Jean-Mixel Bedaxagar. Kantaria, dantzaria, txirularia eta ttunttunlaria

«Zuberoako kantariekilan ikasi dizut kantan; ostatua zuzun gure unibertsitatea»

Seigarren diskoa kaleratu du Jean-Mixel Bedaxagarrek urrian, Juan Mari Beltran eta Errege Beldarekin elkarlanean: 'Erresiñula kantari' (Elkar).

GUILLAUME FAUVEAU.
Leire Casamajou Elkegarai.
Urdiñarbe
2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Mauletik Urdiñarberako bidean(Zuberoa), Keheillalt eta Etxe Berri enpresen heinera heldu aitzin, bide hertsi eta luzea marrazten da ezkerraldean: patarra amiñi bat behera, artasoroak bi aldetarik, zubi ttipi baten gainetik iragaten da. Orduan, zuhaitzez apaintzen da ingurua, eta, bide puntan, ordu arte gorderik egon balitz bezala, etxea agertzen da azkenean: zuria leiho grisekilan. Haren bortatik ilki da Jean-Mixel Bedaxagar (Urdiñarbe, 1953), txapinak jauntzirik. Sartzera gomitatu, eta barnera itzuli da; suari egurra gehitu, zizeilu gainean jarri, eta bere azken diskoaz aritu da. Urrian kaleratu zuen, lehen diskoa argitaratu zuenetik berrogei urtera. Bere ibilbidea ere oroitu du.

Erresiñula kantari izena dizu zure seigarren diskoak; orain arte, txoriaren irudia usu agertu izan duzu zure diskoetan. Nondik heldu da?

Txori guziek hemen, duela 20 urte, arramaiatz hatsarrean sinfonia bat sortzen zitezun goiz oroz argi zirrintatik. Ehunka txori kantan ari zituzun. Txirulan, nik ardura txorier pentsatzen dizut, ohartu gabe. Behin, Beñat Axiari eta Imanolekin Heraulten [Okzitania] gintuzun, eta txirulan irauntsi nizun; norbait jin zidazun, eta erran: «Baina zure flauta txori bat duzu!». Plazer egin zidazun [irriz hasi da].

Diskoaren hamalau kantoretan, beste bi lagunekin ari zara: Errege Belda eta Juan Mari Beltran. Nondik eta nola sortu zen proiektua?

Nik bost disko egin ditizut Elkarrenean, eta lagun nauzu, beti, Angel Valdes Elkarrekoarekin, eta hark erran zidazun hamar aldiz: «Erretretan sartu baino lehen behar duk lan bat egin Juan Mari Beltranekin». Juan Mari aspaldiko ezaguna dizut; eta Juan Marik: «Nik proposatzen diat egitea lan bat Errege Beldarekin». Ikustez ezagutzen nizun; eta Errege akordeoiarekilan laguntzen.

Gero, diskoan, ezarri ditizut partikularki maite ditudan kantoreak.

Xalbadorren kantore bat agertzen duzu, adibidez.

Xalbadorren Esperantza gabeko amodioa. Hori ene gazte denboran ikasi nizun, 18 edo 20 urte genituelarik. Iholdiar elibatek hori kantatu zizun; izugarriko kantariak zituzun, eta harrigarri ederrak atzeman nitizun. Maisulana.

Doi-doia errateko, leheneko Erroman bazuzun Lukrezio bat, epikurotarra [K.a. I. mendeko poeta eta filosofoa]. Idatzi zizun obra bat: De rerum natura [latinezko poema epikoa]. Hor duzu, naturari eta maitasunari, Venusi egiten zaion oda. Testu hori gorderik egon zuzun, latinaren eta Erromatar Inperioaren beherakadarekilan. Eta norbaitek atzeman zizun, Alemaniako fraidetegi batean, De rerum natura-ren etsenplu bat; hura agertu zizun, nonbait, Ronsar, Montaigne [XVI. mendeko frantses idazle eta poetak] eta horiek baino lehen. Pentsa! Horiek segur ere... Montaignek puru bai, erraten dizu: baliatu duzu De rerum natura horretaz. Anitzez berantago, gutarik hullan, Victor Hugo eta Agosti Xaho ere bai. XVI. mendetik erromantizismo garai artio, eta segur ere oraino ere bai. Errateko: Xalbadorrek ez dizu ezagutu hori, eta berdin egin dizu, horiek bezain eder diren gauzak, koblatzez edo erreposki izkiriatzez.

Etxahun Iruriren testu zenbait ere agertzen dituzu.

Prefosta! Lehen kantorea, Donostia, Donostian berean entzun nizun kantatzen... 50 urte badizu. Izugarri eder atzeman nizun. Geroztik, txirulariendako, Donostiako bestendako ikasi nizun; eman genizun han urte batez. Etxahuni izugarriko miresmena bagenizun, zeren Etxahunek gaitizu gu iniziatu Hegoaldera joaten. Lehen aldietarik nauzu Etxahunekilan izan, Bilborat eta... izar bat zuzun!

Atharraztarrak dantza jauzia ere ematen dizut [Irurirena ere], Juan Mari Beltranekin. Nolaz bereizten ahal ditizu [Irurik] kantore egitea eta dantza: orotan trebe zuzun, kantatzen ere bai. Gustu oro horretan zizun. Etxerik ilkitzen zen ber, denbora haietan, Atharratzen [Zuberoa] kantariak ezagutzen zitizun ostatuetan, eta sustut merkatu egunetan. Jauzietan ere, beharri izugarria zizun, eta txirulari handienak —Lexarduart, Xotal eta horiek oro— ontsa ezagutu ditizu. Eta nola bereizi dituen... Bereizi ditizu kantorea, melodia eta dantzako melodia.

