Udaberriko sailkapenak kontuan hartuta, 35 saio utziko ditu atzean larunbatean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalak. Oihana Iguarani, Alaia Martini eta Beñat Gaztelumendiri finalaurreko saio bana irabazteak zabaldu die finalerako atea, eta gainontzeko bost bertsolariei —Andoni Rekondo, Ane Labaka, Aner Peritz, Eneritz Artetxe eta Nerea Elustondo—, berriz, puntuek. Donostia Arenako oholtzan ariko da kantuan zortzikotea larunbatean, 17:00etan, ehunka bertsozaleren aurrean. Eta Arantzazu Loidik jantziko dio txapela irabazleari.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa «bide polita, oso aberasgarria, eta denek elkarrekin egindakoa» izan dela adierazi du gai jartzaileen ordezkari Ane Ezenarrok, eta abenduaren 14ko finala ibilbide horren «erremate» gisa definitu du. Besterik ere esan du: «Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, bere aldaera guztietan, mugimendu zabal, emankor eta bizi baten erakusle dela ikusarazi nahi izan dugu».
Datorren larunbateko erronkari begira, eta Ezenarrok pausatutako galderaren harira, finalera ekarri dituen bideaz eta asmoez eta nahiez mintzatu dira zortzi finalistak banan-banan:
Eneritz Artetxe Eizagirre
(Azkoitia, Gipuzkoa, 1990)
Sailkapen saioei maiatzean ekin ziela kontuan hartuta, «luzea bezain ederra» egin zaio ibilbidea: «Ez nuen uste horrenbeste luzatuko zitzaidanik, baina pila bat gozatu dut, bai prestakuntza lanetan bertso eskoletan, bai eta saioetan ere». Jendearen harrera beroa izan dela esan du, eta horri esker finalera «sentsazio onekin» iritsi dela nabarmendu. «Egon baino gehixeago» egin nahi lukeela ere nabarmendu du, «bertsoetarako gorputzaldiz» dagoelako: «Badakigu plaza handia dela, baina txapelketa guztian utzi dugun horretatik uzten badugu larunbatean ere, konforme ez, oso konforme izango naiz».
«Ez nuen uste horrenbeste luzatuko zitzaidanik, baina pila bat gozatu dut, bai prestakuntza lanetan bertso eskoletan, bai eta saioetan ere»
ENERITZ ARTETXEBertsolaria
Beñat Gaztelumendi Arandia
(Añorga, Gipuzkoa, 1987)
Urrian heldu zion txapelketari birritan —2015ean eta 2019an— txapeldun izandakoak. Hasiera ez zitzaion erraza egin: «Beti nahi duzu distantzia hartu eta ahal den guztia atzeratu txapelketan sartzeko momentua, baina, aldi berean, lagunak ari dira kantuan, eta jakin-mina duzu». Kosta egin zitzaion isolatzea, eta «zurrunbilo moduko batean» gogoratzen du txapelketan lur hartzea. Lehen eta bigarren saioaz oroitzapen politak ditu: «Lagunekin oso gustura aritu naiz; txapelketa beti da aitzakia ona jendearekin biltzeko, zeure burua estutzeko eta beste inora irits zaitezkeen esploratzeko».
«Lagunekin oso gustura aritu naiz; txapelketa beti da aitzakia ona jendearekin biltzeko, zeure burua estutzeko eta beste inora irits zaitezkeen esploratzeko»
BEÑAT GAZTELUMENDIBertsolaria
Final bakoitzak bere gorputzaldia behar izaten duela iritzi dio Gaztelumendik, «eta finaleko ariketek ere, beste horrenbeste». Horrek «malgu, erne eta kontziente egotea» eskatuko duela esan du, baita gai izatea ere «norberaren bertsokera eta gorputzaldia egokitzeko».
Zortzikoteak «izugarri» motibatzen duela gaineratu du. Txapelketa batzuk pasatu ondoren, datorren larunbatekoa «zortzikoterik ederrena» dela iruditu zaio: «Gipuzkoa zer den eta nora joan daitekeen edo nora joan nahiko genukeen erakusten du».
