Literatura. 'ZURGINAREN IPUINA'

Zizel-lanak

2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Egilea: Iban Barrenetxea.

Itzultzailea: Arkaitz Goikoetxea. Argitaletxea: Txalaparta.

Ez dakit zer duten diseinatzaile grafikoek, baina haur literatura egiten hasten direnean ahozabalik uzten dute literaturzalea. Kondairak hala dio Leo Lionni-ri buruz (Frederick, Igeritz...), hala ezagutu genuen Elena Odriozola duela bi hamarkada (pentsa al liteke egungo haur literatura bere ilustraziorik gabe?) eta halatsu etorri zaigu Iban Barrenetxea: txunditu egiten gaituzte.

Obra honek Gaztelaniaz idatzitako Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso zuen iaz, bai eta Espainiako liburu saltzaileen CEGAL elkartearen 2011ko liburu onenaren saria ere, jatorriz El cuento del carpintero izenarekin argitaratu zelako.

Orain euskaraz argitaratu da, eta itzulpenak ez dio kalte egin; alderantziz, jatorrizkoak zuen hizkera antigoaleko «bitxi» horren ordez idazkera gaurkoago batek mesede egin dio testuari, fokua kontaketan ezartzen duelako, idatz-moldeetan despistatu gabe.

Istorio sinple bat aurkezten zaigu, barne mekanika eraginkor batekin, «bakarrik» egiten duena aurrera.

Kontaketa nagusiaren barruan bizpahiru anekdota txertatuta ipuinak sakontasuna irabazi du, irudimenaren suspertzaile bihurtzen diren alboetako igarobideak sortuta. Eta ilustrazioarekin ere berdin: antigoalekoak diruditen ordenagailuz egindako ilustrazioek —sepia eta gris koloreetan— hari nagusitik aparte dauden entretenigarriak eskaintzen dituzte, irakurketa bisualari plazera gehitzen diotenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.