Hain zuzen, zure disko orotan dantza jauziak agertzen dituzu, txirula ahaire ere bai. Nola lotzen dituzu zuk kanta eta dantza?

Nahi baduzu, lehenik dantzan hasi nauzu, etxekoak dantzari nitizun: aitaita, aita eta osaba. Nik dantzan ikasi dizut, eta gero, 18 urte nituelarik, lagun min batek proposatu zidazun: «Ezagutzen diat txirula egile baten anaia, nahi duka txirula bat?». Baietz, «baina ze balio du?». Ez dakizut, iruditzen zidazu 20.000 libera pakatu nuela. Justu ene lehen soldata eraiki nizun, eta txirula pakatu nizun harekilan. Hasi ninduzun etxekoer isilka, zeren ez nakizun nola hartuko zuten. Hein bat trebaturik ninduzun etxekoek jakin zutelarik txirula jotzen nuela.

Nola ikasi zenuen txirula jotzen? Eta ttunttuna, gero?

Kanpoan ikasi nizun, autoan gidatzez, eta ostatuetan... Beharriak haustez laguner eta ostalarier.

Ttunttuna ere nahi nizun, argazkiak ikusirik bainituen, banakizun bazirela ttunttun joleak lehen. Orduan, Iñaki Ortiz Bereak lagundu nindizun ttunttunarekilan, eta ozalesek ere bai [Ossau haraneko biztanleak]. Oraino ere lagundu naitezu anitz azken denbora horietan.

Eta, 35 urtez irauntsi dizut kantaldietan kantan, parte bat: einegarri duzu. Orduan, klak, txirula hartzen nizun, amiñi bat aritzen eta boza pausatzen duzu, eta besterik zerbaiti pentsatzen gero hobeki arra lotzeko kantoreari, eta espiritu horretan segitu dizugu. Kantatzen berantagoñi hasi ninduzun. Zeren, 18 urtetan, Zuberoa nahi nizun orduan hobeki ezagutu, eta Zuberoako kantariak ere bai, eta haiekin adiskidetu... Haiekilan ikasi dizut kantan, ostatuan, hura zuzun gure unibertsitatea. Mozkorraldi zonbaitekilan prefosta, hori ez dizut gordetzen [irriz hasi da].

Pastoral egiten irauntsi dizut ere bai. Lehenik aktore bezala, eta, gero, bi pastoral idatzi ditizut. Eta holaxe, denbora joan zidazu, isil-isila...

Nafarroa, Orreagako artzainak, Erronkari... Zer lotura duzu Nafarroarekin?

Ez gaituzu purki segur, baina, menturaz, aitaren aldetik Erronkaririk jinik zituzun, Uztarrozerik. Gero, beti adiskide minak ukan ditizut Iruñean, adiskide anitz. Beti maite ukan dizut Nafarroa, eta Iruñeko bestak oraino iragan urtean egin ditizugu, 17 urtetan hasirik... Magia baduzu. Eta gero, ez dit axolarik erranik ere: arno gorria [arno gorria, zubereraz, arno beltza da] izugarri maite dizut [irriz hasi da].

Basahaire bat ere agertzen duzu lan honetan, beste disko orotan bezala. Zer dira basahaireak?

Basahaireak dituzu Arbailako ahaireak. Orduan, XIX. mendearen bigarren erdian, basahaireak kantaturik zituzun haboroenik Lakarrin, Altzain, Gamere-Zihigan, Züharren eta Altzürükün [Zuberoa]. Zerbait gora behera. Ligin ere bai, zonbait aldiz kantatzen zitiztezun. Basahaireak hola eginik izan dituzu: txoriari so; so nola hegalak erabiltzen dituen. Melodia hori duzu txoriaren hegalaldiaren interpretazioa, kantuz. Irudia.

Deitzen dizugu l'épervier frantsesez, belatxa, baina belexega beste bat duzu [belatxinga mokohoria]. Txori hori bizi duzu leizeetan: bizi, populkatzen eta hiltzen ere bai, leizeetan. Berdin 30 metro barna bizi dituzu, hegalaldia hartzen ditezu leizean, eta baditezu holako ganoa nork daki nora goiti joateko: han ari dituzu inguru-inguru, zeruan. Gero, arra-eraisten durduilaxka bezala, eta beren ziloan arra sartzen. Prefosta, hari so ilusiturik egon dituzu jendeak.

Seigarren diskoa zenuen, kantore herrikoiz osatua, betiko gisan. Nola ikusten duzu horien etorkizuna?

Diskoa, lehen-lehenik, ene plazerarendako egin dizut, baina horrendako ere bai. Orain guk behar genikezu egon etxean edo besterik zerbait egin... Baina sentitzen dizut badela urgentzia bat.

Haltzak ez dü bihotzik [Bereterretxen kantorea] XV. mendean agitu zukezun, eta kantore hori norbaitek izkiriatu dizu, orduan berean, eta kantore bakoitza duzu non ere baitira bai hitzak, kantorea eta hilarria, Ezpeldoian [Etxebarre, Zuberoa]. Kantore horretan diren metaforak, sinesmenak eta oro... Kantore egile horrek bazizun jakitate handia. Jakitate horrek orain arte aho-mihiz iraun dizu. Euskaldunek, bretoiek eta alsaziarrek galtzen baldin baditugu kantore horiek, akabo duzu! Dakigun hura, guri erakatsi diguten bezala, ondokoer nahi genikezu transmititu, iraganarazi. Beste gauzekin batean, ez dizugu erran behar besteak utzi behar direla, baina horiek ere ikasi behar ditizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.