Apaltasunez baina pozik jaso zuen Iñaki Beobidek (Zumaia, Gipuzkoa, 1934) aurtengo Argizaiola saria igande arratsean, euskal diskogintzan aitzindari gisa egindako lanarengatik.
Zer sentiarazi dizu sari hau jasotzeak?
Ez nuen espero inola ere, eta hasieratik esan nien Gerediagakoei izango dela ni baino lan gehiago egindakorik, dudarik gabe, eta emateko lasai saria beste bati. Baina egia da egunean-egunean sinesten joan naizela, eta onartzen ere bai. Ez dakit hori ona den edo txarra, baina hala da.
Duela gutxi antzerkizaleen saria jaso zenuen, Ehazek emana.
Orduan antzerkian Jarrai taldearen garaian egindako lanarengatik eman zidaten saria. Antzerkian zortzi urtez aritu nintzen, eta diskogintzan, hamalau.
Zerk bultzatu zintuen diskogintzara?
Antzerkiaren munduan ahal genuena egin eta gero, hutsune izugarri bat ikusi nuen arlo horretan, diskogintzan. Eskerrak gu baino lehenago, eta diskogintza baino lehenago, Ez dok Amairu sortu zen! Tira, egia da denok lagunak ginela, kuadrillakoak ginela kasik-kasik. Ez dok Amairuri bultza eta bultza, gauza asko egin genituen. Ez dok Amairuren lehenengo emanaldietako bat, artean Ez dok Amairu izena hartu gabe zela, Jarraik antolatu zuen. Haiekin hartu-emanean eta haien beharrei erantzuteko egin genituen lehen grabazioak, Urnietan, 1967an. Bartzelonatik ekarritako ekipo batzuekin.
Orduan sortu zenuten Herri Gogoa zigilua.
Bitxia da, baina Herri Gogoaz mila aldiz hitz egin badugu ere, Herri Gogoa ez da existitu. Ez zuten sekula santan baimenik eman. Bartzelonako talde batekin hartu-emanetan jarri ginen, eta haiek Edigsa jartzen zuten, beren etxea, baimenak izateko eta legez bete beharrekoak beteta izateko. Guk sortu genuen HG izeneko kolekzioa, baina Edigsaren barruan. Horrela ibili ginen munduan bueltaka. Zoragarria baino zoragarriagoa izan zen 70eko hamarkada, eta hori da niri tokatu zitzaidana. Primerakoa.
Garai onak izan zirela diozu, baina zailtasunak ez ziren makalak.
Diskogintzako lanetan 14 urte pasa eta gero, ikusi genuen posible zuela edonork diskoa grabatzea. Baina 14 urte horietan diskogintzan aritzea posible izan baldin bazen, izan zen Paco Migolarrak ekipoak erosi zituelako eta etxe bat erosi zuelako estudioa muntatzeko. Bestela, guk ezin genuen Madrilera edo Bartzelonara joan eta hango musikariak ordaindu, eta bidaiak eta hotelak. Hori ez zen posible.
Eta orduan, diskogintzan gauzak errazago zirenean, beste arlo batera jo zenuen, han ere hutsetik hastera.
Hamalaugarren urterako, diskogintzako kontuak nahiko ondo zeudela jabetu ginen, baina sumatzen genuen bazegoela beste hutsune bat, eta hori zen telebista. Nahi genuen zerbait egin eta nahi genuen nonbaitetik atera, eta orduan horretarako lanean hasi ginen.
Esan daiteke, beraz, euskararen unean uneko premiei erantzuten saiatu zarela beti.
Bai, eta ez dakit zergatik. Ez nau inork behartu.
Zer harreman izan duzu zuk Durangoko Azokarekin?
Hasieratik izan dut harremana. Lehenbizikoetan hotz pixka bat pasatua naiz, Elizako zimitorioan egiten zen urteetan. Gero, merkatura pasa ginenean, hark zerua zirudien; eta orain a zer lokala lortu duten, urteetan egin duten lan guztiarekin!
Euskararen egoerak ere antzeko neurrian egin al du hobera azken 30 edo 40 urteetan?
Ni Zumaian jaioa naiz, eta Donostiara joan nintzenean izugarria iruditu zitzaidan kalean ia inor ez entzutea euskaraz hitz egiten. Gero ikastolek buelta eman zioten egoerari. Ikastolak sortu ziren, eta sanseakabo! Gaur egun edozein gaztek euskaraz egiten du, eta diferentea da. Eta hori ezingo dute orain egun batetik bestera moztu.
Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka. Iñaki Beobide. Aurtengo Argizaiola sariduna
«Zoragarria baino zoragarriagoa izan zen 70eko hamarkada»
Euskararen unean uneko premiei erantzuten saiatu da beti: antzerkigintzan lehenik, diskogintzan gero, ETBren sorreran...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu