Zubi bat transmisio etenari

Sormene Galdakaoko Kultur Plazak euskara eta euskal kultura izango ditu ardatz azaroaren 16tik 22ra bitarte. Ikasleentzako tailerrak eta publiko orokorrarentzako emanaldiak uztartzen ditu programak

Sormene jaialdiaren aurkezpen ekitaldiko irudi bat, atzo, Galdakaon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Inigo Astiz
Galdakao
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Halako jaialdiek eta egitarauek askotan ematen dute emanaldi errenkada bat». Baina Gotzon Barandiaran idazle, kultur eragile eta Sormene jaialdiko zuzendari artistikoak zehaztu duenez, kanpoko oskola baino ez da hori Sormene Galdakaoko Sorkuntza Plazaren kasuan, sakonagoko gabezia bati aurre egitea baita euren asmoa. «Euskarazko kulturgintzaren transmisioan gertatu den eta gertatzen ari den eten horri konponbidea emateko sortu dugu Sormene». Horretarako bilduko dituzte hamaika bertsolari, musikari, marrazkilari, antzerkilari, zinemagile eta dantzari azaroaren 16tik 21era Galdakaon (Bizkaia). Euskaraz izango dira saio guztiak, eta emakumezko lanen ikusgaitasuna lortzea izango da jaialdiaren beste lan ardatz nagusia. Bigarren aldia du aurtengoa, 100.000 euroko aurrekontua izango du, eta hurrengo hiru urteetako aldiei eusteko hitzarmena sinatua dute jadanik udalarekin, diru partida berari eutsiz aldiro, eta etorkizunean ere jarraitzeko asmoz.

Bi hegal izango ditu programak. Ikasleentzako tailerrak izango dira astegun goizetan, batetik, eta emanaldi programa irekia izango da, bestetik. Antolatzaileen hitzetan, transmisioa sustatzea izango dute helburu biek ala biek, eta bi alde horiek osatuko dute Sormene. Zehaztu dutenez, sortzailearengandik hasi eta hartzailearenganaino doan kulturaren ekosistema osoa hartu nahi baitute kontuan.

Muga deitzen da pausoa dokumentala aurkeztuko du Maider Oleaga zinemagileak 16an, esaterako. Frankismopean euskara irakasten aritu zen Elbira Zipitria irakaslea du ardatz lanak, eta haren ikasle izandako Kontxita Beitia ere izango da proiekzio ostean egingo den solasaldian. Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana eskainiko du Amancay Gaztañagak, Iraia Eliasek eta Erika Olaizolak osatutako Kamikaz kolektiboak 18an. Eta hurrengo egunean Bertoko eta urrutiko ipuinak ipuin kontaketa musikatua egingo dute Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtadok, eta kontzertua emango du Amak taldeak.

Esas kolektiboak ere hartuko du parte jaialdian, eta beren-beregi bertarako sortutako pieza bat estreinatuko du. Iazko martxoaren 8an sortu zen taldea, musika klasikoko emakumezkoen lanak ikusarazten laguntzeko, eta haiek antolatu dute 17ko musika saioa. Leire Bilbao idazlearen poema bat oinarri duen emanaldia aurkeztuko du lehenik Eva Ugalde konpositoreak, eta hori izango da estreinaldia, Etxean igeri egitea; baina, ondoren, Maria Luisa Ozaitaren hiru pieza ere eskainiko dituzte, eta Inge Conderen Elisaren balsa piezak itxiko du programa.

Goiz eta arratsaldeko emanaldi programa izango du asteburuak. Hiru saio izango dira 20an, adibidez: Bizipoza elkartearen Sortzearen bizipoza, Elirale konpainiaren Oa-huetak, eta Diabolo Kiwiren kontzertua. Eta 21ean ere egun osoz izango da zer ikusi eta entzun. Tupust kolektiboaren bigarren liburuaren aurkezpena egingo dute Ainara Azpiazu Axpi marrazkilariak, eta Uxue Alberdi, Oihana Arana eta Oihana Iguaran bertsolariek, Maite Berriozabal gai jartzailearen laguntzaz. Amatxik dixit antzezlana eskainiko dute Goitibera konpainiak eta Naita produkzioak-ek arratsaldean, eta 36ko gerran emakumeek pasatutakoez egindako sorkuntza lanei buruzko solasaldia izango da Galdakao Gogora elkartearen lankidetzarekin.

Dantzan amaitu nahi dute jaialdia, halere. Izan ere, soka-dantza antolatu dute azken eguneko azken saiorako. Barandiaranek eman du azalpena: «Nahi dugu amaitu Sormene komunitate baten trinkotzea irudikatuz, eta uste dugu sokadantza gure komunitatea eta gure herria trinkotzen duen dantzetako bat dela». Dantzaldian izango dira Galdakaoko Andra Mari dantza taldea, Iruñeko Duguna dantza taldea, Lekeitioko Etorkizuna dantza taldea, Iurretako dantzariak, Oñatiko Oñatz dantza taldea, Bizkaiko gaiteroak taldea, Oñatiko Aita Madina txistulari taldea, Erika Lagoma eta Igor Elortza bertsolariak eta Josu Zabala musikaria.

Alerta gorriak

Iazko abenduan jarri zuten abian Sormene, hain justu, koronabirusaren eraginez kultur programa zatiz zati erortzen ari zenean. Antolatzaileek bestelako plana zuten buruan estreinaldirako, baina egoerak behartuta hitzaldiak eta Internet bidezko emanaldiak antolatuz osatu zuten eskaintza. Pandemiak transmisio etena sakondu egin duela ere esan dute antolatzaileek.

«Alerta gorriak piztuta zeuden», esan du Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak. Haren hitzetan, euskal kulturaren transmisioa ez baitago bermatuta ez hezkuntza arautuan, ez hezkuntza ez-arautuan, ez eta etxean ere. Aurten eta hurrengo urtean arreta berezia jarriko dutela iragarri du. «Horregatik eman nahi diogu garrantzia gaiari. Euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina belaunaldi berriei pasatzeaz gain, sortzeko grina sortzea ere badelako transmisioa».

Aurten ereindakotik jaso nahi dute hurrengo urteko edizioan. Horregatik, aurten ikastetxeetan egongo diren sortzaileek datorren urterako erronka bat jarriko diete tailerretako ikasleei, eta horren emaitza 2022ko edizioan plazaratzea da antolatzaileen asmoa. Eider Eibar ilustratzaileak, Gari Otamendi dantzariak, Ines Osinaga musikariak eta Formol antzerki laborategiko kideek emango dituzte tailerrak herriko eskoletan astegun goizetan, eta bere diziplinari dagokion erronka bana proposatuko die haietako bakoitzak ikasleei.

«Argi daukagu kulturak eta euskarak gure hauspoa behar dutela, eta horretara gatoz», esan du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, eta Sormene epe luzerako proiektua dela ere zehaztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.