Nerea Elustondo Plazaola
(Legazpi, Gipuzkoa, 1981)
Txapelketara «azkena» heldu dela nabarmendu du Elustondok: «Oso luzea egin zitzaidan lehen saiora arteko itxaronaldia, baina bigarrena berehala etorri zen, eta orain, batetik besterako jauzia zurrunbiloan gogoratzen dut». Larunbateko saiorako gogoz dagoela esan du Elustondok: «Belaunaldi baten azken superbibientea naiz, eta, halere, gazte konplexuarekin noa».
«Belaunaldi baten azken superbibientea naiz, eta, halere, gazte konplexuarekin noa»NEREA ELUSTONDOBertsolaria
Bigarren finala du Elustondok, eta lehenengotik joan diren bost urteetan «egonarria» irabazi duela uste du: «Gustatuko litzaidake Illunben ahalik eta hobekien egitea eta arrasto bat uztea». Sailkapenari begiratu gabe, egokitutako gaiak aprobetxatu dituela sentituz jaitsi nahiko luke oholtzatik, «jakinik oso gutxitan gertatzen dela hori». Belaunaldi berriak direla eta, «ongi moldatzeko esperoan» agertu da, horietariko batzuk «biologikoki seme-alabak izan litezkeen arren».
Oihana Iguaran Barandiaran
(Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1991)
«Ni ere zain-zain egon naiz», esan du hirugarren finalaurrekoaren irabazleak. Bidean gozatu egin duela nabarmendu du: «Lagunekin kanturako elkartzea eta eguneroko zereginetan bertso eskolari berriz ere lehentasuna ematea ederra izan da, eta elkartze horrek oso gustura utzi nau». Saioetan plaza onak izan direla iruditu zaio, eta batzuetan erosoago, baina orokorrean «pozik, ilusioz, gogoz» aritu dela esplikatu du. Aurrera begira, «gorako bidea» gelditzen zaiola uste du, eta finalera iritsiko den zortzikoarekin aritzeko gogoz agertu da.
«Lehen txapelketa ia ospakizun baten moduan bizi izan nuen; bigarrenean ez nintzen baldintza onetan iritsi; baina aurten nire gorputzaren jabe nator, eta, ahal bada, nire hitzen jabe ere izan nahiko nuke»
OIHANA IGUARANBertsolaria
Hiru finaletan esku hartu du Iguaranek: «Lehena ia ospakizun baten moduan bizi izan nuen; bigarrenean ez nintzen baldintza onetan iritsi; baina aurten nire gorputzaren jabe nator, eta, ahal bada, nire hitzen jabe ere izan nahiko nuke».
Zortzikoa dela eta, «kolore paleta zabala» osatu dela uste du: «Aldaketa pila bat daude munduan, eta denei ahotsa jartzeko aukera emango digute gai jartzaileek». Hori erronka hartuta, ilusioz beterik dago.
Aner Peritz Manterola, 'Euzkitze'
(Zarautz, Gipuzkoa, 2002)
Udaberriaz geroztik ari da Peritz ere, eta luze samar egin zaio: «Uda izan da tartean, eta hor ere entrenatzen aritu gara; baina sorpresa onak ere izan ditut». Lortutako emaitza dela eta, pozarren dago: «Helburuetan, asmoetan eta ilusioetan banuen puntu bateraino iristeko nahia, eta dezente aurrerago iritsi naiz». Oro har, txapelketan «nahiko sentsazio ona» gailendu zaio.
«Aukera ona dut pertsonalki; jarrera onean nator, ez diodalako neure buruari ezer exijitzen puntuazioan»
ANER PERITZ, 'EUZKITZE'Bertsolaria
Pozik dagoen arren, «dimentsioak, mediatizazioak eta mobida guztiak» beldurtzen duela esan du Peritzek: «Baina horren ifrentzuan, aukera ona dut pertsonalki; jarrera onean nator, ez diodalako neure buruari ezer exijitzen puntuazioan». Finalak emango dion aukera dakiena erakusteko eta nahi duena esateko aprobetxatu nahi du, baita ahalik eta hobekien pasatzeko ere.
Ane Labaka Maioz
(Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1992)
Aurreko Gipuzkoako Txapelketarekin alderatu du aurtengoa Labakak: «Orduko hartan udaberriaz geroztik aritu nintzen, eta oso luze eta gorabeheratsua egin zitzaidan». Agortuta iritsi zelakoan dago, eta, azkenerako, «egotea» izan zela helburua. Aurten, baina, beste talaia batetik ari da: «Udazkenean sartu naiz, motzago izan da beraz, eta ez hain gorabeheratsua». Bereziki pozik agertu da Oiartzungo finalaurrekoan egindako saioarekin: «Bost urte hauetako lanketaren lagin bat behintzat erakutsi dut. Finalean, egotetik harago, beste koska bat egin nahi nuke».
«Bost urte hauetako lanketaren lagin bat behintzat erakutsi dut. Finalean, egotetik harago, beste koska bat egin nahi nuke»
ANE LABAKABertsolaria
Labaka «inoizko gertuen» sentitzen da egin nahiko lukeen helburutik, eta horri eutsi nahiko lioke: «Duela bost urte gaina hartu zidan txapelketaren dimentsioak, batez ere hasieran, eta aurten nahiko nuke hasieratik presente eta kontzienteago egon». Zortzikoak osatzen duen aniztasunaz, «argazki hori mugimenduan jartzeko eta elkarrizketarako» gogoa duela esan du.
Alaia Martin Etxebeste
(Oiartzun, Gipuzkoa, 1987)
Bidea atsegina egin zaio Martini, bereziki Eibarren jokatutako finalaurrekoa: «Oroitzapen polita dut. Abiapuntua garrantzitsua da, eta presente sentitu nintzen, zertzeladaren batekin gustura, gainera». Zarauzko saioa dela eta, «tentsio handiagoa» sumatu zuen, baina «jolastu izanarekin pozik» agertu da, halere: «Elkarrizketa politak sortu ziren». Finalera begira, ilusio handia duela esan du: «Pribilegioa da hona iristea, baita zorte handia ere, sare bat behar baita horretarako, eta gauzek erdi ongi atera behar baitute norberak egin dezakeenetik kanpo ere». Haren irudiko, «intentsiboagoa» izan da bidea aurreko txapelketetan: «Hemen arnasa gehiago hartu dut tartean, eta beste modu batera egon nahi nuke oholtzan».
«Pribilegioa da hona iristea, baita zorte handia ere, sare bat behar baita horretarako, eta gauzek erdi ongi atera behar baitute norberak egin dezakeenetik kanpo ere»
ALAIA MARTINBertsolaria
Zortzikoa «pozik egoteko beste arrazoi bat» iruditu zaio Martini: «Edozein ofizio edo elkarrizketa izango da aukera zerbait berezia sortzeko». Bestalde, Maider Arregi bertsolaria ekarri du gogora, «izugarrizko txapelketa» egin arren puntu baten faltan gelditu delako finaletik kanpo.
Andoni Rekondo Izagirre
(Hernani, Gipuzkoa, 1999)
Udaberrian ekin zion txapelketari Rekondok. Haren ustez, luze jo du, baina ez nekagarri: «Nire kasuan, lehen aldia izateak eta espektatiba handirik gabe joateak deskubrituz joatearen sentsazioa eman dit». «Kasik umeen antzean» aritu dela ere nabarmendu du: «Elkartu, kantukide berriak ezagutu, geroz eta plaza handiagoetan jardun, horixe egin dut, eta, alde horretatik, ilusio handiz bizi dut azken urte hau». Saioak, berriz, «hobeto edo okerxeago» joan dira, eta orokorrean gustura dago egindakoarekin. Finalera begira, zera esan du, Peritzen gisan: «Nik ere lehentxeago bete dut nire espektatiba, eta, hortik aurrerakoa opari bezala jaso arren, ahal den hoberen egingo dut».
«Nire kasuan, lehen aldia izateak eta espektatiba handirik gabe joateak deskubrituz joatearen sentsazioa eman dit»
ANDONI REKONDOBertsolaria
Finalaurrekoa pasatu ondoren «lur hartzea kosta» egin zaiola aitortu du Rekondok, baina gogotsu agertu da «final bat zer den jakiteko». Elustondori begira, harekin kantatzeak ere motibatzen duela nabarmendu du: «Belaunaldi artekotasun hori plus bat da niretzat». Bestalde, egindako lanak «espero baino fruitu gehiago» eman izana «borobildu» nahiko luke finalean, ahalik eta saio ederrena eginez.