KRITIKA. Literatura

Zirrara mintzo bedi

'Arturoren uhartea'
2025eko otsailaren 23a
04:00
Entzun

'ArturoREN UHARTEA'

Idazlea: Elsa Morante. Argitaletxea: Erein.

Elsa Morante idazle italiarraren bigarren nobela izan zen L’Isola de Arturo, 1957an argitaratua Einaudi argitaletxean. Aurretik ume eta gazteentzako ipuin liburuak kaleratuak zituen, baita nolabaiteko arrakasta lortutako lehenengo nobela bat ere. Hainbat hedabidetako kolaboratzaile ezaguna ere bazen; Arturoren uharteak ekarri zion, ordea, kritikaren erabateko aitorpena, Strega literatur sari entzutetsua irabazita.

Arturo Gerace nerabea da nobelako protagonista. Lehenengo pertsonan ari zaio irakurleari, orainaldi urrun batetik iraganeko oroitzapenak aletzen. Oroitzapenetan, halere, narratzailea guztiz lerratzen da bera izandako umearen izaerara, are haren emozio eta pentsamenduekin bat egiteraino. Arturoren barne bilakaera du ardatz nobelak, bere izaeraren apurkako aldatze eta gogoaren joan-etorriak, nortasunaren osatzearen borborrean. Narrazioak, baina, Arturoren barne kontzientziaren ur nahasietan hondoratu ez ezik, kanpoko mundua ere ekartzen du hizpidera, protagonista bestelako elementuekin jokoan jarrita. Hildako amak utzitako hutsunea; aitarekiko lilura mugagabea eta haren arretarik ezak eragindako samina; amaordearengan ernatutako desioaren hazia… Eta uhartea bera: Procida, alegia. Irlak pertsonaiaren maila eskuratuko du ia, pertsonaiaren sentimenduekin estuki lotua ageri baita; haren gogo eta emozio nahaspilaren ispilu gisa funtzionatuko du.

Liburua inguratzen duten gai pisutsuak —maitasuna eta desioa, identitatearen eraketa, lurrarekiko lotura— ezarian dantzatzen ditu Morantek narrazioa Arturoren ahotsetik galbahetuz. Nerabearen ikuspegiari lotutako konta moldeak gordintasunez eta inozentzia kutsuz aurkezten ditu gertaera batzuetan lazgarriak. Emozioak aringarririk gabe agerrarazten dira, nerabetasunari darion suhartasun batez sarritan. Gordintasun horretan, ordea, badago konplexutasun eta lausotasun erakargarrirako tokirik. Arturoren izaera korapilatsuak, non haren barneko emozio eta bulkadek pentsaera arrazionalarekin talka egiten duten, edo hobe esanda, Moranteren hura agertzeko moduak irakurlearekiko estrainamendua lortzen du tarteka, hainbat pasarteri konplexutasuna eransten dienez. Esaterako, harrigarria da, nobela hasieran, aitaren jokamoldearen eta Arturok hartaz duen ikuspegiaren arteko aldea, baita, amaiera aldera, haren alde ezkutua nola jasotzen duen irakurleak nerabearen begietatik. Era berean, zenbait gogoeta ustez sinplek misterio aire bat hartzen dute protagonistaren ahotsean.

Orobat nabarmentzekoa da Moranteren narratzaile eskua, Arturoren barne gogoaren arakatzean legez, eszenen girotzean eta deskribapenetan goia jotzen duena, ingurua poetikotasun laino bezain argitsu batez zehaztuz. Elkarrizketetan zertxobait behera egiten du, halere. Eragozpen gisa luzera ere jar liezaioke liburuari, orrialde gutxiagotan ere emaitza bertsua lortuko baitzuen idazleak. Ez da inondik ere astuna egiten, haatik. Izatez, nerabe baten barren zurrunbilotsua nola, hala doa aurrera liburua. Gauzak lehenbiziko aldiz ikusteak sortzen duen zirrarak akuilatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.