'FUN HOME'
Egilea: Alison Bechdel.
Itzultzailea: Danele Sarriugarte.
Argitaletxea: Txalaparta.
Alison Bechdel komikilariaren lanik ezagunena itzuli du Danele Sarriugartek, Fun Home saritu eta goraipatua, hain zuzen ere. 2006an argitaratu zuen Bechdelek Fun Home, eta kasik pare bat hamarkada igaro badira ere, oihartzun egiten jarraitzen du gaur egun. Aita zorrotz eta erreprimituarekin zuen harremana ardatz, honek familiaren egituraketan utzitako arrastoak ditu mintzagai. Aitaren bizi-hautuak eta izaera maniatikoa ulertzeko saiakera izan liteke, baina, batez ere, idazleak bere sexualitatea zein testuingurutan bizi izan zuen onartzeko era ere bada. Egiaz, aitaren istorioak eta bereak ispilu-jokoan funtzionatzen dute, elkarren isla izan nahi gabe. Hondarrean, «Hau izan gara, aita» aditzera emateko modu bat, nolabait.
Izan ere, aita-alaba harremanaz gaindi, sexualitatea askatasunez bizitzeko gatazkak eta, orobat, belaunaldien arteko talkak ikusgai jartzen ditu komikiak. Sarriugartek kontrazalean dion modura «heteroarautik kanpo bizi nahi izateak pizten duen emozio- eta aldarte-sorta» azaleratzen da istorio honetan, «ausardia, beldurra, lotsa, poz sekulakoa». Atenporala ez, baina generazio ugariren minak ukitzen dituen komiki bat da, finean.
Fun Home, Zorionaren Etxea deitzen zioten Alison eta anai-arrebek aitak herentzian jasotako ehorztetxeari. Txikitatik heriotza gertutik bizi izan zuen Bechdelek, eta haren bueltan garatutako umore garratz hori nabari daiteke komikian zehar. Izan ere, une dramatiko, are zenbaitetan tragikoak halako tonu azido batek zeharkatzen ditu. Familiaren etxe itxurati bezain asaldagarria da komikiaren muina hobekien azaltzen duen elementua. Belusezko gortinak, marko urrekaradun ispiluak, loredun horma-paperak; denak dira aitak bizi nahiko lukeen baina performatu beste aukerarik ez duen bizimodu baten erakusle. Bertan, jarreraz gogor, aurpegiak tenk, etsipen ekidinezinari eusten gogoratzen ditu gurasoak, ustezko zoriontasun hartatik urrun. Atmosfera itogarriak irudikatzen abila da Bechdel. Hala, egoera bortitzek egunerokoan antzeztutako normaltasunarekin egiten dute talka, naturaltasun osoz.
Gurasoen hoztasunak, baina, badu zirrikiturik, eta bide artistikotik lortzen dute konexio modu bat seme-alabekin. Literaturak lotzen ditu, esaterako, aita eta alaba. Lotzen ditu, halaber, nobela grafikoa harilkatzen duten azpi-trama ugari. Besteek idatzitako hitzetan topatzen dute euren burua, eta literaturaren bidez aurkitzen dute homosexualitatea bizitzeko eta elkarri aitortzeko era, betiere, bakoitzak bere irakurketatik.