Zubi lanak sendotzeko

Arte garaikidearen erakusketa bat egingo dute Arnaga Etxean, urriaren 16ra arte, Donostia 2016ren barruan. Hiru euskal artista erreferenteren lanak dira ikusgai

Bidatz Villanueva
Kanbo
2016ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Frantses estiloko lorategi batek inguratzen du Kanbo kanpoaldean dagoen Arnaga Etxea (Lapurdi). Edmon Rostand idazlearen aginduz eraiki zuten XX. mendearen hasieran. Kanboko Herriko Etxeak erosi zuen 1960ko hamarkadan, eta museo bilakatu dute. Kultura eta leku askotako adierazpen artistikoak bildu zituen han Rostandek; Txinakoak, kasurako. Oraingoan, arte garaikideko erakusketa bat jarri dute Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barruan, hiru euskal artistaren lanekin. Jesus Etxebarria, Jose Antonio Sistiaga eta Iñigo Arregiren margolan eta eskulturak daude ikusgai, urriaren 16ra arte.

Arnaga Etxean paratu dituzte Sistiagaren lanak, hainbat gelatan: gela txinatarrean, gela urdinean, Chantecler pasabidean, laranja berotegian eta zalditegian, alegia. Kolore eta forma anitz nahastu ditu tamaina askotariko koadroetan. Zinemari ere erreferentzia egin dio, bobina gainean marraztuz. Bat-batekotasuna dute oinarri haren lanek, espontaneotasunez margoturiko koadroak baitira.

Arregiren eta Etxebarriaren eskulturak lorategi zabalean sakabanatu dituzte. Lau tona eskultura guztira. Bi garaitako artistak dira. Etxebarria euskal abangoardiako kide aktiboa izan zen 1960. hamarkadan. Erakusketan, molde askotako eskulturak jarri dituzte ikusgai, hariztian, etxearen atzealdean. Espazioa eta argia dituzte oinarri haren eskulturek, eta brontzezkoak dira.

Oteiza eta Txillidaren oinordeko artista da Arregi. Altzairua erabili du bere eskulturetan, eta, bere erreferente izan zirenek utzitako ondareari jarraituz, planoak eta bolumenak nahasi ditu bere lanean. Frantses estiloko lorategiaren geometriaz baliatu da, eta horren arabera jarri ditu eskulturak. Xaflak moztu eta batuta, hiru dimentsioko eskultura handiak sortu ditu, gorri kolore bizikoak, «indar poetiko handikoak», askok deskribatu dutenez.

Jean François Larralde erakusketaren komisarioak hiruren lanak miretsi ditu: «Modernotasuna bultzatzen duten artistak dira». Adierazi du Sistiaga erreferente dela euskal abangoardian. Erakusketan ez dute haren lanaren garapen kronologiko bat egin. Formatuaren arabera aurkeztu dituzte obrak, Larralderen arabera. «Margolaria eta zinemagilea. Haren margolan askotan islatzen da zinemaren dinamikotasuna», gaineratu du.

Egileen ausardiaz ere mintzatu da: «Frankismo garaia zen, eta Jesus Etxebarriak, esaterako, ihes egin behar izan zuen». Arregik, euskal zizelkari modernoen oinordeko, altzairua erabili du eskulturetan, bolumen eta forma hainbat uztartuz.

Harremanetan sakontzen

Echange Pays Basque elkarteak sustatu du proiektua, Donostia 2016 eta Kanboko Herriko Etxearen kolaborazioarekin. Dozenaka lagun joan dira aurkezpenera, eta txalapartaren soinuarekin eman diote hasiera.

Donostia 2016ren Elkarrizketak lerroaren barnean txertatu dute proiektua. Inguruko kultur eragile eta programatzaileekin elkarlanean proiektuak garatzea dute helburu. Arnaga Etxeko erakusketak Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkarrizketa sustatu ez ezik artisten artekoa ere bultzatu duela deritzo. Oraingoan, Euskal Herriko hiru artista garaikideren artekoa, hain zuzen.

Elkarteko kultura komisioko arduradun Guy de Lasteryek proiektuaren hastapenak gogoratu ditu: «Hau guztia Donostiako Parte Zaharrean hasi zen. Gure lagun Antxon Lafontek arte garaikidearen erakusketa bat egiteko proposatu zigun, Donostia 2016 zela profitatuz». Peio Etxelekuk proposatu zien, ondoren, Arnaga Etxea erabiltzea erakusketa leku gisa. «Inguru ederra da, eta ohore bat Edmon Rostand bizi zen etxea erabiltzea».

Kanboko auzapez Vincent Bruk garrantzi berezia eman dio Donostia 2016rekin egin duten elkarlanari, bien arteko zubi berri bat izan delakoan. «Espero dugu hemendik aurrera hala izan dadin; zubi berriak eraiki daitezen, alegia», gaineratu du. Kulturaren krisia ere izan du hizpide: «Ez dezagun ahaztu nola dugun gaur egun kultura. Senidetasunaren bidean aurrera egin behar dugu. Mundua krisian dago, gorrotoa edonon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.