Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Ziurtasunez, gorantz salto

729,5 puntu eskuratuta, Alaia Martinek irabazi du lehenengo finalaurrekoa, Elizondon. Joanes Illarregik egin du bigarren, saio bikaina eginda. 1.400 lagun batu dira Baztan pilotalekuan

Alaia Martin hasieratik nabarmendu zen, atzo, Elizondon, eta hura izan zen puntu gehien bildu zuen bertsolaria. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Elizondo
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Hasiera indartsua izan du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen faseak. Izan ere, atzo jokatu zen aurrenekoa Elizondoko Baztan pilotalekuan (Nafarroa), eta, han, Alaia Martin izan zen nabarmen denetan nagusi, 729,5 punturekin. Saioa irabazita, beraz, zuzenean sailkatu da finalaurrekoen bigarren itzulirako. Hala, Amurrioko (Araba) finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 19an.

Atzetik izan zuen Joanes Illarregi, 711 puntu bilduta. Handiagoa izan zen koska hirugarrenarentzat, 677 punturekin egin baitzuen hirugarren Agin Laburuk. 24,5 punturen aldea atera zion hurrengoari, Unai Agirreri (652,5). Onintza Enbeita izan zen azken-aurrena, 639,5 punturekin, eta Iñaki Apalategik egin zuen azken, 623 puntu eskuratuta.

Oso saio ona izan zen, eta tenple onean aritu ziren orokorrean bertsolariak; gutxitan behera eginez. Nolanahi ere, erabat biribila izateko kolperen batzuk-edo falta izan zitzaizkion saioari. Bertsolariek ez ezik, publikoak ere ederki berotu zuen giroa, gogotik egin baitzuten txistu eta txalotu baitzuten joan ziren 1.400 bertsozaleek.

Final-laurdenekin alderatuta, bi lan ezberdin izan ziren atzoko saioan, eta hala izango da azaroaren 12ra bitartean. Puntukako ariketa eta seiko motza izan ziren bi ariketa berriak. Puntutan, Txapelketa Nagusian egin ohi den bezala, launa bertso osatu zituzten. Seiko motzean, ostera, hiruna. Gainerakoan, aurreko faseko ariketa berak izan ziren: zortziko handia, zortziko txikia eta ganbarako lana. Denera, hamabost bertso puntuagarri osatu zituen bakoitzak.

Fase berri honetan epaile lanetan arituko direnak ere beste batzuk izango dira: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.

Zortziko handian hasi zuten saio puntuagarria. Martinen eta Enbeitaren arteko bertsoaldia izan zen, ziurrenean, txalotuena. Amaia Castorene gai emaileak jarritako gaiaren arabera, bi suhiltzaileren larruan jarri behar izan zuten. Maiz, duten ordutegi eta txandekin ederki bizi direla entzun behar izaten dutela kantatu behar izan zuten. «Gertatzen dena kasu batzutan/zaila da hitzez azaltzen/eta etxera joandakoan/barruko sua itzaltzen». Hala abiatu zuen bertsoaldia Martinek. Ondorengoa izan zen Enbeitaren erantzuna: «Sarri adarra jotzen digute/gorputz ona dugulako/baina bizitza ezta erraza/ egutegitatik kanpo». Soldata ona izanagatik ere, suhiltzailearenlana gogorra dela azaldu zuen azken bertsoan Martinek: «Nahiz ta soldata ta jai egunak/ederrak diren argi da/istriputako flashback ilunak/betiko geratzen dira».

Zortziko txikian ere fin ibili zen Martin, eta ariketa osatzeko, indartsu aritu zen kide bat izan zuen oholtzan lagun: Illarregi. Sex shop bat ireki berritan, lehen lan eguna duen langilearen azaletik kantatu behar izan zuen Illarregik, eta, gaiak aginduta, lehen lan egun horretan ezusteko bisita bat jaso zuen: bere amarena, Martinena. Publikoa algara eta txalo artean lehertu zuen bien artean osatutako bertsoaldiak. Illarregik kantatu zuen lehen kolpea: «Kuriositatea/daukazu jatorri/irrifar bat ahoan/bi musuak gorri/animo esatera/etzara etorri». Umore zantzuekin josi zuen erantzuna Martinek ere: «Ta zure kolorea/ kolpez txuritu da/nik ere sumatzen dut/azpian azkura/nola etorri zinen/bestela mundura?». Eta horri ere, fin erantzun zion Illarregik: «Amak kontatu nahi du/pasarte zikina/sekula enintzake/jaioko jakina/jostailuekin ari/izango bazina».

