Zenbakiaren garrantzia azpimarratu, zenbakiari garrantzia kentzeko. «Ignacio Zuloaga artistaren 95 margolan bildu ditugu, eta horien arteko %60 ez dira erakutsi artista zendu zenetik». Zuloaga 1870-1945 erakusketan bildutakoen datuak eman ditu Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendariak, baina balioa kendu die zenbakiei berehala. «Ikusi gabeko koadroen kopurua baino garrantzitsuagoa iruditzen zait Zuloagaren biografian egin den berrikuspena». Duela bost urte, Javier Villar museoko zuzendari ohiak Mikel Lertxundi eta Javier Novo komisarioei enkargu bat egin zien, Ignacio Zuloaga (Eibar, Gipuzkoa, 1870 - Madril, 1945) artistari buruzko ikerketa bat egin zezaten; bada, atzo aurkeztu zuten erakusketa azterketa sakon baten emaitza da. «Antologikoa da. Zerotik hasi, eta berriz idatzi dugu artistari buruz esandako guztia». Novoren hitzetan, Zuloagaren biografia «osoa» ikus daiteke erakusketak biltzen dituen 95 margolanen bitartez. «Inoiz ez da halako saiorik egin». Gaur irekiko dute, eta urriaren 20ra arte izango da zabalik.
Erakusketaren emaitza azaltzeko, abiaburura jo du Novok. «Enkargua jaso genuenean, ez genuen ulertzen Zuloagak halako erakusketa baten beharra ote zuen edo ez». Baietz dio Lertxundik, aldamenetik. «Azken hamarkadetan nahikoa ikertu eta idatzi da artistari buruz, eta erakusketa asko antolatu dira bere lanekin. Beraz, panorama horretan, gure ekarpena zein izan zitekeen gogoetatzen hasi ginen». Artista zendu ondoren antolatutako erakusketen katalogoetara jo zuten erantzun bila, eta berehala ohartu ziren hartu beharreko bideaz: «Ikusi genuen Zuloagari buruzko erakusketa guztiak bilduma eta funts berdinetan oinarritzen zirela, eta ondorioz oso antzekoa zela jasotzen zen emaitza. Orduan ulertu genuen artistaren ibilbidean zerbait berria gehitzeko beharrezkoa zela aztertzea eta bilatzea zer geratzen zen orain arteko katalogoetatik kanpo».
1950ean Ferrari Enrique Lafuente arte historialariaren La vida y el arte de Ignacio Zuloaga (Ignacio Zuloagaren bizitza eta artea) lana hartu dute oinarri gisa, Lafuentek artistaren 810 lan sailkatu baitzituen bertan. «Izenekin bakarrik azaltzen dira koadroak liburuan, eta guztiak lokalizatzen aritu gara azken urteotan; puzzlea sortzen, nolabait. Zuloaga ulertzeko behar genuen Rosetta harria izan da», azaldu du Lertxundik. Margolanak bilatzeko lan horri esker, Lafuenteren katalogoa berritu eta handitu dute. «Lafuenteren katalogoan 810 lan azaltzen dira; guk 1.000 baino gehiago lokalizatu ditugu». Horien arteko hautaketa bat jarri dute Bilbon. Azaldu dutenez, mundu osotik ekarri dituzte piezak: Alemania, Austria, Belgika, AEB, Italia, Mexiko eta Errusiatik, besteak beste. «Zuloagaren lanen hedapenaren neurriak erakusten du nazioartean zer-nolako garrantzia izan zuen», azpimarratu du Zugazak. Lan guztiak elkarrekin ikusteko aukera «bakana» dela azpimarratu du museoko zuzendariak.
Hutsuneak betetzeko lana
Novok azaldu du artistaren biografiako hutsuneak betetzeko lana ere hartu dutela. «Zuloagaren lehen 30 urteak eta hil aurrekoak nahiko ilunak dira, kontraesanez beteak, eta hutsune hori bete dugu». Horregatik azpimarratu dute behin baino gehiagotan garrantzia handiagoa duela Zuloagaren biografia berreraikitzeko egin duten saioak bildu dituzten lanen kopuruak baino.
Areago, Novok dio artistaren margolanen «atzeko mezua» ere berrikusi dutela. «Zuloagaren lanei buruz egin diren interpretazioak espainiar folkloreari lotuta joan dira maiz. Oso ikuspegi estereotipatua eman zaie bere margolanei: zezenketak, emakumeei egindako erretratuak, bere lehengusinen irudiak... Baina sarritan prostituzioaz ari da bere lanetan, eta baita jende umilaz ere. Horregatik saiatu gara bere lanak uste faltsu horietatik askatu eta haien irakurketa berritua egiten».
Adibide gehiago eman ditu komisarioak. «Espainiako aberriaren kontra egiten zuela leporatu izan diote sarritan, Espainiako nekazarien erretratuak egiten zituelako eta landa eremu pobrea erretratatzen zuelako; oso era gordinean, gainera». Frankismoarekin izan zuen harremanagatik ere polemikoa izan da margolariaren figura, baina, azaldu dutenez, erakusketan ez dute ezkutatu nahi izan erregimenarekin izan zuen atxikimendua. Horren erakusle dira erakusketan jarri dituzten Jose Maria Huarte Nafarroako erreketeari egindako erretratua eta 1936ko gerran Toledo hirian (Espainia) izan zen sutea irudikatzen duen lana. Azaldu dute Franco diktadoreari egin zion erretratu famatua alboratzea erabaki dutela. «Ekarri izan bagenu, eremu estetikoari baino gehiago arlo sinbolikoari erreparatuko genioke; eta hori da, hain zuzen, saihestu nahi izan duguna».
Paristik Segoviara
Hamabost ataletan banatu dute erakusketa. «Ibilbide kronologikoa da, baina, era berean, gaika antolatuta dago», azaldu du Novok. 1890eko hamarkadakoak dira ikusgai dauden lehenak. «Parisen eginak dira denak. Pintura naturalista ezagutu zuen Zuloagak bertan, eta hiriko pertsona umilak irudikatu zituen». Bederatzi pieza bildu dituzte lehen aretoan, eta komisarioak diogerora egingo zituen margolanen oinarria direla. Arlotea (1890) da guztien artean deigarriena.
Zuloaga erretratuengatik da ezaguna, eta gaztetatik egiten zituela azaldu du Novok. «Ez zuen genero hori askorik maite, baina hasieratik landu zuen». Ezezagunak dira gaztaroan egindako lan horiek guztiak, eta bigarren atalean jarri dituzte horregatik.
Zuloagak Sevillan eta Segovian (Espainia) emandako aldiak areto banatan jarri dituzte. 1896 eta 1899 bitartean Espainiako artisten tradizioarekin izan zuen hartu-emana azpimarratu dute komisario biek: Goya eta Velazquez artistena, zehazki. «Zuloagak Segovian deskubritu zuen jarraitu beharreko bidea», azpimarratu du Novok. Herritar xeheak margotu zituen, landa eremukoak. Horietako hainbat daude erakusketan ikusgai: Francisco eta bere emaztea (1909) eta Sepulvedako emakumeak (1909), kasurako.«Nazioartean izugarrizko arrakasta izan zuten Segoviako herritarrei egindako irudiek». Espainian, baina, 1898ko krisia are gehiago sakontzea leporatu zioten artistari, ez baitziren urte asko ordura arte Espainiaren kolonia izan ziren Kubak eta Filipinek independentzia aldarrikatu zutela. «Espainiaren aberriaren aurkakotzat jotzen ziren haren lanak. Zuloaga beti dago muga horretan: estetikoki onartzen dutenean, testuinguru historiko eta politikotik ez dute onartzen, eta alderantziz».
Novok nabarmendu du ezagunagoak direla 1900etik aurrera margotu zituenak: prostituzioa irudikatzen dutenak, kasurako. «Zuloagaren produkzio gai nagusietako bat izan zen». Paristarrak (1900), Lola, ijitoa (1900) eta Abanikoduna (1906) margolanak dira erakusgarri. «Kolore gorriaren erabilera azpimarratzekoa da horietan guztietan».
Zezenketen zalea zen artista, eta horren lagina ere eraman dute erakusketara. Komisarioak uste okerrak argitzeko saioa egin du berriz. «Askotan pentsatu da jende famatua margotzen zuela, baina artista jende xehea duintzen saiatzen zen zezenketen irudikapenekin». Paisaiak eta erretratuak egin zituen bere ibilbidearen bukaeran, eta hala nabari da erakusketan aurrera egin ahala ere. «1936ko gerraren ondorenean, propaganda frankistaz baliatu zen bere lanak nazioartera eramateko». Erakusketa bana egin zuen Venezian, Londresen, Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen, 1938. eta 1942. urteen artean. «Lehen lerrotik ihes egin zuen gero». Novok azaldu du natura hilak irudikatzen hasi zela.
Estilo berritua izena eman diote erakusketaren azken atalari. «Estiloa berritzeko saioa egin zuen Zuloagak. Ospea izanda ere, aurrez landutako gaiak ikuspuntu berrietatik lantzen hasi zen bere ibilbidearen bukaeran. Garrantzitsua iruditu zaigu azpimarratzea».
Zuloaga ez den Zuloaga
Ignacio Zuloagaren atzera begirako bat ireki dute Bilboko Arte Ederren museoan. 95 lan bildu dituzte, horietako asko inoiz erakutsi gabeak artista hil zenetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu