Euskal musikaren ikur handienetako bat izanagatik ere, Niko Etxartek ez du jo azkeneko hamar urtean ez Iruñean ez Nafarroan. Hutsune hori betetzeko helburuarekin, Altzürürüko (Zuberoa) kantari eta musikariaren kontzertua antolatu dute biharkoIruñeko Zentral aretoan. Hapa Hapa bere taldearekin ariko da Etxart, eta, aurretik, Petti eta Etxeko Uzta igoko dira oholtzara. Kontzertua 21:00etan hasiko da.
Euskal Herrian rock-and-rolla euskaraz egiten aurreneko musikarietako bat izan zen Etxart, eta bere ibilbidean herri musika tradizionala ere jorratu badu ere—eta horrekin baita bi esparruen arteko distantzia murriztu ere—, Iruñeko emanaldian rocka izango du ardatz. Horretarako Hapa Hapa taldeko lagunak izango ditu ondoan: Dominic Earl (gitarra), Kiki Graciet (aho soinua), Didier Etxeberria (baxua), Pierre Hartmann (atabalak) eta Kristof Ithurritze (teklatua).
Hasiera batean Balerdi Balerdi taldeak jo behar zuen Niko Etxart eta Hapa Haparen aurretik, baina, azkenean, ezin, eta Petti eta Etxeko Uztak hartuko dute haren lekua. Hotzikarak diskoa kaleratu du aurten Berako (Nafarroa)gitarrista eta kantariak, eta lan horretan lagun izan dituen musikariak izango ditu ondoan Zentraleko oholtzan ere: Joseba Irazoki gitarrista, Iñigo Telletxea baxu jotzailea eta Igor Telletxea bateria jotzailea.
Aretoa 20:30ean irekiko dute, eta sarrerak 12 eurotan —aurrez— eta 15 eurotan —leihatilan bertan— eskuratu daitezke.
Zorra kitatzeko ordua
Hamar urte baino gehiago Nafarroan jo gabe izan ondoren, Niko Etxartek kontzertua emango du bihar Iruñeko Zentral aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu