Zor kitatze bat atzoarekin

'Munduko tokirik ederrena' bere lehen ipuin liburua plazaratu du Iñigo Aranbarrik. Memoriaren eta gaurraren arteko espazioan eratu ditu istorioak

itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Nola bizi atzoko guztiak gero eta pisu handiagoa hartzen didan honetan?». Galdera horrek denbora luzez erre du Iñigo Aranbarri (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963), eta hari emandako «erantzun posibleetako bat» bezala aurkeztu du Munduko tokirik ederrena, bere estreinako ipuin liburua: «Zor kitatze bat izan da iraganarekin». Historia oso urruneko denbora bada, gertuago dagoen espazio bat da memoria idazlearentzat. «Memoriak ia-ia zainen bat ukitzen digu, oraindik min ematen digun zerbait da». Baina memoriaren eta gaurko egunen artean badago beste espazio bat Aranbarrirentzat: atzoa. Eta hor erein ditu liburua osatzen duten hamar narrazioak. «Memoriatik honantz dagoen tarte hori da atzo. Bizitakoa ekartzen lagundu izan didaten helduleku horiek badoaz, eta, horren aurren, erantzun bat da liburua. Nik ez dakit orainean moldatzen atzokorik gabe».

Anari adiskidea aldamenean zuela aurkeztu zuen Aranbarrik liburua, atzo. Azkoitiarrak dira biak, nahiz eta kanpoan bizi diren aspaldi. «Azkoitian edo eskualdean ikusi dituen, entzun dituen hainbat gauzak habia egin diote Iñigori buruan, eta horiek azaldu ditu liburuan», laburtu zuen kantariak. Badoan garai bat deskribatu du egileak ipuinetan, baina hura ederretsi gabe; ez dago nostalgiarik. «Lehengo gauzak egiten azkena izatearen beldurra» aipatzen du liburuko pertsonaia batek, eta narrazioaren ahotsa hor datzala esan zuen Anarik.

Hamar ipuinetan hamaika gai azalarazi ditu idazleak. Bat bakarrera ekartzekotan, «pertsona, tokatzen zaion egoeran eta garaian, ahal dena egiten saiatzen dela», hori litzateke gaia, musikariarentzat. Baina bada narrazio batean baino gehiagotan pisua duen beste gai bat kantariarentzat: tailerraren kultura. Giro horretako eszena bat aurreratu du, zeinetan fabrikan gizon bat hil, eta biharamunean haren semeak aitak bizia galdu duen leku bera hartzen duen. Hala, gizonei buruz asko esaten duen liburua da, orobat, Anarirentzat; «literatura femeninoa» existitzen dela onartu beharko balu, eta ez duela onartzen argi utzita, «maskulinotzat» joko luke liburua, «asko hitz egiten delako gizonen arazoak konpontzeko eraz, bere gizon izateak sortzen dion kaiola horretatik».

Herentziaren ideiak ere zeharkatzen ditu ipuinak. «Nola injustizia, mina eta etsipena ere heredatzen diren etxean; nola, batek nahi ez izanda ere, belaunaldiz belaunaldi pasatzen doan ondasun bat den, eta norberak bere egunerokoan hainbeste gauza ebazteaz gain ebatzi behar dituen aurretik datozkionak». Aranbarrirengan konstantetzat dituen beste bi elementu ere aipatu zituen kantariak: «Injustiziaren eta boterekeriaren salaketa» eta idazkera oparoa. «Ezin da Iñigoren literaturaz hitz egin bere hizkuntzaz hitz egin gabe; beti bezalako prosa aberatsa darabil, baina inoiz baino gozoagoa da».

«Giza flysch batean»

Espazioekin eta pertsonekin gertatzen zaio. «Iragana berregiteko» funtzioa dutela dio Aranbarrik; lekuak zapaldu, jendearekin elkartu, eta emozio zaparrada hasten zaio barruan. «Egunero bizi gara giza flysch batean: jendea jendearen gaineko zoru hori zapaltzen ari gara egunero. Espazio horrek bizi gaitu, baina arnasten dugun airea kutsatuta dago; ez gara libreak». Horren jakitun egotearen «zamarekin» idatzi du liburua. Eta eman ditu adibideak: «Banoa kalera, eta, orain smarthpone denda bat dagoen tokian, lehen lagun baten amak fruta denda bat izan zuen, eta badakit han zein jende biltzen zen, eta hango askori zer gertatu zaien. Taberna batean sartzen naiz, eta gogora datorkit taberna horretan nola hil zuten gizon bat, eta nola gizon hori ikusi nuen izara batez estalia. Edo emakume batekin geratzen naiz hizketan, lagun baten ama da, eta nire laguna heroinak eraman zuen, eta pentsatzen dut emakume horrek pentsatuko duela nirekin egonda: 'Hau izan zitekeen nire semea, baina ez da'». Material hori dena beste genero batzuetarako osagai ere izan zitekeen, baina ipuinetarako erabili du berak, literaturaren egitekoa hobetsita, «fikzioa egiteko arriskua» hartuta.

Munduko tokirik ederrena «geografia bat» ere bada Aranbarrirentzat, zeinak babes funtzioa betetzen duen. «Nonbaiteko, komunitate bateko sentitze horrek arindu egiten du mundualdi hau». Lotzen dituen sorterriko geografia horretara itzuli zen Anari: «Kanpoan bizi bazara, beti sartzen zara herrira antzerki obra handi batera bezala, denboran aspaldi datorrena eta infiniturantz doana, non pertsonak, familiak, gertaerak elkarrekin lotuz joaten diren ezinbestean, eta hori dena handitzen doan bola bat bezala iristen zaizun. Hori ondo islatzen da ipuinetik ipuinerako loturetan; horrek eman dio osotasun eder bat».

Raymond Depardonen lan bat hautatu du egileak liburuaren azalerako, 1980ko hamarkadan Glasgown ateratako irudi bat. Erreta dirudien etxe bat ikusten da, eta, azpian, bizitza arrastoak: dendak, errepidea eta adineko pertsona bi, alde banatara begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.