Zoriak margotzen du

Marta Cardenasek ezustekotik garatutako margolan sorta ikusgai dago Ekain galerian

Marta Cardenas margolaria, Donostiako Ekain galerian, bere margolan batekin. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Gauza barregarri bat kontatu behar dizuet», aitortu du Marta Cardenas margolariak (Donostia, 1944). «Anaiaren etxeko komunean nengoen gauza intimo bat egiten. Bernizatutako kortxoa dauka lurrean, eta halako batean hari begira jarri nintzen. Eta otso bat ikusi nuen! Azeri bat! Emakume bat! Koadernoa atera, eta haiek marrazten hasi nintzen. Hala ateratzen dira nire lanak. Hori da nik nahi dudana. Zoriak eskaintzen dudana aprobetxatzen dut». Eta zoriak berak margotu ditu Caleidoscopio erakusketako margolanak. Egurraren gainean egindako hamabost bat olio eta paper latzean gauzatutako beste horrenbeste marrazki —kolore bizikoak gehienak— bildu ditu Cardenasek Donostiako Ekain galerian, emaitzaren prozesua azaltzen duten pare bat koadernorekin batera. Apirilaren 28ra bitartean egongo da ikusgai.

Tamaina ertainekoak edo txikikoak dira margolanak, eta ez dute loturarik haien artean, «ezustekotik» sortutakoak direlako. «Sekula ez dut jakiten nola aterako diren, ez zergatik», adierazi du margolariak. Adibide bat jarri du hori azaltzeko: «Txinatar baten burua ikusi nuen nonbait. Historiaurrekoa zen, Kristo aurreko 2500. urtekoa edo. Harekin lan egiten hasi nintzen, kolore batzuk atera nituen aldizkari batetik, konbinatu, garatu, eta, hara, ezusteko bat, lagun berri bat: katu botaduna bere kaparekin eta guzti». Horrela margotzen du Cardenasek.

Caleidoscopio izena jarri dio erakusketari, pintzelean kaleidoskopio bat daukala iruditzen zaiolako. «Eta kaleidoskopio horrek egunero erakusten dit irudi diferente bat ezustean harrapatzen nauena». Pentsatzen du denok daukagula, «jakin ez arren», armairu handi bat gure barrenean, «gauzaz beteta dagoena». «Ez dakigu zer dagoen hor barruan, baina zirrikitu batetik esku bat sar dezakegu zailtasun handiarekin, eta arakatuz gauzak atera ditzakegu». Izan daiteke, Cardenasen esanetan, zetazko lazo bat edo abarketa «nazkagarri» bat. «Inoizez da jakiten. Hori da, hain zuzen, artistaren funtzioa: barrutik ahalik eta gauza gehien ateratzea».

Eta horretarako badaude «metodoak», artistaren ustez. «Egin dezakezu bilaketa erabili izan ez dituzun materialekin, edo zeure buruari planteatu izan ez dizkiozun arazo teknikoekin. Izan ere, teknika bakoitzak bide estetiko diferente bat irekitzen dizu. Beraz, emaitza bera ere diferentea da estetikoki. Bestela, aspermen bat izango litzateke».

Behin, adibidez, «garapen formal eta serio bat» egin zuen, eta maraja bat atera zitzaion —ikusgai dago erakusketan—. «Maraja bat zela ikusi nuenean ezin nuen sinestu. Ez nekien zergatik gertatu zen hori. Ez dut pentsatzen garatzen ari naizenean. Agertu egiten da».

Garapena, koadernoetan

Garapen hori guztia artistak erakusketan bertan paratu dituen bi koadernotan dago ikusgai. Beti eramaten du bat aldean, margoen kutxatilarekin batera. «Ideiak harrapatzeko, ikasteko eta ideia horiek garatzeko baliatzen dut koadernoa». Apunteak dauzka, zirriborroak, marrazkiak, aldizkari eta egunkarietatik hartutako orri zatiak edo argazkiak... «Prozesua oso inportantea da niretzako». Horregatik power point bat jarri du Ekainen, margolan guztiak nola garatu diren ikusi ahal izateko.

Mundu guztian zehar egindako txangoekin, eta iraganera, «batez ere historiaurrera eta garai arkaikora», egindako bidaiekin elikatzen ditu bere koadernoak, eta, bide batez, bere artelanak. Erreferenteei dagokienez, «garai diferenteak» eduki ditu. «Artista guztiok daukagu aldare bat, eta haren inguruan santu batzuk daude, desagertu eta berriro agertzen direnak. Erdian, berriz, zaindaria». Dezente izan dira Cardenasen zaindariak: Vincent Van Gogh, Jean Simeon Chardin, Johannes Vermer, Diego Velazquez... «Mendian margotzen nuenean, margolari inpresionistak ere gustuko nituen». Gero etorri ziren Txina eta Japoniako artea, Txinako kaligrafiak... «Orain, berriz, ari naiz modua aurkitzen ni neu izateko zaindari hori». Izan ere, «gauza guztiez» ahaztu, «eta nahiz eta ez jakin zer aterako den, ateratzen uzten diot». Zoriak margotzen du, hortaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.