Zuhaitzek diotenaz eta bizitzaz

Maddi Barberrek eta Marina Lameirok 'Paraiso' filma jarri dute ikusgai Gasteizko Artium museoan

Artium museoko Z aretoan ikus daiteke filma. Aretora sartu aurreko eremuan dago erakusketa. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Heriotzaz eta bizitzaz dihardu Paraiso filmak: zehazki, baso bat landatzeak dakarren bizimodu baten heriotzaz, eta zuhaitzak mozteak dakarren herri baten berpizteaz. Maddi Barber eta Marina Lameiro zinemagileek elkarrekin ondu duten lehen ikus-entzunezkoak Artzibarko bailaran (Nafarroa) botatzear diren pinudi bat du protagonista, eta inguruko herritarrek eremuarekin duten harremana du aztergai. Esplorazio eta dokumentazio lana da aldi berean: zuhaitzek hitz egiten dute filmean, eta haiek esandakoa entzuten dutenek. Gasteizko Artium museoan jarri dute ikusgai filma, irailaren 12ra arte.

Hogei minutuko filma da, eta museoaren Z aretoa programaren barruan ikus daiteke, izen bereko aretoan. Mondragon taldearen babesa izan dute horretarako, eta ikus-entzunezkoaren inguruko erakusketa txiki bat ere ondu dute. Artiumek iragan maiatzean jarri zuen martxan zinemagintza eta erakusketa formatua uztartzen dituen programa, Garbiñe Ortegaren gidaritzapean. Helburua da bien tarteko gune berri bat sortzea, eta zinemagintzara igaro diren artisten eta erakusketa formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzea eta haiek ezagutaraztea.

Hain zuzen, programan parte hartzeko Artiumek egindako gonbitak eman zien Barberri eta Lameirori filma egiteko behar zuten «azken bultzada»; izan ere, aspalditik zuten elkarrekin lan egiteko gogoa. Asmo hori egikaritzeko beharra sumatu zuten Javi Agirre Erauso argazki zuzendariak iraungitako 16 milimetrotako zinta batzuk oparitu zizkienean, orduan izan baitzuen Barberrek botatzear ziren pinudiaren berri: «Paisaia aldaketa bat dokumentatzeko tresna gisa balio du zinemak, kasu honetan; pinudi oso bat errotik moztea aldaketa handia baita. Interesgarria iruditu zitzaigun hori jasotzea, eta are gehiago atzean duen historia».

Pinu horiek iragana ezkutatzen dute; itzal egiten diote garai bateko bizimoduaren memoriari. 1960ko hamarkadan landatu zituzten, Artzibarko bailara hustu zenean. Nekazaritzarako ziren lurrak pinudiek hartu zituzten Nafarroako Gobernuaren aginduz. Mende erdia igaro da ordutik, halere, eta herriak biziberritzeko bidean dira orain, baita garai bateko larreak ere. Herritarrek erabaki dute pinuak bota eta nekazaritza jarduerari berriro heltzea, eta bizilagunek landa eremutik hirietara alde egin ahala desagertzeko zorian egon zen bizimodu bat berreskuratzea.

Teknika ezberdinak

Bertako biztanleek El Paraiso deitzen zioten eremu horri, eta horregatik jarri diote izen hori filmari: Paraiso. «Inguru ederra da, zabala, irekia... Txikia nintzenean ere askotan joaten ginen bertara», adierazi du Barberrek. Ikus-entzunezkoak ez du pinu mozketa jasotzen, halere, uda honetan moztuko dituztelako. Filmak eraldatzear dagoen inguruaren irakurketa bat egiten du, inguruko jendearen begietatik. Hala, basozainak zuhaitzak neurtzen agertzen dira, bertan kanpatu duten haurrak sua egiten eta jolasean azaltzen dira, eta emakume batek zuhaitzek esaten dutena kontatzen du. «Ez da dokumental bat, ez lan esperimental bat, ez eta fikziozko lan bat ere; tarteko zerbait da. Ez gara ibili lekuan gertatzen zena dokumentatzen, baizik eta gu izan gara zenbait egoera eta gertakari sorrarazi ditugunak. Egia esan, zaila egiten zait nire filmak zer diren esatea. Ez diogu etiketarik jarri nahi izan».

Apirilean filmatu zuten, sei edo zazpi egunetan, eta modu analogikoan egin zuten: iraungitako 16 milimetrotako zintak erabili zituzten, eta eskaner berezi batez jasotako irudiekin osatu zuten gero filma. Barber: «Espazioa hiru dimentsiotan eskaneatzen du, laser baten bitartez: puntuez osatutako mapa bat sortzen du, eta gero digitalki osatu dezakezu zuk, puntu bakoitzean kamera bat jarrita». Hala, irudiek «zarata handia» dute askotan horren ondorioz, eta «dar-dar» egiten dute. Zuri beltzezko irudiak eta koloretakoak tartekatzen dira filmean, baita euskara eta gaztelera ere.

Pinudiaren flora

Erakusketa txiki bat ere ondu dute filmaren harira. Zehazki, desagertzear den pinudiko floraren adibide txiki bat ikus daiteke bertan. Filma egiten ari zirenean Barbarren ahizpak bildutako loreak dira, hark osatu baitu herbario txikia. «Interesgarria iruditzen zitzaidan orain dauden loreak biltzea, eta hemendik urte batzuetara joan, eta zer dagoen ikustea, eremua erabat aldatuko baita», esan du zinemagileak. Nafarroako Gobernuak airetik hartutako irudi eta mapa topografiko batzuk ere badaude, zeinetan jasotzen den non moztuko dituzten pinuak. Basoko soinuen memoria biltzen duen soinu pieza batekin osatu dute erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.