Zortziko talde batek hartu du Iñaki Muruaren lekukoa

Bertsozale Elkarteak zuzendaritza taldea eraldatu du batzar nagusian. Udazkenean barne gogoeta estrategikoari ekingo diote

Bertsozale Elkartearen zuzendaritza, atzo. Xabier Gaztelumendi eta Iñaki Murua erdian ageri dira, zutik. ALBERTO ELOSEGI - XDZ.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Lehendakari izateari uzteko garaia ere ailegatzen ari zait; hamahiru urte izango dira jada 2018an lehendakari gisa, eta talde bat bidean dago, elkartearen proiektua lideratzeko». Irailean, Bertsolari Txapelketa Nagusia hasi aurre hartan esan zion egunkari honi Iñaki Muruak (Gabiria, Gipuzkoa, 1956) Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko buru ezagunena izateari utziko ziola. Bete du hitza. Atzotik, ez da jada lehendakari. Elkartearen batzar nagusiak eman dio ofizialtasuna lekukoa hartuko dion zortziko taldeari. Atzo goizean egin zuten batzar hori, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Hauexek osatzen dute lehendakaritza taldea: Miren Artetxe, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi, Josu Goikoetxea, Xabi Igoa, Arrate Illaro, Maialen Lujanbio eta Eneritz Zabaletak. Gaztelumendi eta Illaro zuzendaritzako kide dira lehendik ere.

Atzoko batzarrarekin amaitu da, beraz, Bertsozale Elkartearen barnean lehendakaritza ereduari buruz iaz egin zuten gogoeta prozesua. Prozesu horretan hautatu zituzten taldeko zortzi kideok, eta atzotik dute beren eskuetan Muruak berak eta elkarteko idazkari Xabier Gaztelumendik utzitako lekukoa. Biek ala biek adierazi dute bertsolaritza eta elkartearen lana hurbiletik jarraituko dutela aurrerantzean ere.

Imanol Lazkanoren eskutik jaso zuen Muruak lehendakari lana, 2005ean, eta elkartearen garapenerako, gizarteratzeko zein erakundeekin izandako harremanetarako erreferente izan da. Gaztelumendi, berriz, 2002an hasi zen elkarteko zuzendaritza taldean, borondatezko lanean, eta funtzio desberdinak bete izan ditu urteotan zehar.

«Bertsolaritzaren egungo aniztasunarekin bat etorri eta ikuspegi ugariko lehendakaritza modua eskaintzeko asmoz, talde arduran» erantzungo diote aurrerantzean Muruak eta Gaztelumendik orain artean betetako funtzioak betetzeko lanari, Bertsozale Elkartearen prentsa oharraren arabera. Hala, lehendakaritza taldea Bertsozale Elkarteak orain arte izan duen zuzendaritzara batuko da, eta zuzendaritza horretan arituko dira, eurekin batera, sailetako arduradunak —Beñat Gaztelumendi bera (ikerkuntza), Jose Uria (sustapena) eta Oihana Iguaran (transmisioa)—; Lankuko zuzendari Marta Agirrezabala; komunikazio arduradun Estibalitz Esteibar; koordinatzaile nagusi Aritz Zerain; eta lurraldeetako elkarteetako lehendakariak, hau da, Xumai Murua (Bertsularien Lagunak elkartea), Alaitz Rekondo (Nafarroako Bertsozalea Elkartea), Asier Ibaibarriaga (Bizkaikoa), Ekaitz Elorriaga (Arabakoa) eta Saroi Jauregi (Gipuzkoakoa).

Barne gogoetarako prest

30 urte bete zituen iaz elkarteak, eta 2006an marraztu zuen 2018ra bitarteko bide orria. Urtero bezala, aurtengo batzar nagusian ere aurrekoaren memoria eta balantze ekonomikoa aurkeztu dituzte. Baita aurtengo egitasmoa eta aurrekontua zehaztu ere. 2018 honetan, orain arteko bidetik jarraitzea erabaki dute: «Bertsolaritza plazan izango da, eta ohikoak ditugun egitasmoak gauzatuko ditugu. Kanpoan eragiten ari garen bitartean, garapen osasuntsu baterako beharrezkoa den tartea hartuko dugu barrura begiratu eta norabideaz hausnartzeko». Gogoeta. Norabidea finkatzea, horixe zuzendaritza moldatu berriaren egiteko garrantzitsu bat datozen hilabeteetan. Hark gidatuko du, izan ere, Bertsozale Elkartearen «etorkizunerako ildoak markatzeko» gogoeta estrategikoa udazkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.