Bertsoaldi ederra osatu zuen Illarregik ariketa horretan, eta hala egin zuen saio osoan; nabarmentzekoa izan baitzen, hasi eta buka egin zuen saioa. Hasierako agurretik egin zuen abisu bost bertsokideri bertsoz eutsiko ziela, ez zela Baztanera joan Xorroxin bisitatzera, alegia. Baita hitza bete ere.

Seiko motzeko ariketa iritsi zen geroago. Ez zen bertsorik erori ariketa horretan ere. Agirrek eta Laburuk ondorengoa zuten hiruna bertso osatzeko gaia: «Bikote zarete. Gabonak datozela-eta, Agini Unaik proposatu dio familia kontuak utzi, eta gabonetan oporretan joatea». Laburuk bota zuen lehendabiziko kolpea: «Ni zurera joan nintzen/giroarekin larritzen/zure etxea ezagututa/ni enaiz harritzen». Ondorengoa erantzun zion Agirrek: «Alde egitea gurari/kontu berdina aditu gabe/zure izebari».

Ganbara izan zuten egin beharreko hurrengo ariketa. Ondorengo gaiaren gainean kantatu behar izan zituzten hiru bertso: «Eskua hartu dizu. Indartsuago sentitu zara». Bistan da atea nahiko zabalik utzi ziela gai-emaileak bertsolariei; eurek aukera zezaten zein bide hartu.

Ateraldi politak izan ziren, oro har, sei bertsolariek botatako ganbarako hiru bertsoetan, nahiz eta egon zen indartsu sentitze hori ondo zehaztu ez zuen bertsolaririk. Martin izan zen goitik ariketa horretan. Eskolako lehen eguna duen haur baten larruan jarri zen, eta ederki deskribatu zituen haur horren azaletik sentitzen zituenak, eta indarra eman zion eskua amarena izan zela azaldu zuen. «Ama adi-adi daukat/nigan bere begirada/eskutan suma nezake / bere bero ta taupada/eskuak batuta sortzen/da arima besarkada». Behin eskolara bidean jarrita bere burua, hala amaitu zuen hirugarren eta azken bertsoa: «Ta eskua askatu dit/nik hartu dut ziur pinta/ pentsatu dut gaurkoa/dugula egun polita/noizbaiten erortzen banaiz/eskua helduko dit ta». Ariketa amaituta, gogor jo zion txalo publikoak. Saioa aise irabazita, publikoari eskaini zion, besteak beste, amaierako agurra. Hau kantatu zuen:

Muxu bat zuri amona
morez margotuta
udazkenak jarraitu
beza loratuta
entzule agurtzen naiz
oholtzatik musuka
ta atzetik sentitu naiz
horren babestuta
batzutan ziur edo
igual beldurtuta
bidea egin dezagun
eskutik helduta.

Hurrengo saioak

Lau saiok osatuko du denerafinalaurrekoen lehen itzulia. Urriaren 29an izango da hurrengoa, Donibane Garaziko Jai Alai pilotalekuan (Nafarroa Beherea). Bertsolari hauek izango dira kantuan: Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.

Irunen, Ficobako espazioan (Gipuzkoa) jokatuko da fase honetako hirugarren finalaurrekoa, azaroaren 5ean, eta Durangoko Landako gunean (Bizkaia) amaituko da lehen fasea, azaroaren 12an. Behin saio guztiak amaituta eta sailkapen orokorrari erreparatuta, puntuaziorik baxuena duten sei bertsolariek ez dute aurrera egingo. Aurrera egiten dutenak, berriz, ez dira hutsetik hasiko. Lehen faseko eta bigarren faseko puntuak batuta erabakiko da zein zazpi bertsolari sailkatuko diren finalerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.