Kolore eztanda baten gisara deskribatu da, sarri, Jose Luis Zumetak (Usurbil, Gipuzkoa, 1939 - Donostia, 2020) sorterriko frontoian eginiko murala. Ordea, koloreak ez bezala, pilotak inoiz gutxitan lehertzen dira horma horretan, obra pilotalekuaren atzealdean baitago. Orain, baina, batzuen eta besteen leherketak baturik irudikatu ditu Oskar Alegria zinemagileak (Iruñea, 1973), Zumeta 23 film laburrean. Aurten mende erdia bete da Zumetak zeramikazko mural ikonikoa hasi zuenetik —1974ko apirilean bukatu zuen—, eta haren omenezko ekitaldi eta jarduera ugari antolatu dira urteurrenaren karietara. Marko horretan bildu dute Alegriaren pieza ere. Gaur estreinatuko du, 22:00etan, Zubietako Errebote plazan (Gipuzkoa). Gero, filmeko musikaren egile Peru Galbetek kontzertua emanen du.
Usurbilgo Udalaren enkarguz egin du lana Alegriak. Zinemagileak kontatu duenez, Zumetak bere garaian erakutsitako «balentriaren» parekoa da udalekoek orain izanikoa, inolako argibide eta mugarik gabeko eskea egin baitzioten zuzendariari. «Gutun guztiz zuri bat» eman zioten, «guztiz aske» izateko bide eman diena. Are, Alegriak adierazi du udala duela 50 urte ere «oso ausarta» izan zela. «Pentsa garai hartan zer behar zuen herriaren bihotzean halako lan abstraktu, berri eta aitzindari bat jartzeak!».
Zubietan grabatu dute lana. Narrazio zuzenik gabeko filma da, eta abstrakzioa du oinarri. Mihise modura balio duen frontis zuri bat, bi puntista, kantari bat, eta dozenaka begi jokaldiari so. Izan ere, filmean, pilotariak margolari dira —Maite Ortiz de Mendibil eta Manex Urtasun—, pinturaz betetako pilotak dituzte pintzel, eta, kolpeka, pilotak paretan lehertuz sortzen dute obra. Zumetaren omenezkoa.
Kolore eztandak ez dira soilik frontisean gertatzen. Alegriak azaldu duenez, Galbetek eginiko musika «magikoa» izan da. «Joxean Artzeren bertso baten bidez, ahots hari bat marrazten du, eta koloretako piloten ibilbide bera egin». Gainera, Usurbilgo hainbat ahotsek osatutako koru batek ere parte hartu du; are, haiek dira pilotariei begira ageri direnak.
Usurbilera bueltan
Zumetaren obrek inoiz gutxi izaten zuten izenbururik. Artistak nahiago izaten zuen soiltasunari eutsi, eta sinadura (abizena) eta data (urtea) baizik ez zituen idazten. Horregatik, Alegriak iritzi dio filmak ere hala behar zuela: Zumeta 23. Are, Zumetaren uste berekoa da. «Maiz, titulurik onena titulurik ez izatea da. Modu ona da begirada ez baldintzatzeko». Gainera, zuzendariak esan du «kointzidentzia eder» bat gertatu dela filma egiteko prozesuan: Zumetaren murala 16 metro zabal eta 9 metro garai da. Proportzio berekoa da filmaketarako ibilitako formatua: 16:9.
Omenaldi sortak bihar izanen du segida, Usurbilen. 11:00etatik aurrera, arte plastikoen erakusleihoak eta tailerrak izanen dira herriko sortzaileekin; eguerdian, Zumeta 23 filma aurkeztuko dute atzera ere, Mikel Laboa plazan. 18:00etatik aurrera, Usurbil Museo Irekia izeneko ibilaldia eginen dute, eta 22:30ean Xumetik ikuskizuna izanen da horma irudiaren aitzinean; dantza, antzerki eta musika bidezkoa da.
Zumeta bat pilotakadaz egina
Jose Luis Zumetaren Usurbilgo muralaren 50. urteurrenaren karietara, hura omentzeko film labur bat ondu du Oskar Alegriak: 'Zumeta 23'. Gaur gauean estreinatuko dute, Zubietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu