«Musika euskaldunaren eta katalanaren arteko konplizitatea indartzeko asmoarekin» sortu zuen Bartzelonako Euskal Etxeak Euskal Herria Sona jaialdia. 21. aldia du aurten. Azaroaren 9an hasiko da festibala, Borneko ibilbidean, Zizelen kontzertuarekin. Alberto Martinezen (Azkoitia, Gipuzkoa, 1990) rock proiektua da, eta Serendipia diskoa aurkeztuko du EH Sonan, Mikel Iraetarekin (Azkoitia, 1992).
Biharamunean, rock musika doinu tradizionalekin nahasten dituen Lilit i Dionis (Pego, Valentzia) talde katalanarekin batera igoko da Aneguria (Bilbo, 1984) l'Harmonia ateneoko oholtzara. Azaroaren 15ean, Su Ta Garren zaleek Apolo aretoko 2. gelan izango dute taldea entzuteko aukera. Biharamunean, Liher taldekoak Euskal Etxean bertan arituko dira.
Azaroaren 23ko gauean, berriz, Willis Drummondekoek lehen aldiz joko dute Bartzelonan. Tabula Rasa diskoa aurkeztuko dute, Salamandra aretoan. Ez dira bakarrik arituko, Smokig Souls rock taldeak ere kontzertua joko baitu gau horretan, lapurtarren segidan. Pegokoa da talde hori ere, Lilit i Dionis bezala, eta Cendra i or diskoa —hirugarrena dute— aurkezteko bira bukatuko dute EH Sonan.
Jaialdiko azken hiru kontzertuak izangodira: Kepa Junkera, azaroaren 24an, Euskal Etxean; Glaukoma, abenduaren 1ean, Bovedan; eta, azkenik, Doctor Deseo, abenduaren 14an, La Naun.
Osagarriak
Kontzertu sortaren osagarri, ohi bezala, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bartzelonako Euskal Etxekoek. Hala, argazkilaritza tailerrak egingo dituzte azaroaren 9, 15 eta 30ean, Ikor Kotxekin, Igotz Ziarretarekin eta Eider Iturriagarekin, hurrenez hurren.
Azaroaren 23an, bestalde, 2 Princeses Barbudes taldeak enaren bizimodua azalduko du kantuz kantu Enaren kontuak ikuskizunarekin.
Zizelek irekiko du Bartzelonako EH Sona jaialdiaren egitaraua
Azaroaren 9an emango dute kontzertua. Aneguria, Su Ta Gar, Liher, Willis Drummond, Junkera eta Glaukoma ere arituko dira festibalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu