Zizek berrartzeko abagunea

Filosofoak COVID-19aren krisian idatzitako 'IZUrriA!' itzuli du Danele Sarriugartek, eta hitzostea egin dio Imanol Galfarsorok

Danele Sarriugarte itzultzailea, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Garazi Arrularen esanetan, azken asteek argi utzi dute larrialdi garaiek nola hedatzen duten ziurgabetasun giroa, nola gehitzen dituzten galderak, zalantzak, kezkak. Eta argitaldariek ere badute beren ardura, Txalapartako editorearen ustetan: «Ez galderok erantzuteko, baina bai behintzat atzean dagoena ulertzen saiatzeko». COVID-19aren pandemia hasi zenetik, plazaratu dira jada garaiko krisiari heldu nahi dioten zenbait lan, eta horietako bat ekarri nahi izan du Txalapartak euskarara: Slavoj Zizek filosofo esloveniarraren Pan(dem)ic! saio laburra —lehen aldiz heldu da egilea euskarara liburu formatuan—. Danele Sarriugartek itzuli du, eta polisemiarekin jokatu du euskarazko izenburua ematean ere: IZUrriA!.

Hamar atal, hiru testuz osatutako eranskin bat eta Imanol Galfarsororen hitzostea dakartza liburuak. Hainbat gai landu ditu Zizekek horietan, eta argazki «zabal xamar bat» egiten duela aipatu du itzultzaileak, Txinako erregimenera, Europara, Siriako gerrara eta beste hainbat auzitara jaisten baitu fokua. Garrantzia eman dio izuaren ideiari, Sarriugartek puntu interesgarritzat jo duena: «Esaten du izutu beharko genukeela izutu beharreko arrazoiengatik (klimaren egoeragatik eta ez beste askorengatik), eta ez komuneko paper faltagatik. Datuak ezagutu behar ditugula, eta ez begiratu hainbeste funtsik gabeko beste izuei».

Itxialdi sasoian itzuli zuen lana Sarriugartek, eta, azaldu duenez, «hausnarketa pausatuago bat» egiteko aukera izan zen beretzat. Are, Zizeken gaineko «azaleko ezagutza» gainditzeko ere baliagarri den liburua dela aipatu du, haren bideo ezagun eta zirikatzaileez harago joateko aukera bat. «Zizek 2010ean egon zen hemen, egin zizkioten elkarrizketa batzuk, idatzi ziren zutabeak, eta ezagun egin zen Euskal Herrian. Haren ateraldiak hartzen dira gogoan, baina, kasu honetan, badaukagu aukera, azaleko ezagutzatik harago, saiakera labur eta iristerraz baten bidez, bere pentsamendura iristeko».

«Beti dakar zerbait» Zizekek, Arrularen hitzetan, «ez du epel uzten inor». Liburu honekin ere sortu zuen harrabotsa, eta kontrako iritziak ere eragin zituen. Hainbaten ustez, pandemiak kapitalismoaren amaiera ekarriko duela uste du Zizekek, baina ez da hori pentsalariaren iritzia, editoreak argitu duenez. Hark aldarrikatzen duena «komunismo molde berri bat» dela azaldu du: «Komunismoa entzun, eta etortzen zaigu Marx gogora, baina ez da hori: salbatuko gaituen molde bakarra delakoan aldarrikatzen du berak. 'Komunismoa ala barbarismoa', dio».

Zerk ordezkatuko zer

Imanol Galfarsorok egin dio hitzostea liburuari, Leeds Unibertsitateko (Erresuma Batua) Diseinu Eskolan Soziologia eta Filosofia irakasle eta International Journal of Zizek Studies-en editore denak. Pandemiaren erdian, pandemiaz hain azkar idatzi eta argitaratzeagatik kritikatu zuten askok, eta azaldu du zergatia Galfarsorok: «Ez du pentsamendu sakon bat antolatu nahi izan COVID-19aren inguruan, baizik eta jendeari ohartarazi zein unetan gauden. Esaten du egoera hau ezin dela ulertu emergentzia mediku bat bezala; ez dela zientziak konpondezakeen egoera bat. Momentu guztiz politiko batean gaudela dio: oinarri-oinarrizko gatazka existentzial baten aurrean». Gatazka horrek orain arteko bizimodu osoa zalantzan jartzen duelaerantsi du: «Borroka da zerk ordezkatuko duen zer etorkizunean».

Komunismo berrituaren aldeko Zizeken apustuari ere egin dio azpimarra filosofoak. Komunismo hitza «iraganeko porrotekin» lotu ohi dela aipatu du, baina horrek ez duela zerikusirik Zizeken planteamenduarekin. «Estatu neoliberalak interbentzio ekonomikoetan parte hartzen ari dira, eta horrelako neurriez ari da. Elkarbizitza, elkartasuna... halako baliok garatuko dituen gizarte berri baten aldeko joera da harentzat komunismoa».

Zizeken jarraitzaile deklaratua dela onartu du Galfarsorok, eta, Sarriugarteren haritik, Euskal Herrian «bere unea» izandako pentsalari bat dela aipatu du, gero bazterrean geratzen joan dena. «Jendea nekatu egin da berarekin, baina nik esango nuke Zizek dela munduan egun dagoen intelektualik serioenetako bat, txisteekin agertu arren askotan». Zizek ez dela «moda kontua» esan du, haren pentsamendua «continuum» bat dela. Iragarri du irailerako artikuluen liburu berri bat kaleratuko duela. «Gainditu behar dugu unean uneko intelektual berriaren atzetik joatearen hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.