Musika

Zortzi gabon kantarekin osatu du Izarok bere disko berria

'Izaro gabonetan' diskoa aurkeztu du abeslariak. Kursaalean egongo da abenduaren 22an eta 23an, eta albumeko kantak izango dira kontzertuetako protagonistak.

Donostiako Kursaalean aurkeztu du Izarok disko berria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Donostiako Kursaalean aurkeztu du Izarok disko berria. MAIALEN ANDRES / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko abenduaren 2a
16:30
Entzun

«Ez gaixotzeko bonu bat oparitu dit nire ahizpak», kontatu du Izaro Andresek. Erabili beharko du, Gabonetan bi kontzertu ematekoa da-eta abeslaria. Cerodenero diskoaren birako kontzertuekin alderatuta, «emanaldi ezberdin bat» prestatu du abeslariak abenduaren 22rako eta 23rako, Donostiako Kursaalean. Kontzertu horietan bere disko berriaren doinuak entzuteko aukera izango da. Hain zuzen, gabon kantez osaturiko bilduma aurkeztuko du: Izaro Gabonetan.

Bira handi batetik dator abeslaria. Cerodenero diskoaren harira dozenaka kontzertu eman ditu Izarok bere bandarekin, hau da, Garazi Esnaolarekin, Iker Laurobarekin, Julen Barandiaranekin eta Mattin Arbelaitzekin. «Sinestezina da lortu duguna», esan du. «Taldeko musikari guztiek jada familia moduko bat sortzen dugu, eta dugun zoriontasuna izozteko eta irudikatzeko aukera paregabea da Gabonetako diskoa».

Gabonen inguruan kontzertu handi bat eta bilduma berezi bat egiteko gogoa «betidanik» eduki du Izarok. Hasieran, bertsioak egiteko asmoa izan zuen, baina, ondoren, abesti propioak egitea erabaki zuen. «Gitarran ez dut fa nota jotzen, zaila egiten zaidalako, eta behin, pianoan jo nuenean, konturatu nintzen harekin nire gabon kantak egin behar nituela».

Zortzi abestiz osatutako diskoa da Izaro Gabonetan, hasieran bosteko izan behar zuen arren. Eta oraingoan sormen prozesua desberdina izan dela esplikatu du: «Normalki, nire diskoak idazterakoan nire gorputzak badaki zer idatzi behar duen, eta ez dut kontrol handirik. Hemen, aldiz, gaitegi zehatz bat nuen, baita bertatik eraikitzeko aukera ere». Oles kantuen formatuari jarraitu dio abeslariak kanta batzuetan, eta aitortu du beretzat amets handia izango litzatekeela etorkizunean umeak bere gabon kantak abesten entzutea.

Betetako ametsa

Gabonak oso gustuko dituela aitortu du Izarok. «Nire etxean azaroaren 1ean jartzen dut Gabonetako zuhaitza, baina aurten ezin izan dut. Nire aitak beti esaten zuen zuhaitza Durangoko Azoka amaitzean jarri behar zela, eta aurten horrela egin beharko dut». Zuhaitza izan daitekeen moduan, Gabonekin lotzen diren kontzeptuak erabili ditu kantuetan; hala nola elurra, Gabon gaua, ura, distira, lera eta antzeko elementuak hartu ditu kontuan abestiak osatzeko. Halaber, Gabonei lotuta sortutako pop amerikarra euskal folklorearekin eta oles kantuekin uztartu du.

Diskoa irekitzen duen kantua Gure Gabon gaua da. Azaroaren lehen egunean jarri zuen bere sare sozialetan eta plataformetan, diskoaren lehen aurrerapen gisa. Kantuan, bere taldearekin pasatutako momentu ederrak irudikatu ditu egileak, eta elkartasun horren garrantzia nabarmendu. «Nik dudana zurea da, har zazu», dio abestiaren pasarte batean.

Bigarren abestia berezienetarikoa da Izarorentzat, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin egindakoa baita: Olentzero. Berezitasun horren zergatia azaldu du: «Abeslaria izan nahi nuela pentsatu nuen lehen aldia Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikusten izan zen. Haiekin batera neska bat ikusi nuen kantatzen, eta nik hura izan nahi nuen». Gaineratu du amets bat bete duela pailazoekin kolaborazio bat eginda; aspalditik egin nahi zuen zerbait zen, eta orain izan dute aukera ametsa betetzeko.

Hirugarren kantuari Hartu lerak maldan behera izenburua jarri dio. Harekin loturarik badu laugarrenak, Elurra izenekoak, baina elektronikoagoa da; hain zuzen, elur ekaitz baten barruko soinuak irudikatu ditu Izarok, Cerodenero kantuari keinu egiteko. Bosgarren abestian, Falta zarenetik izenekoan, «aulki hutsei» egiten die erreferentzia: «Garrantzitsua da niretzat horrelako momentuetan falta direnez hitz egitea».

«Garrantzitsua da niretzat horrelako momentuetan falta direnez hitz egitea. Gabonetan beti aipatzen dira aulki hutsak, eta horregatik idatzi dut Falta zarenetik kantua»IZARO ANDRESMusikaria

Gabonak gorroto dituzten pertsonen inguruan «parodia bat» egin du Izarok Dir-dir abestian, seigarrenean. «Swing dantzagarri bat da, pianoarekin eta gitarrarekin egindakoa». Ura eskutik eskura kantua, berriz, oles kanten adibide nagusia da diskoan; ur berriaren ohiturari tiraka, oles kanten berrikusketa garaikidea osatu du Izarok. Azkenik, erritmo motelekin, Urte berri on kantuak amaitzen du diskoa.

Kursaala «etxe»

Kursaaleko kontzertuak birakoen aldean ezberdinak izango direla aurreratu du Izarok. «Oholtza gainean mahai bat irudikatuko dugu, eta bandako kideek ere bertan abestuko dute nirekin». Bere jarraitzaileak maite dituela aitortu du abeslariak, eta haiekin horrelako momentu bat partekatzeko gogo handia duela. Horrez gain, esan du Izaro Gabonetan diskoaren kontzertu bakarrak izango direla, eta «plazer handia» dela emanaldiak Kursaalean egitea, berak «etxe» sentitzen baitu jada. Kontzertuak grabatu egingo dituela gehitu du. Sarrerak Kursaalaren webgunean eta leihatilan eros daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.