'Zuentzat', ska-punka

Egurra Ta Kittoren hirugarren diskoak aldarrikapenak eta bidegabekerien salaketak biltzen ditu

Egurra Ta Kitto taldea Donostiako Gros auzoko Zipotz jaietako kontzertuan. ZIPOTZ JAIAK.
2013ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Orain artean ez bezala, Egurra Ta Kitto taldeko kideek oraingoan ez dute diskoko abestien izenik ekarri diskoaren azalera. «Argi genuen disko osoari zentzua emango zion zerbait orokorrago nahi genuela», adierazi du Orhantza Alegria taldeko gitarristak. Eta hortik etorri da Zuentzat (Mauka), ska-punk doinuak nagusi diren diskoa. Batetik, «bizi garen egoera hau aldatzeko borrokan dabiltzan eragile, erakunde eta jendeari» eskaini nahi zioten diskoa, eta, bestetik, taldearen entzule eta jarraitzaile guztiei, Alegriaren arabera.

Izan ere, taldearen sorreratik bertatik euren kantuetan ugariak dira salaketa eta aldarriak. Euskal Herriaren zapalkuntza egoera, presoak eta tortura, besteak beste, abestietako ohiko gaiak dituzte, baita oraingo honetan ere. «Bertatik bertara bizi izan dugun egoeraren isla da, ez besterik. Bateren batek hitz zorrotzegiak direla pentsa lezake, baina bizi izandakoa oso gogorra izan da», adierazi du gitarra jotzaileak.

Tartean bada, ordea, festarako eta parrandarako lekurik ere. Horretarako bide eman nahi du Zuentzat-ek, taldearen hirugarren diskoak. Hamar kantuko bilduma honetan ska-punka gailentzen bada ere, bada besterik ere.

Orain arteko diskoak autoekoizpenean grabatu eta kaleratu dituzte, baina oraingo hau Mauka diskoetxearekin argitaratu dute.

Emaitzarekin gustura

Mutrikuko Ame estudioetan grabatu dute diskoa, Axular Arizmendi DJ Axular-en, gidaritzapean. «Oso gustura gelditu gara emaitzarekin. Orain arteko grabaketak xumeagoak ziren, honako hau, berriz, txukunagoa da, landuagoa».

Lanarekin gustura gelditu izate horretan, beharbada izan dezake zerikusirik taldearen beraren ibilbidean lantzen duten musika estiloak izan duen bilakaerak. Euren oinarria ska musika bada ere, ukitu askotarikoak eman izan dizkiote. «Hasieran, ska patxangero, dantzagarriagoa egiten genuen, batez ere. Orain, gehiago jotzen dugu punk rockaren ukituak dituen ska-punkera.»

Hala ere, guztia ez da ska-punka Zuentzat diskoan. Badira ska doinu dantzagarriagoak, baita esperimentazioaren ondorio diren doinu bereziagoak ere.

Diskoko abestietatik bat aukeratzekotan, Heldu besotik hartuko luke Alegriak. «Ibon Labakak,The Friday's Crew taldeko baxu jotzaileak, parte hartu du. Bai kolaborazioari eta bai gaiari dagokionez ere berezia da». Epaitegietatik heltzen diren albiste txarren aurrean besotik gogor heldu, kateatu eta herri harresia osatzeko deia egiten du kantuak. Abesti honekin berarekin bideoklip bat ere grabatu dute.

Badira euren kantetan parte hartu duten kolaboratzaile gehiago ere. Ander eta Rokek txalaparta jo dute Orkatz (Azpeitiko herriko tabernaren 20. urteurrenaren karietara sortutako abestia) eta Zu zeu abestietan. Jokin Uranga eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariek Denboratik ihes eta Errefusa kantei hitzak jarri dizkiete. Nekane Zinkunegi izan da Orkatz-i hitzak jarri dizkiona, eta Beñat Hach Enbarek Badator Amerika-ri (Hego Amerikako egoera azaleratzen duen kantua).

Zu zeu abestia «berezi eta arraro» gisa deskribatu du gitarristak. Izan ere, txalaparta eta reggaetona uztartzea ez da oso ohikoa, eta kantu honek musika estilo hori dakar gogora. «Beti inprobisatzen dugu, esperimentatzea atsegin dugu». Horren adierazgarrietako bat da abesti hau.

Ska joz, halabeharrez

Egurra Ta Kitto taldea 2008an sortu zen. Bost urte hauetan, baina, ez da gehiegi aldatu. Baxu jotzailea aldatu behar izan zuten lehenik, eta tronboia sartu ondoren. Orain, sei kidek osatzen dute taldea: bateria eta baxu jotzailea goierritarrak dira, eta ahotsa, gitarra, tronpeta eta tronboia azpeitiarrak, gipuzkoarrak denak.

Hasieran, gitarra, baxua eta bateria batu ziren, eta geroago tronpeta. Beraz, esan daiteke tronpeta aurkitzeak eraman zituela ska musika lantzera. «Bestela, orain, beharbada punk rocka jotzen ariko ginateke».

Uztaileko kontzertuen ostean, abuztuan atsedenalditxo bat hartzeko parada dute. Hilaren amaieran itzuliko dira oholtza gainera. Abuztuaren 16an Eskoriatzan (Gipuzkoa) joko dute, 28an Burlatan (Nafarroa) eta 31n Urbinan (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.