Artista diskretua izan da beti Jose Luis Zumeta (Usurbil, Gipuzkoa, 1939). Isila oso. Beti utzi du agerian ez duela batere maite bere obraz eta bere sortze prozesuaz mintzatzea, desasosegu handia sorrarazten diola eskuekin egiten duen lanaz hitzen bitartez erantzuteak. Baina gaur, bihar eta etzi Zumetaren sortze prozesua eta lan moldeak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko du 200x133 «erakusketa bizidunak» Donostiako suhiltzaileen eraikin zaharrean (Easo, 43), eta inaugurazio ekitaldian Zumeta bera horma-irudi bat margotzen ikusteko aukera izango da, bere bi biloba lagun dituela. Erakusketa hori, gainera, Zumetaren lan prozesuari buruzko film dokumental baten grabazioarekin lotua dago. Zumeta inoiz baino gertuagotik ezagutzeko aukera eskainiko dute erakusketak lehenik eta filmak gero.
Hiru elementu nagusiren bidez emango du erakusketak artistaren sortze prozesuaren berri: Zumeta bera bere estudioan 200x133 neurriko koadro bana margotzen erakusten duten bi bideo lan, haietako bakoitza dagokion koadro amaituaren ondoan ikusgai;Zumetak iPadarekin margotutako 500 lan —segundoko bat— erakusten dituen etenik gabeko proiekzio bat; eta Zumetaren lanen proiekzioa eraikinaren aurrean dagoen pareta handian, San Bartolomeko harresian.
Erakusketa gaur inauguratuko dute, 19:00etan, eta artista bertan izango da, gunean horretarako atondutako txoko batean horma-irudi bat pintatzen, biloba dituen bi umeren laguntzaz: Eneko, hamabi urtekoa, eta Lander, zortzikoa. Artistaren alaba Monika Zumetaren semeak dira biak.
Bideo lanetako irudiak artistaren Atalluko (Nafarroa) estudioan hartu zituzten Monika Zumetak eta Enara Goikoetxeak, Izenik gabe 200x133 film dokumentalerako. Jose Luis Zumetaren sortze prozesua izango du gai nagusi eta ardatz lan horrek. Duela bost urte jarri zuten abian egitasmoa biek, Monika Zumetak eta Enara Goikoetxeak. Krisi ekonomikoak egitasmoa bertan behera uztera eraman zituen lehenik, baina gero lanari ekitea erabaki zuten hala ere, hasieran pentsatutakoa baino aurrekontu murritzagoarekin. Moztu Filmak eta Sonora Estudios etxeak ari dira filma ekoizten, eta 2013ko udaberrian estreinatuko dute. Filmaketa lanik gehienak eginak dituzte, baina gaur, bihar eta etzi erakusketan hartutako irudi batzuk ere txertatuko dituzte filmean.
Filmaketak Jose Luis Zumetaren lan prozesua gertutik ezagutzeko aukera eman dio Enara Goikoetxeari, eta filmak ezagutza hori transmitituko duela espero du. «Obra bat ikusten dugunean, zaila da atzean zer dagoen igartzea», azaldu du Goikoetxeak. «Normalean, pentsatzen dugu ideia bat dagoela, edo zirriborroa, baina Jose Luisek egiten duena kontrakoa da: ez daki zer gertatu behar duen eta bilaketa prozesu batean sartzen da». Bilaketa prozesu hori islatzen da erakusketako bi bideolanetan, eta filmak ere emango du horren berri, haien bidez neurri handi batean. Bi bideo lanak ezingo dira osorik sartu filmean —50 minutu inguruko iraupena dute, eta filmak 90 minutu ingurukoa izango du orotara—, baina erakusketan osorik ikus daitezke.
Kamera aurrean margotzen
«Oso estilo dokumentalean» filmatu dute artista lanean, Goikoetxeak azaldu duenez. «Kamera baten aurrean margotzen zuen lehen aldia izan zen. Ordura arte inork ez zuen Zumeta margotzen ikusi. Horregatik, erronka handia izanzen bai guretzat eta bai berarentzat ere, ez zekielako zer neurritan sentituko zen libre bere erara margotzeko. Baina gero, margotzen hasitakoan, bere baitara bakartu eta gutaz ahaztu egiten zen».
Kameraren aurrean egindako aurreneko margolana arazorik gabe irten zitzaion Zumetari, baina bigarrengoan trabatu eta aurrera egin ezinda ibili zen, harik eta gero bidea aurkitu zuen arte. Zailtasun hori filmarentzako «onuragarria» izan zela uste du Goikoetxeak, artistaren sortze prozesuaren berri emateko baliagarri izango den neurrian.
ERAKUSKETA
Izenburua: '200x133'.
Lekua: Donostiako suhiltzaileen eraikin zaharra (Easo, 43).
Gaurko ordutegia: 19:00etatik 21:00etara.
Bihar eta etziko ordutegia: 17:00etatik 21:00etara.
Zumeta, bertatik bertara
Artista bere estudioan pintatzen erakusten duten bi bideo lan daude ikusgai, besteak beste, '200x133' erakusketan, DonostianMonika Zumeta eta Enara Goikoetxea artistaz egiten ari diren filmeko irudiak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu