte erakutsi gabeko hainbat lan aukeratu zituen Lumbrerasek: hamabi tenpera eta hogei olio pintura. «Ikusi bezain laster, argi izan nuen artistaren lanik berrienak erakutsi behar genituela». Maiatzaren 11ra bitarte izango da erakusketa ikusgai, eta koadroak erosteko aukera ere badute bisitariek.

Laurogei udaberri ditu Usurbilgo (Gipuzkoa) artistak azalean, eta pintzelari lotuta bizi da oraindik. «Egunean koadro bat margotzen du. Droga bat da hau berarentzat, ez daki besterik egiten», dio Lunbrerasek, umoretik. Hala baieztatu zuen artistak berak ere, erakusketaren irekieraren harira egindako adierazpenetan. «Margolari azkarra naiz. Beti izan dut lan egiteko era hori, hobeto aritzen naizelako». Azkartasuna intuizioarekin lotzen duela dio margolariak. «Denborak, ezagunak zaizkion eremuetara eramaten du sortzailea». Beraz, oihal zuriaren aurrean, aldez aurretik egindako zirriborro gabe aritzen da. 17 urte zituela erabaki zuen artistak sorkuntza ogibide bihurtuko zuela, eta hala bizi da ordutik, margolanak Usurbilgo Txikierdi auzoan (Gipuzkoa) duen estudioan pilatuz.

Zumetaren estudiora joan zen Bilboko Lumbreras galeriako arduraduna erakusketarako piezak artistarekin batera hautatzeko. «Gustuko dut galerian erakutsiko ditugun lanak aukeratzea: sarritan, hautua sortzaileen eskuetan utziz gero, despistatu egiten zaizkit», dio irriz. Aitortu duenez, sorpresaz hartu zuen estudioan ikusitakoa. «Nire hasierako asmoa Zumetari buruzko erakusketa handi bat egitea zen; atzera begirako antzeko bat. Baina azken urte zein hilabeteetan egindako lanak ikusi nituenean, argi izan nuen horiek zirela erakutsi behar genituenak. Berak ere adierazi zidan bere azken lanak erakusteko gogoa zuela. Erreparoa ere ematen dit esateak, baina ekarri ditugun batzuk fresko daude oraindik». Tamaina handikoak dira mihisean egindakoak: 195 x 150 neurrikoak ere jarri dituzte. «Erakusketarekin egiten diogun omenaldi txikiaz gain, mundu akademikotik ere zerbait egitea da gure asmoa, eta adar hori ere ari gara lantzen EHUko hainbat irakaslerekin batera».

Erakusketarako aukeratutako pintura guztiek artistak bereizgarri dituen kolore eta bizitasuna dutela azpimarratu du Lumbrerasek. «Berarengan ez da adinez nagusiak diren artistengan nabaritu ohi den beherakadarik edo iluntasunik sumatzen. Margolari asko infantilizatu egiten dira nagusitu ahala. Kasu batzuetan, beraien firmaren kalterako besterik ez da hori: dekadentziaren aldi horrekin identifikatzen baita, gerora, beraien firma».

Azken hilabeteetakoak

Zumetarengan ez du halakorik nabari. «Akaso ohi baino beltz gehiago sartu du hainbat margolanetan, irudiak nabarmentzeko, baina, gainontzekoan, kolore bizikoak dira guztiak». Koadroei begira geratu da. «80 urte beteko ditu, eta izugarria da duen bizitasuna. Esango nuke, margotzen duen azken horrek aurrekoa gainditzen duela. Indar handia dute egin berri dituen lanek». Artistak berak esana zuen aurrez: «Margolari batek ez du sekula erretiroa hartzen, ez ditu pintzelak bazter batean uzten».

1936ko gerra ondorengo artista belaunaldiaren artean, esanguratsuenetakoa da Zumeta, eta, margotzen hasi zela 60 urte bete badira ere, «indarrez» eusten dio titulu horri. Hala uste du Lumbreras galeriako zuzendariak. Azken astean galerian izan duen bisitari kopurua jarri du adibide gisa, ohikoa baino mugimendu gehiago izan baitute Zumetaren erakusketarekin. «Nire ustez, bere adina eta ibilbidea aintzat hartuta, margolariari buruz egin den erakusketarik onenetakoa da hau».

Ikusi soilik ez, erosi ere egin litezke galerian dauden 32 lanak. Prezioetan jarri du arduradunak arreta. «Beti iruditu zait Zumetaren lanen prezioak oso apalak direla. Bere neurriko artista batek bikoitza ere eskatuko luke bere lanarengatik. Beraz, artistaren lan bat etxera eramateko aukera ona da oraingoa, 80 urteko Zumetarena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.