ANTZINAKO MUSIKA ZIKLOa: SARA AGUEDA, PEPE VIYUELA
Parte-hartzaileak: Sara Agueda (Erdi Aroko harpa, musika moldaketak eta ahotsa), Pepe Viyuela (narratzailea), Bernardo Sanchez eta Pepe Viyuela (dramaturgia). Egitaraua: 'Andre Mariari Mirariak': Gonzalo de Berceoren testuak eta F. Guerreroren Montserrateko Liburu Gorriko eta Erdi Aroko musika.
Lekua: Donostiako San Telmo Museoa. Eguna: abuztuaren 28a.
Antzinako Musika Zikloaren azken kontzertuak borobildu egin du Hamabostaldiko sekzio berezi hau. Lehen begiratu batean, filologo amorratuentzat edo Erdi Aroan espezializatutako historialarientzat pentsatua zirudien programak, Erdi Aroko musika eta Gonzalo de Berceoren Andre Mariari Mirariak lanaren zatiak batzen baitzituen. Emanaldiaren erdigunean, hala, Erdi Aroko elizgizonen poesia (gaztelaniaz mester de clerecía gisa ezagutzen dena, alegia) zegoen. Erretorika klasiko erromatarrarekin bat eginez, hiru xede nagusi zituen eliz-poesiaren tradizioak: delectare, docere eta movere. Hau da, entzuleak irakatsi, entretenitu eta, bide batez, bertutera eta errukira bultzatu behar zuen.
Andre Mariari ezaugarri guztiz gizatiarrak jartzen dizkio Berceok: inbidiaz betea beste emakume batekin ezkondu behar duen gizonaren kontakizunean, Teofilorekin haserre, apaiz hordiarekin etorkor.
Gonzalo de Berceo monje beneditarrak 1246 eta 1252. urteen inguruan idatzi zuen aipatutako obra; bertan, denera, Ama Birjinaren 25 mirari deskribatzen ditu. Harrigarria gerta daitekeen arren, horietako asko zinez dibertigarriak dira, moral kristaua ahaztuta jarduten duten kleriko edo laiko baldarrak protagonista. Emanaldirako lau aukeratu ziren: Elizgizona eta lorea, Ezkontza eta Birjina, Monje mozkorra eta, azkenik, Berceok bere testuan azken tokian kokatzen duena, Teofiloren miraria, edo berak bere arima deabruari nola saldu zion eta gero nola onbihurtu eta salbatu zen. Guztietan, bitxiki, Andre Mariari ezaugarri guztiz gizatiarrak jartzen dizkio Berceok: inbidiaz betea beste emakume batekin ezkondu behar duen gizonaren kontakizunean, Teofilorekin haserre, apaiz hordiarekin etorkor. Pepe Viyuela antzaldatu egiten zen une oro, prosodia bikainaz, ahotsaren koloreak pertsonaiari egokituz, dramaturgia neurritsu, zehatz eta gozagarri garatuz. Eta, nola ez, Sara Aguedaren ahots garbi eta guztiz afinatuaren laguntzaz, Prado verde y florido ederra eskaini zuena, besteak beste.
Zortziehun urteren ondoren, zaila da pentsatzea 'mirari' horiek zein zentzutan izan litezkeen eredugarri. Baina bada oraindik delectare hori sor dezakeenik: horretarako, asteazkeneko emanaldia entzun besterik ez zen egin behar.