LITERATURA. Haur eta gazte literatura

Zirkuaren gazi-gozoak

2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Sariketa batean txapelduna izatearen ospeak lagunduta dator gaurkoa, 28. Lizardi Saria jaso baitzuen liburu honek aurtengo udaberrian. Ordudanik liburu honen 2.400 ale banatu behar ziren eskoletan. Hala izan bedi.

Idazlea aski ezaguna da poesia munduan, baina bere lehen lana da haur literaturan. Haren berri izan nahi baduzue, jo hemerotekara, joan den abuztu honetan (2010-08-10) elkarrizketa aski interesgarria egin baitzion Juan LuisZabala lankideak gurean bertan.

Liburua edizio xumean argitaratuta dago, tapaki bigunekin, orrialde mehe-mehetan. Halere koloretan diren ilustrazioek, horiek bai, bistara edertzen dute obra.

Kapituluka banatutako narrazioa da Ebelina mandarina, tonu errealistan idatzia, eta haur batek gainditu nahi/behar duen ezintasun batez hitz egiten diguna. Erronka hori lortzeko, lagun egin berri baten laguntza jasoko du.

Narrazioa zirku batean kokatuta agertzen da, Frantzia garaikidean. Zirku xumea da Ebelinarena, familiakoa, baina badituzte hainbat behargin ere, pailazoa, magoa...

Ebelinak egingo duen lagunak errealitate gordinarekin jartzen gaitu harremanetan, immigrazio ilegalarekin eta hark ezkutatzen duen gizartearen alde makurrarekin. Betiere, gaia zeharka ukitzen du, tonu orokorra garraztu gabe.

Zirkuaren xehetasun asko ere ezin dira eman, testua protagonistaren pasarte intimoan zentratzen baita, eta haren ingurunean ezer gutxi ezagutzen baitugu. Anekdota xamurra da ikusleak zirkuko harmailetan nola jartzen dituzten kontatzen duena, bide batez liburuaren tonua zein den iradokitzen duena. Kontatzen zaigunez, zirku hartan jendea bere garaieraren arabera eserarazten omen dute, txikienak aurreko eserlekuetan eta garaienak atzekoetan ipinirik. Antolaera hartan, elkarrekin zetozenak banatzeagatik kexuka hasten omen da jendea, baina irteeran denak pozik joaten omen dira handik, lagun berriak eginda.

Testuaren erredakzioak kontateknika zaildua erakusten du, eta, kapitulu hain laburretan banatuta egonik, egitura egokia eraiki da xede izan daitezkeen zortzi urtetik aurrerako irakurleentzat: ongi antolatutako hari narratiboa, egitura oso sinpleetan bildua eta atal labur ugaritan banatuta.

Ilustrazio lanak informaziorik eransten ez badio ere, testuaren esanak ñabartu eta bere erara interpretatzen ditu, proposamen originala eta iradokitzailea eraikitzen, bat datorrena testuaren tonuarekin.

Oso lan txukuna iruditu zait, arestian iradoki dut, baina desatsegintasun txiki bat eduki dut Ebelinaren eta Katerinaren pentsamoldeekin eta jarrerekin. Ebelinaren herabetasuna desitxuratzeko mugan dago pasarteren batean (Adibidez: «nik osaba maite dut txorizoa botatzen dielako txitxirio, babarrun eta dilistei sukaldean»), eta ez dizkigu zirkuko garraztasun guztiak aitortzen («Norbaitek ezagutzen al du pailazo tristerik? Nik ez»), eta hori ez dator bat Ebelinaren izaerarekin. Bestalde, Katerina pertsonaiak ahots helduegia ez ote duen pentsarazi zidan haren zorioneko sententzia hark: «Ez dut ezagutzen beldurra sentitu ez duenik, eta ez dut inor ezagutu norbaitek eskutik heltzen dionean beldurra desagertu ez zaionik».

Lan on bat dugu hauxe, tonu afektibo eta ezti batean idatzia; immigrazioaren gaiak mingostasun apur bat ematen dio, eta ilustrazio lan oso pertsonala ageri du.





'EBELINA MANDARINA'

Egilea: Castillo Suarez.

Ilustratzailea: Leire Urbeltz.

Argitaletxea: Erein.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.