Formalki, zirkunferentzia sorta garbi bat besterik ez dira, baina nahikoa da galeristen esaldi bakar bat, eta kolpean zamatzen da historiaz geometria huts zirudiena. «Zepoak dira». Gizakientzako zepoak. Minimalismoaren lengoaia baliatuta ere, Armando Andrade Tudela artistak maite ditu memoria ezeroso horiei egindako erreferentziak bere lanetan, eta horren erakusle da Bilboko Carreras Mugican jarri duen Como si fuera un canal extraño (Kanal arrotz bat balitz bezala) erakusketa ere. Metalezko tutu batzuen gainean etzanda jarritako zurezko hiru gurutze erraldoik hartzen dute areto nagusiko ia espazio osoa, eta egitura horietan topatuko ditu bisitariak zulo biribil horiek guztiak. Hogei zulotik gora, guztira, formalki kontatuz gero; hogei pertsona baino gehiago, historikoki begiratuta. Maiatzaren 30era arte egongo dira lanak ikusgai.
Berez, Perun jaio zen AndradeTudela, baina urteak daramatza Lyonen bizitzen (Frantzia). Erakutsiak ditu bere lanak New Yorkeko Guggenheim museoan, Sao Paoloko biurtekoan, Bartzelonako Macban, Basilean (Suitza), Berlinen eta Limako MALI museoan, besteak beste, eta Euskal Herrian ere egona da lehenago. Beste bi erakusketa egin ditu Bilboko galeria berean, esaterako. 2017an izan zen lehena, eta 2020an bigarrena. Ezagun zuten lehenagotik ere haren ibilbidea galeristek, beraz, baina berriz ere zuzenean lan nola egiten duen ikusteko aukera izan dute oraingoan. Erakusketa antolatu dutenek azaldu dutenez, artistak ez baititu artelanak espresuki galeriarako sortu, baina ia-ia.
Materiala prest eraman, eta Andrade Tudelak Bilbon bertan erabaki du gero pieza horiek nola muntatu eta nola erakutsi, eta, horregatik, adibidez, aretoaren neurri eta egituraren araberakoa da gela nagusian jarritako hiru gurutzedun obra. Egiturak alderik alde hartzen du gunea, ia-ia erabat ixteraino, eta, ondorioz, erakusketan aurrera egin nahi izanez gero, bisitaria behartuta dago artelanari buelta osoa ematera. Zulo guztien albotik pasatuz, nolabait ere. Eta obrak galeriako espazio zehatz horrekin duen lotura nabarmentzen du piezari jarri dion izenburuak ere: Bilbo ardatza x3 (20 gorputz).
Ez da erakusketako gisa horretako adibide bakarra.
Carreras Mugica galerian bertan bukatu du Hard times, hard techno izeneko pieza ere, esaterako. Aluminiozko zutabe errektangular bat da obraren oinarri nagusia: hutsik du barrualdea, eta zur puska batzuk txertatu ditu sortzaileak bertan. Eta, kasu horretan ere, bada giza eskalaren erreferentzia bat artelanean; anorak grisa jantzita daukan maniki buru bat ere baduelako obrak aldeetako batean.
Irten berri den norbait
Lau eskultura geometriko daude gurutzedun zurezko egituraren beste aldean. Metalezko idulki moduko baten gainean daude guztiak, eta metalezko zilindro bat dute denek erdialdean. Egitura horren gainean metalezko sare batekin eraikitako prismen formek bereizten dituzte piezak. Kolore bana du haietako bakoitzak, gainera —laranja, zuria, berdea eta beltza—, eta hondarrez betetako poltsak edota kristalezko ontziak dituzte barruan. Eta lau egitura horien alboan, bulegoetako gurpildun aulki laranja bat ere topatuko du bisitariak, eserlekuan metal puska handi gordin eta landu gabe bat daukala, lasto multzo baten gainean.
Areto nagusia ez ezik, Estudio izeneko areto txikiagoa ere hartzen du erakusketak, eta Materia materiaren eta espirituaren gainean instalazioa ikus daiteke bertan. Zurez eraikitako babesleku moduko bat dakar gogora haren beheko parteak, norbait bertatik atera berri balitz bezala, eta indartu egiten dute sentsazio hori artistak bertan kokatutako edredoi batek eta argazki batek. Zurezko kutxa beltz bat du gainean etxola moduko horrek, eta, egitura osoaren buru, batere landu gabeko enbor bat du hark ere gainean, etxolaraino jaisten den kanpai bati lotutako alanbre batekin. Andrade Tudelaren obren aurretik galeria berean ikusgai egon diren lanak ditu inguruan eskulturak. Juan Agirregoikoaren eta Gabriela Kraviezen margolanak dira. Garraiorako bilduta dirudite haietako batzuek, eta bistara daude besteak.
Zirkulu bat da basakeriaren lorratza
Armando Andrade Tudela artistak 'Kanal arrotz bat balitz bezala' izeneko erakusketa ireki du Bilboko Carreras Mugica galerian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu