Musika

Zoriontsu egiten bazaitu, ez da horren txarra izango

Sheryl Crow, Glen Hansard eta Mavis Staplesen kontzertu bikainekin amaitu da Azkena Rock jaialdia; Band of Horses izan da ifrentzua, epelegi aritu baitira estatubatuarrak.

Pi.L.T. taldea Azkena Rocken. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Pi.L.T. taldea Azkena Rocken. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iñaki Lasa Etura.
Gasteiz
2024ko ekainaren 24a
11:31
Entzun

Amaitu da Azkena Rock jaialdiaren 22. edizioa. Itzali dira rock erritmoak Mendizabalan, eta hasi dira apurka Mendizabalak normaltasuna berreskuratzeko beharrezkoak diren lanak. Azpiegitura desmuntatzearekin batera, egun gutxi barru ez da egongo inguru horretan rock jaialdi bat antolatu zela adierazten duen ezer. Aurten bildu diren 50.000 lagunei gehiago kostatuko zaie hiru egunak ahaztea; ajeagatik eta nekeagatik, batetik, baina baita bizi izandakoaren oroitzapen gozoagatik eta freskoagatik ere. Larunbateko hainbat kontzertu bikainena tartean: Sheryl Crow, Glen Hansard eta Mavis Staples, bereziki. Baita Pi.L.T., Warren Haynes Band eta All Them Witches ere. Ez, ordea, Band of Horses, aurtengo kontzerturik makalena egin baitzuten. Datorren urtean itzuliko da rocka Gasteizera beste behin ere, ekainaren 19an, 20ean eta 21ean. Oraingoz ez dute jakinarazi zein izar ariko diren 2025ean.

Ordubete egon zen ateri Azkena Rock jaialdiko azken egunean. Moonshine Wagonen eta Pi.L.T. taldeen kontzertu erdialdera hasi zuen euria, eta jardunaldi osoan aritu zuen atertu gabe. Zorionez, ez zen zaparradarik izan, eta eguraldiak ez zuen deus baldintzatu.

Bueltan dira Aitor Abio, Rafa Rueda, David Gonzalez eta Xanpe, eta eguneko kontzertu gogorrenetakoa izan zen Pi.L.T. laukotearena. Taldea sortu zenetik urte dezente pasatu badira ere, sasoiko daudela erakutsi zuten, eta konexio handia egon zen publikoaren eta musikarien artean. Hil da jainkoa izan zen, noski, harrera beroena jaso zuen abestia, baina ez zen atzean geratu Jo!, zeinean Abiok hartu zuen mikrofonoa eta lurrean bueltaka eta oihuka aritu zen, zaleen gozamenerako.

[Pi.L.T.] Taldea sortu zenetik urte dezente pasatu badira ere, sasoiko daudela erakutsi zuten, eta konexio handia egon zen publikoaren eta musikarien artean.

Azkena Rock jaialdiak ez du atsedenerako tarte handirik uzten, eta Pi.L.T. taldearen emanaldia amaitu bezain azkar hasi zen Glen Hansarden zuzenekoa. The Frames taldeko abeslaria izateagatik ezagutzen dute batzuek, eta Once filmean aktore lanak egin eta The Swell Season bikotearekin pelikulako soinu banda egiteagatik besteek. Bakarkako ibilbidean hainbat lan interesgarri ondu ditu; tartean, iaz argitaratu zuen bat, All That Was East is West For Me.

Sure as the Rain abestiaren lehen akordeak hasi bezain laster atertu zuen, seinale moduan. Benetan ederra izan baitzen kontzertua. Zortzi abesti jotzeko astia izan zuen soilik, nahikoa txalo zartada estua kontzertu amaieran. Folk musika egiten du Hansardek, eta aritu daiteke bakarlari gisa, baina bost taldekideren babesarekin aritu zen Gasteizen, eta indar berezia hartu zuten kantuek. Wilcok eta antzeko hainbat taldek zuzenekoetan duten formula erabili zuten: lasai hasi kantua, ohiko bidetik, estudioko bertsioari jarraituta, baina, kantuak aurrera egin ahala, eta errepikaren eta/edo zubiaren ondoren, in crescendo batekin amaitu, abestiei dimentsio handiagoa emanez.

Izan zen une intimorik, When Your Mind is Made Up ederraren hasiera, adibidez, baina Falling Slowly-rekin batez ere. Abesti onenaren Oscar saria irabazi zuen The Swell Seasonek kantu zoragarri horrekin, eta mikrofonorik gabe, eta publikoaren laguntzarekin abesten amaitu zuen Hansardek. Oilo ipurdia jarri zitzaion bati baino gehiagori. This Gift aukeratu zuten emanaldia amaitzeko, eta, zaleei eskerrak euskaraz eman ostean, garagardo bat bota zuen irlandarrak burutik behera. Kuriositate moduan, taldekide guztiak Mavis Staplesen eta Sheryl Crowen kontzertuak ikusten egon ziren ondoren, publikoaren artean, beste edozein musikazale bezala.

