Ehun urte bete ditu Baionako Euskal Museoak; haatik, ehun urte baino askoz ere gehiago kontatu ditu urteen joanean. Gizarte museoa da Baionako Euskal Museoa: hain zuzen, haren helburua gizarteko garai eta giroak biltzea da, belaunalditik belaunaldira ohiturak betiko gal ez daitezen, eta horien herexa baratu dadin hor; jendearen egunerokoan ez bada. Oraingoan, bere garaian erakutsi zituzten zenbait elementu atera dituzte berriz, museoak zeharkatu dituen aroen irudikatzeko.
1924ko otsailean ireki zituen ateak museoak. Aitzinaldean ezarri zuten zur puska batean bazen idatzirik, mantetxaren gisa: «Hemen sartzen dena bere etchean da».
Euskal etxaldeko sukaldea
Baionako Euskal Museoko lehen zuzendaria William Boissel izan zen, 33 urtez, 1922tik 1955ean zendu zen arte. Xedea abiarazi zutenen artean egon zen Boissel, hots, 1922an jadanik. Proiektuetatik lehena garai hartako euskal etxaldeetako giroa birplantatzea izan zuten, eta, batez ere, sukaldeena. Hortik, objektu bilketan hasi ziren: etxez etxe bazihoazen material eske. Batzuek dohainik ematen zizkieten, eta beste batzuei erosten zieten; solairutik lurrera denak berezko itxura izan behar zuen. Orduan, oraino kasik haboro ezagunak ez diren zenbait hitzi asimilatzen diren objektuez osatu zuten euskal sukaldea: zizeilua, pegarra, ferreta... Mantetxa ere bada tximinia gainean, erranaldirik gabe, haatik; baditu fusil batzuk ere murruari loturik bezala. Eta, solairutik behera txilintxau, urdaiazpiko bat.
Garai horietan, laborantza mundua hainbat gorabeherari aurre egiten ari zen, eta hortik heldu zen, hain zuzen, beste zenbait arrazoiren artean, etxaldeen barne horien erreproduzitzeko ideia. Halere, iraganari ez ezik orainari eta etorkizunari ere so zaion museo baten xedea zuten. Horrendako, garai hartako zenbait margolariren lanak erakutsi zituzten, eta baita hitzaldiak antolatu ere museotik hurbil zen euskal aterpetxean. Ehun urteen erakusketan horiek denak agertzen dituzte berriz: 1924an jadanik erreproduzitu zituzten sukalde horien barnea eta orduko zenbait margolarien lanak.
1955ean, Boissel zendu zenean, Jean Ithurriagak hartu zuen zuzendaritzaren erreleboa bost urtez —1960ra arte—, hura ere zendu zen arte. Urte laburrak izan ziren, eta, nagusiki, bi xede eraman zituen aitzina: lehenik, museoaren parte bat pilotari dedikatu zion osoki; bigarrenik, ondare immaterialak ere lekua ukan ahal izateko, magnetofono bat ezarri zuen.
Euskal boom kulturala
1960an, Jean Haritxelarrek hartu zion segida Ithurriagari. Orduan, 60ko hamarkada aitzina abiatu zen, eta euskal kulturaren boom historikoa gertatu zen: Euskal Kantagintza Berriaren mugimendua martxan zen, mugimendu abertzaleak han eta hor hazten ziren Ipar Euskal Herrian, kantaldiak antolatzen ziren eskuin-ezker... Eta, kantaldi horietan, izan ere, Manex Pagola agertzen zen kantuan, zeina museoko etnografoa baitzen, gainera. Euskal kultura loratzen ari zela, Haritxelarrek leku berezia egin nahi izan zion, eta museoko liburutegia anitz garatu zuen; erreferentzia berriz bete. Hainbat animazio ere antolatu zituen museoaren barnean berean.
Ehun urteen erakusketan ageri dira garai hartako egitasmo kultural eta politikoen afixak, baita euskal nortasunaren garai hartako aldarrikapen harro horri aurre egiten zion folklorizazioaren irudikapena ere. Hain zuzen, parez pare emanak dira, aurkari bezala, garai hartako —eta oraino gaur-gaurkoak diren— bi joerak: alde batean, aberri egunera batzeko deialdiak eta kantaldien afixak, adibidez, eta bestean, espartinak eta bonetak.
Museoaren zuzendarietan laugarrena Olivier Ribeton izan zen, eta haren lan nagusia museoaren berritzea izan zen: 1989tik 2001era egon zen hetsirik obrak egiteko. Noski, gizarte museo baten berezitasunetako bat da ehunka elementu biltzen dituela garaiz garai, horien irudikatzeko asmoz. Baina, gero, eskubiderik ez dute horiek botatzeko edo saltzeko. Orduan, leku anitz behar ohi da artxibo guzien biltegiratzeko. Hala gisan, elementuak biltegitik erakusketara heldu dira berriz noiztenka. Adibidez, obren ondorioz kendu behar izan zuten museoaren atarian zegoen mantetxa, baina, zur puska zizelkatua behin betiko erakusketaren parte da; seinale ehun urte iraganik ere hara sartzen dena bere etxean dela.
BISITA GIDATUAK EUSKARAZ
- Urria. 13a, 15:00etan.
- Azaroa. 17a, 15:00etan.
- Abendua. 1a, 15.00etan.
- Urtarrila. 3a, 15:00etan.