Zuazo: «Arabako euskara ez da unitarioa, gutxienez bi eremu ditu»

Lazarragaren inguruko hainbat hitzaldi antolatu dituzte Gasteizko Artium museoan, atzo hasi eta bihar bitartean

2008ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Lazarragaren eskuizkribuaren gainean Joseba Lakarrak eta haren taldeak orain arte egindako lanaren berri etzi Deustuko unibertsitatean eman aurretik, poeta arabarra hizpide izango da Gasteizko Artium museoan. Atzo hasi eta bihar bitartean, hainbat hitzaldi antolatu dituzte Lazarragaren inguruan. Atzo, bi hitzaldi izan ziren Artiumen: Lazarragaren ediziorako bidea izan zuen hizpide Gidor Bilbaok, eta Lazarraga eta Arabako euskara, Koldo Zuazok.

Koldo Zuazo hizkuntzalaria da eta EHUko irakaslea euskararen dialektologia eta soziolinguistikaalorretan. Gainera, euskaltzain urgazle ere bada. Euskalkien inguruan lan handia egin du; alor horretan, azpimarragarria da 1998an plazaratu zuen euskalkien sailkapena.

Arabako euskararen berri jakiteko ikerketek urte askorik ez duten arren, gaur egun, probintzia horretako euskara ondo ezagutzen dela azaldu zuen Zuazok: «1956ra arte, ez genekien ezer Arabako euskararen inguruan. Garai horretan, Gerardo Lopez de Gereñu hasi zen Arabako toponimoen zerrendak ateratzen. Bi urte geroago, Mitxelenak hiztegi bat argitaratu zuen, 1562koa zen hiztegi bat, egile Landucci izeneko bat zuena, eta Mitxelenak esaten zuen ziurrenik Gasteizen egina zela, edo gutxienez, hiztegiko euskarazko ordainak jarri zituena gasteiztarra zela. Harrezkero, arabakoak ziren hainbat idazle agertu dira, eta gaur egun, nahiko ondo ezagutzen dugu Arabako euskara».

Egindako ikerketen ondorioz, hiru ondorio nagusi atera ditu Zuazok: «Lehenik, toponimiak erakusten du Arabako leku gehienetan euskarazko izenak agertzen direla. Bigarrenik, ikusi dugu Arabako euskara ez dela unitarioa, ez dela homogeneoa. Gutxienez bi eremu ditu, mendebaldekoa eta ekialdekoa; eta esan daiteke erdialdekoa dei daitekeen hirugarren eremu bat ere baduela. Eta hirugarrenik, euskarari dagokionez, Arabako ekialdeak Nafarroako mendebaldearekin egiten duela lotura».

Lazarragaren garrantzia

Ondorio horietara heltzeko, idazle arabarren lanak aztertzea ere garrantzitsua dela azaldu zuen Zuazok: «Ezagutzen ditugu garai hartako idazle arabarrak: Joan Baptista Gamiz, Sabandokoa (Arabako ekialdean dagoen herria, Nafarroako mugan), Araian ere bazen beste idazle bat, Mitxelenak argitaratutako hiztegia ere hor dago, baita XVI. mendean Betolasan (Legutiano eta Gasteiz artean dagoen herrixka txiki bat) bizi zen apaiz batek euskarara itzulitako doktrina bat ere. Lazarraga da geografia hori osatzen duen beste idazle bat, eta, horri esker, Araban egiten zen euskara hobeto ezagut dezakegu».

Arabaren euskalduntasuna zalantzan jarri izan da behin baino gehiagotan. «Duela ez urte asko, politikari batzuk Araban esaten zuten euskara Bizkaitik eta Gipuzkoatik eramandako hizkuntza zela. Beharbada hala da, baina XI. mendea baino lehenago eramandakoa behar du izan, euskarazko toponimiak hala erakusten baitu», adierazi zuen Zuazok.



Bilbao: «Editoreak eskua non sartu duen esan behar zaio irakurleari»

Lazarragaren eskuizkribuaren edizioaren inguruan hitz egin du Gidor Bilbao filologoak
A. A.

Gidor Bilbao filologia klasikoko doktorea eta EHUko Euskara saileko zuzendaria da. Horretaz gain, Lazarragaren eskuizkribuaren edizio berria egin duten adituetako bat ere bada. Hala, Lazarragaren edizio batek jarraitu beharreko bideen inguruan mintzatu zen atzoko hitzaldian.

Edizio bat ona den edo ez aztertzeko orduan, bi puntu izan behar dira kontuan Bilbaoren ustez. Alde batetik, edizio hori zein testurena den aintzat hartu behar da: «Lazarragaren eskuizkribuaren kasuan, testua ez da erraza, bere zailtasunak ditu, eta gainera, ez da testu hutsala, garrantzi handikoa da». Hori kontuan izanda, talde lana beharrezkoa izan dela azaldu zuen Bilbaok, «era guztietako lana behar delako, hizkuntzari dagokiona, literaturari dagokiona, eta hori, testua ulertzeko bakarrik».

Bestalde, edizioa nori zuzenduta dagoen jakitea ere beharrezkoa dela adierazi zuen: «Edizioa guztiek izan behar dute fidagarriak eta zintzoak. Irakurleari esan egin behar zaio editoreak eskua non sartu duen. Etatestua norentzat den arabera, eskua gehiago edo gutxiago sartuko du editoreak. Adituentzako egiten diren lehenengo edizioak eskuizkributik hurbil geratu behar dira, kontserbadoreak izan behar dute. Beste muturrean, jendarterako edizioan eskua gehiago sar daiteke, baina irakurleari jakinarazita esku-sartze hori norainokoa izan den». Lazarragaren eskuizkribuaren kasuan, azalpenen atala bereziki zaindu beharreko kontua dela azpimarratu zuen Bilbaok: «Testuko zati batzuk guk geuk oraindik ez ditugu ulertzen hilabeteetan lan egin eta gero. Hori irakurleari esan egin behar zaio; hau honela ulertu dugu, eta hau ez dugu ulertu».

Oinarrizko lana

EHUko aditu laukoteak egindako lana oinarrizkoa dela azaldu zuen Bilbaok eta azpimarratu nahi izan zuen oraindik lanean jarraituko dutela: «Momentu honetan badago jendeari eskaintzeko moduko zerbait, baina badakigu beste hilabete bat, bi edo hiru lanean jarraituta ekarpen gehiago egin genitzakeela. Horregatik uste dugu interesgarria dela edizioa on line izatea, horrek denborarekin testua hobetuz joateko aukera ematen baitigu. Edizio dibulgatiboak egiteko, honelako oinarrizko lanak behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.