Paradisua. Zoriontasun bete eta erabatekoaren metafora. Pertsona orok bilatu bai baina aurkitzea ia ezinezkoa duen egoera. Paradisu horren bila ari dira Arrate Egañak (Errenteria, 1963) argitaratu berri duen ipuin liburuko pertsonaiak: familiaren babesean gelditu edo etxetik joan erabaki beharrean dauden gazteak, bikote bizitzan bilatzen zutena ez aurkituta frustrazioak jota bizi diren pertsonak... gristasuna atzean utzi eta zoriontasuna, paradisua, bilatzen duten emakume eta gizonak.Horiek eta bestelakoek osatzen dute Paradisua-ren (Elkar) fauna.
«Paradisua une bitxi eta miresgarri bat da, eta pertsonaiak horren bila ari dira. Batzuetan, ez da erraza lortzea, eta, besteetan, espero ez dugunean azaltzen da». Egañak berak dioenez, ez da gai berria literaturan eta filosofian, eta egile ugarik landu dute aurretik ere: Antonio Machadok, Marcel Proustek , Peter Handkek... «Guztiek hitz egin dute momentu kapritxoso horretaz».
Liburua bost ipuinek osatzen dute: Neguko udareak, Grindavik, Paradisua, Mont Saint-Michel eta Abenduak 21. Eta guztietan, salbu azkenekoan, garatu du paradisuaren gaia Egañak. «Azkeneko horretan, paradisua baino gehiago, infernua da gaia, nahiz eta parentesi artean paradisua bera agertzen den».
Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearen iritziz, Paradisua osatzen duten bost ipuinek «tempus bat daukate, erritmo sosegatu bat». Eta erritmo nahiz estilo horiek dira ipuinok batzen dituen elementuetako batzuk, nahiz eta bestelakoan kontakizun ezberdinak diren, Egañak azaldu duenez. Badituzte, nolanahi ere, beste ezaugarri komun batzuk ere. Hala, familiaren inguruan osatzen diren harreman sare zabalek zipriztintzen dituzte kontakizunak. «Pertsonaien egoera ondo zehaztu nahi izan dut, zer-nolako motxila emozionala dakarten, background guztia finkatu... eta hori guztia familian dago, iraganean. Garena, nolakoak garen, han osatzen da. Eta ezaugarri horiek ondo marrazteko denbora hartu dut».
Paradisuaren gaia bost ipuinetan azaltzen da, baita nolabaiteko «errebelazioa» ere. «Epifania», Mendigurenen beraren hitzetan.
Haur literaturatik harago
Ibilbide luzeko idazlea da Arrate Egaña, baina haren lana, batik bat, haur eta gazte literaturari lotua egon da orain arte. Hasi, helduentzat idazten hasi zen arren. Hain zuzen ere, gaztelaniaz idatzitako bi ipuinekin bi sari jaso zituen 1992an: Salamancako Atenea saria eta Donostia Hiria. Eta antzerki lan batekin (Egia) Donostia Hiria lehiaketa irabazi berri du. Ondorioz, nahiz eta euskal letren munduan gazteentzat idatzitakoek egin duten ezagun, ez du sumatu «jauzi handirik» Paradisua idazterakoan. «Aurretik ere idatzi eta argitaratu ditut ipuinak obra kolektiboetan. Dena dela, hau da helduentzat egin dudan obra oso eta nagusia». Ez dio utziko haurrentzat ere idazteari, baina orain «bide bat» ireki duela uste du. «Antologia hau prestatzerakoan konturatu naiz zirriborroen artean gelditu direla beste ipuin batzuk ere, eta gustatuko litzaidake horiek ere egunen batean argitaratzea».
Zorion perfektua
Bost istorio batu ditu Arrate Egañak 'Paradisua' lanean; helduentzat idatzi duen aurreneko liburua da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu