Libertimendu eramaileak

Ihitz Iriart eta Xan Berterretxe: «Zirtzilak oraino basatiago agertuko dira parean baldin badute dantzari talde diziplinatu bat»

Libertimenduetan, dantzarien garrantzia bigarren mailara ekarria izan da luzaz, eta hala da oraino gaur egun ere, batzuetan. Haien funtzioa aldarrikatu dute Berterretxek eta Iriartek.

LIBERTIMENDUA DONAPALEUN
Donapaleuko libertimenduko dantzariak. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Libertimenduak berpiztu baziren, zirtzilen ildotik piztu ziren gehienbat. Alta, badira dantzariak bazter utzi behar ez direnak, eta libertimenduaren oreka lortzeko ezinbestekoak direnak. Bada, Baiguran (Nafarroa Beherea) Baigurako Bolantak kolektiboa sortu dute, hain zuzen pertsonaia horren rola lantzeko eta transmititzeko. Bolantik ezean zirtzilik ere ez dela azaldu dute Xan Berterretxek eta Ihitz Iriartek.

Dantzariak luzaz bigarren mailako pertsonaia gisa irudikatu izan dira libertimenduan; hala da oraino, batzuetan...

IHITZ IRIART: Dantzarien edertasunari, isiltasunari eta funtzioari, hastapenean, iruditzen zait ez zitzaiela hainbesteko garrantzia ematen. Horren ondorioz, oreka galtzen ari zen: denek itxoiten zituzten zirtzilak. Libertimendua berdin zirtzila; ez luke horrela behar. Bada dantzariaren paperaren betebeharra. Mutua da, alde argia da, dotorea, eta parean denarekiko distantzia bat markatzen du.

Hain zuzen, Baigurako Bolantak kolektiboa sortu da Baiguran...

XAN BERTERRETXE: Dantzarien eta bolanten kargua lantzea beharrezkoa baita. Azken urteetan, libertimendua zirtzila zen, eta hala da oraino ere anitz; indarra horretan ezartzen da. Baina bolantak badu espazioaren kontrola. Haren indarrak dira jantzi ederrak, gorputza eta horren diziplinatzeko gaitasuna, beste bolantekin koordinatzeko gaitasuna... Ordena ordezkatzen du; eremu politiko hori finkatzen du, eta hark utziko ditu zirtzilak sartzen.

Problema hori da: bolantak zirtzilen ateraldien arteko pausaldia bilakatu ziren, baina besterik gabe. Horrek ahultzen ditu zirtzilak ere: ez badu kontrapunturik... Antzerkiak oro har kontrastez funtzionatzen du, eta libertimenduak bereziki. Helburua da urtez urte bolant talde bat osatzea eta transmisio lan horren egitea kargua barneratuz. Indartzeko bolanten partea, bai, baina kontrastez indartzeko zirtzilena ere. Zeren eta zirtzilak oraino basatiago agertuko dira parean baldin badute dantzari talde bat ordenatua eta diziplinatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.