Warren Haynes beteranoa sasoi betean dago, eta ez du galdu gitarra maisuki jotzeko abilezia. Blues-rock kontzertu txundigarria egin zuen, gitarrista gisa duen trebetasuna erakusteko pasarte luzez beteta. Taldekideak ere ez ziren atzean geratu, eta teklatuaren eta saxofoiaren doinuekin maitemindu ziren asko. 18:00etatik 21:00etarako tartea makalena izaten da askotan musika jaialdietan, baina Glen Hansardek eta Warren Haynesek maila handiko kontzertuak egin zituzten.

Mavis Staples eta Sheryl Crow, zein baino zein hobeto

Zer esan Mavis Staplesen inguruan. Bizirik dagoen soularen mito handienetakoa da, ibilbide oparoa du, eta ez dio ezer zor inori. 85 urte betetzear dago, adinekoa da dagoeneko, eta oholtza gainean nabari zaio ahultasun fisikoa, kontzertu erdia eserita egin baitzuen, zutik egoteko zituen zailtasunen ondorioz. «Zaharregi nago», esan zien zaleei abesti baten amaieran, aho bizarrik gabe. Abesten hastean, ez zuen parekorik izan. Eserita zein zutik, sekulako indarra transmititu zuen. Iaz Lucinda Williamsekin gertatu zen bezala, hauskortasun fisikoak ez zuen emanaldia baldintzatu inoiz. Lau ahotsetara egin zuten kontzertua, hiru koristarekin. Soula nagusi, baina baita groove asko ere. Ondo pasatzeko eskatu zien zaleei, eta horretarako musika aproposa egin zuten.

Mavis Staplesek, abesten hastean, ez zuen parekorik izan. Eserita zein zutik, sekulako indarra transmititu zuen»

Sheryl Crow zen larunbateko kartelburu nagusia. Amerikako Estatu Batuetako musikaren ikonoa da, eta sarri haren izena country musikarekin soilik lotu bada ere, askoz estilo askotarikoagoa landu zuen Mendizabalan: rocka, popa, folka... Harrituta utzi zuen bat baino gehiago. «Hara, abesti hau ere berea al da? Ez nekien!». Izan ere, musikari gutxiren esku dago Sheryl Crowren abesti zerrenda. Klasiko hutsak dira If it Makes You Happy, Run, Baby, Run, All I Wanna Do, Soak Up the Sun eta beste hainbeste.

Hit ezagunenak ez ezik, abesti berriagoak ere entzun ziren, aurten argitaratu baitu Evolution duina. Pluraltasuna estiloan eta erraztasuna musika jotzeko garaian, detailerik ñimiñoena ere maisuki jo baitzuen seikoteak. Musika tresnak aldatzen ibili ziren une oro, orain gitarra bat, orain bestea, teklatuak kantu baterako, hammond-a... Asko eta ondo pentsatutako zuzenekoa dauka Sheryl Crowk. Balio handikoa. Crow gutxietsi izan duenak — ez dira gutxi, tamalez— hobe luke haren zuzenekora joan, aurreiritziak uxatu, eta abestiaren leloari jarraitu: «All I wanna do, is have some fun, I got a felling I’m not the only one». Alegia: «Ondo pasatzea da egin nahi dudan guztia, uste dut ez naizela hori egin nahi duen bakarra».

Band of Horses, axolagabe

Ikusmin handia sortu zuen Band of Horsesek. Zuzeneko ederrak egin izan dituzte Euskal Herrian iraganean. Horretaz gain, aurten Europan joko duten kontzertu bakarra zen Azkena Rock jaialdikoa. Tamalez, espektatibak bete gabe amaitu zen emanaldia. Bai, ederra da The Funeral, beti emozionatuko dute zalea No One’s Gonna Love You kantuaren akordeek, eta bihotza hunkitzen du Is There a Ghost-ek. Baina kito. Harmoniak emozio hutsalak bihurtzen dira axolagabe arituz gero. Taldekideen artean jarrerarik ez badago eta soinuak ez badu laguntzen, akabo festa. Kontzertua modu informalean azaldu beharko balitz, «hainbestean» izango zen erantzuna. Batzuetan, hitz gutxi nahikoa dira oholtza gainekoa definitzeko.

Azkena Rock / Band of Horses
Band of Horses taldea, zuzenean, Gasteizen. L. RICO / EFE

Bi aukera zeuden 22. Azkena Rock jaialdia amaitzeko: Lendakaris Muertosekin dibertitu edo All Them Witchesekin trantzean egon. Kontzertu hipnotikoa egin zuten Ameriketako Estatu Batuetakoek. Bukle asko, riff gogorrak, atabalen astintzea... potentzia handia izan zuen oinarri erritmikoak. Burua astintzen eta begiak itxita amaitu zuen jaialdia jendeak.

Maila handia izan du aurten Azkena Rock jaialdiak, musikalki goia jo du hainbat unetan, eta, jendetza bildu bada ere, erosoa izan da. Rock-and-olla ez da hiltzen, eta datorren urteko ekainean berriz itzuliko da rockzaleen erromesaldia Mendizabalara.