Zinema

Zonbien maisua hil da

Beldurrezko eta fantasiazko zinemaren erreferentea izan da George A Romero zinemagilea. 77 urterekin hil da.

George A Romer zinemagilea. ANDREA MEROLA / EFE
Inigo Astiz
2017ko uztailaren 17a
11:42
Entzun

Bizi zuen garaiaren beldur eta izu guztiak kondentsatzeko gai izan zen munstroa pantailaratzea izan zen George A Romero zinemagilearen azertu nagusia (New York, 1940 - Toronto, 2017). AEBetako gizartearen makur guztiak irudikatuko zituen ikurra sortu zuen 60ko hamarkada amaierako bere zonbi filmekin. Beste hainbat belaunaldikiderekin batera, zinema egiteko modu bat ere inauguratu izana aitortzen diote zinema adituek: aurrekontu txikiak, ekoizpen etxe handien bazterrean, eta halere aretoak betetzeko gai. Toronton hil zen, igandean, zonbien maisua.

[youtube]https://youtu.be/vEVjoAwC-3Q [/youtube]

The Night of the Living Dead filmarekin hasi zuen bere ibilbidea, 1968an. 120.000 dolar eskaseko aurrekontua izan zuen hura filmatzeko, baina maisulan bat egin zuen zuzendariak. Izua eta umore tanta batzuk tartekatuz, AEBetako gizartearen kontsumismoaren eta inkomunikazioaren aurkako satira zorrotza egin zuen Romerok zonbi saldo baten bidez. Arrakasta izan zuen filmak, eta genero bereko hainbat lan sortu zituen hurrengo urteetan: Dawn of the Dead (1978) eta Day of the Dead (1986) tartean. Romerok ezarri zituen generoaren garapena ezarriko zuten arauak, eta milaka imitazio izan zituen urteekin.

Egin zituen zonbien filmez bestelako lanak ere, baina bueltatu egiten zen gero generora. Industria handiarekin ere izan zituen  hartu-emanak, eta 1982ko Creepshow eta 1987ko Monkey Shines lanak izan daitezke horren adibide.

Zinemagintzarekin kritiko

Ez zen guztiz eroso sentitzen maisu izendapenarekin, eta ez zuen genero bat sortu zuenik sentitzen ere. Hamasei film egin zituen guztira, baina gehiago egiteko gogoz gelditu zen. Zonbi film gehiago bazituen prest, baina ez zuen finantzaketarik lortu. Satira zorrotzez deskribatu zuen, esaterako, 2005ean filmatutako Land of the Dead filmak sortutako buruhausteak. “Hori da egin dudan zonbi filmik handiena, eta ez dut uste hain handia izan behar zuenik ere. Aktoreak kontratatzen joan zen dirurik gehiena. Oso onak ziren, baina ez dut uste hainbeste diru gastatu behar zenik. Dennis Hopperren puruen aurrekontua handiagoa zen Night of the Living Dead filmaren produkzio kostu osoa baino. Halaxe dira gauzak”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.