Zorraren soinua isildu nahian

Garai zailean dago Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, bere zorra uste zenaren ia bikoitza baita. Irailetik aurrera, Baluarte fundazioa arduratuko da hura kudeatzeaz.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Iruñeko Udaletxe plazan kontzertu bat eman zuen 2013an bere egoera ekonomikoa salatzeko. JESUS DIGES / EFE.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Larria. Hala da Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren egoera ekonomikoa. Ikerketa bati esker jakin da haren zorra uste zenaren bikoitza dela. Orotara, 1,55 milioi euro zor ditu; erdia, ogasunari eta Gizarte Segurantzari. Orain arte, haren kudeaketaz arduratu den Pablo Sarasate fundazioa heldu den abuztuaren 31n desegingo da, eta administrazioaren menpeko Baluarte fundazioak hartuko du kudeaketaren ardura. Nafarroako Gobernuak 2016rako aurreikusitako 3,65 milioi euroko diru laguntzari beste 1,2 milioieuro gehitu dizkio, Nafarroako orkestra garrantzitsuenaren egoera ekonomiko «zaila» arintzeko.

Santa Cecilia orkestran dago Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren jatorria. Pablo Sarasate musikari erronkariarrak sortu zuen 1879. urtean. Baina, 1997an, Pablo Sarasate fundazioak hartu zuen orkestra kudeatzeko ardura, Santa Cecilia fundazioarekin batera, eta orduan aldatu zioten izena. Aurrerantzean, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa izango zen. Garai hartako Nafarroako Gobernua izan zen kudeaketaren aldaketaren sustatzaile nagusia. Ana Herrera Nafarroako Kultura kontseilariaren irudiko, kudeaketa modu hori «ez zen egokia» izan, eta egun orkestrak duen egoera ekonomikoa da horren adierazle. «Florentino Briones orkestrako kudeatzaile zenean [2007. eta 2014. urte bitartean], Santa Cecilia fundazioa existitzen zela baliatu zuen, fundazio batetik bestera dirua mugitzeko», azaldu du Herrerak. Brionesek legea urratu ote zuen ikertzen ari da orain Nafarroako Kontuen Auzitegia.

Diru falta dela eta, egoera paradoxiko dezente sortu dira Nafarroako Orkestra Sinfonikoan. Izan ere, haren zuzendari artistiko Antonio Wittek jakinarazi duenez, euren taldearekin gonbidatu gisa jo duten artista askori ez diote kolaborazioagatik ordainsaririk eman. «Telefonoz deitu izan didate gurekin artista gonbidatu gisa jo duten musikariek ez dutela kobratu jakinarazteko». Jokaera horrek orkestrari seriotasuna kentzen diola onartu duen arren, ziur agertu da berandu baino lehenago egoera bideratuko dela. Esan du berak ere ez duela kobratu hainbat hilabetetako soldata, nahiz eta ez duen zehaztu nahi izan zenbat zor dioten.

Herrerak onartu du kaleratzeak egin beharko dituztela Baluarte fundazioa Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kudeaketaz arduratzen hasten denean. Orkestrako kide diren 51 musikarien lanpostuak bermatuta daude. Ez da gauza bera gertatuko Pablo Sarasate fundazioan administrazio eremuan aritzen diren langileekin. Alor horretan kaleratzeak izango direla iragarri du Herrerak.

Orkestraren iraunkortasuna bermatzeko, zorra ahalik eta azkarren kitatzea izango da gakoa. Urgentziazko ordainketei aurre egiteko, Baluarte fundazioak 600.000 euroko mailegua eskatuko du. Besteak beste, diru hori orkestrako musikariei zor zaiena ordaintzeko baliatuko du. Ferran Tamarit Nafarroako Orkestra Sinfonikoko langile batzordeko buruak azaldu duenez, musikariei zor zaienaz Kultura Departamenduarekin hizketan ari dira. «Pablo Sarasate fundazioarekin negoziatutako hainbat kontzeptu ez dira ordaindu. Zenbait kasutan, ordainketan izan den atzerapena negoziatu dugu, eta, beste kasu batzuetan, Kultura Departamenduarekin adostea espero dugu». Gaineratu duenez, soldatetan zor dena ekain bukaerarako konpontzea espero dute. Hala ere, kezkatuta agertu da aurrerantzean emango diren zenbait pausorekin.

Izan ere, etorkizunean Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren lana erabat «baldintzatuko» duten erabakiak hartuko dira datozen asteetan. Horietako bat orkestraren egoitzari dagokiona da. Witten eta Tamariten irudiko, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren egoitzarik «egokiena» Baluarte auditoriuma da. Dena den, Herrerak aukera hori erabat baztertu du: «Hainbat bisita egin ditugu Baluartera, eta ez ditu orkestra sinfonikoaren egoitza izateko baldintzak betetzen».

Baluarte orkestraren egoitza izan ezean orain arteko izan dituzten arazoak errepikatuko direla iragarri du Tamaritek. «Kontzertu bat egin nahi dugun bakoitzean, Baluarteko auditoriumaren alokairua ordaindu behar izaten dugu. Txarteldegian sortutako diru sarrerak ezerezean gelditzen dira. Baluarte fundazioko kide izan eta auditoriuma gure egoitza ez bada, uste dugu zauria hutsean itxiko dela».

Egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta orkestrarentzat egoitza berri bat eraikitzea «astakeria» litzatekeela irizten dio Herrerak. Hortaz, Kultura Departamenduak «erdibideko» irtenbide bat aurkitu nahi du. Hala, adierazi du Agoitz kalean dagoen musika kontserbatorioa —egun, British School of Navarra ikastetxeak dauka alokairuan— orkestraren egoitza izan ote daitekeen aztertzen ari direla.

Tamarit ez dator bat inondik inora ere irtenbide horrekin. Dioenez, orkestra sinfoniko batek baldintza «egokiak» behar ditu entseatzeko. Egun, entseguak Barañaingo (Nafarroa) auditorioumean egiten dituzte, eta ez direla hori baino okerragoa den toki batera joango ohartarazi du Langile Batzordeko buruak.

Hartu-emanak sendotu

Egoera ekonomikoa bideratzeko beharraz gain, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak inguruko orkestrekin dituen harremanak sendotzeko beharra nabarmendu du Herrerak. Batez ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin «sinergia» berriak sortu nahi dituztela aitortu du. Iragarri du hori izango dela datozen asteetan izendatuko duten Baluarte fundazioko kudeatzaile berriaren zeregin garrantzitsuenetako bat. Alde horretatik, lantzen ari diren programen berri emateko konpromisoa hartuko dute bi orkestrek, aurrerantzean Baluarten eskainitako kontzertuetan obrarik errepikatu ez dadin, zenbaitetan hala gertatu izan baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.