EUSKADIKO ORKESTRA
Zuzendaria: Lukasz Borowicz. Pianoa: Rafal Blechacz. Egitaraua: B. Arzamendiren Sorginen soinua, C. Saint-Saensen Pianorako 2. kontzertua, op. 22 eta K. Szymanowskiren 2. Sinfonia, op. 19. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urtarrilaren 27a.
Aurrera doa Euskadiko Orkestraren denboraldi sinfonikoa eta, horrekin batera, programazioa definitu zuen gaiari zuzenki eusten dioten obrak. Oraingoan, Beatriz Arzamendi konpositore arrasatearraren Sorginen soinua obrak ireki zuen kontzertua. 2021. urtean idatzi zuen eta, haren hitzetan, omenaldia egin nahi die Baztango ibarrean eta eskualde mugakideetan sorginkeriagatik jazarpena jasan zuten emakumeei, «sasi guztien gainetik» eta «laino guztien azpitik» biltzen zirenak. Partitura betea da, egitura argi eta aberatsarekin emakume-sorgin haien bilerak gogora ekartzen dituena, tarteka antzinako dantza ezezagun batean murgilduta zoruaren kontrako oin-kolpeak bezala entzuten diren motibo erritmikoak baliatzen dituena.
Akelarre eta irrintzien ondoren, Camille Saint-Saensen piano errepertorioko pieza esanguratsu bezain berezia eskaini zen: haren Pianorako 2. kontzertua. Hamazazpi egunetan idatzi zuen osorik eta, egitura aldetik hain originala izanik ere, erreferentzia handia da pianista zein musika zaleentzat. Badirudi Saint-Saensek hainbat estilo nahasten eta harilkatzen dituela mugimendu bakoitzean, eta esan daiteke Blechaczek maisuki bideratu zituela horiek guztiak, osotasun zentzu liluragarria eraikiz. Kontrapuntu ia barrokoan barrena guztiz doi, pasarte erromantikoenetan norabide eta dinamika garbiaz eta, noski, azken Presto-ak aurkezten duen energia-zurrunbilotik nahastu gabe igaro zen, teknika bikaina oinarrian eta orkestra bizia bidaide.
Bigarren zatian, Karol Szymanowskiren, Poloniako konpositore garrantzitsuenetakoaren 2. sinfonia zirraragarria aurkeztu zen. Nolabait, estilo erromantiko berantiarretik hizkuntza modernistago eta pertsonalago batera egin zuen trantsizioaren lekuko da. Lehen mugimenduaren dramatismoan orkestra guztiz adierazkorra izan zen, Borowiczen batutarekin bat. Eta bigarrenean, bariazioen eta ehunduren konplexutasunean murgilduta eta musikarien lan finari esker, orkestrazio joriak hartu gintuen. Programa distiratsua eta kartsua izan zen.