Zuzendaritza: Ganso & Cia. Konpainiak: Zirkozaurre, Miguel Gigosos, Gonzalo Albiñana, Celeste, Non sin tri. Lekua: Galdakaoko Torrezabal aretoa. Eguna: Abenduak 30.'MALUTA X'
Oso aztura zabaldua da abenduko jai egunetan umeekin zirku eszenikora joatea, eta horretan eskarmentu handia dauka Gorka Ganso & Cia konpainiak. Aurten X. edizioa bete du Maluta jaialdiak, eta aurten Galdakaoko Torrezabal aretoan ere izan dute emanaldi bat, Durangoko San Agustinen izandakoez gain.
Antzokira sartu ahala Torrezabal kultur guneko antzerki tailerreko gaztetxoek egin digute harrera, eta haiek euskarazko aurkezpena egin ostean, Gansok gidatu ditu emanaldia bera eta ekitaldien arteko tarteak, betiere bere hitzik gabeko umorearekin eta bikote artistiko baten laguntzaz. Kasu honetan, Txefo Rodriguez aspaldiko kideak bete du Gansorekin batera garai bateko aretozainen rola, kasaka eta plater-txapel gorriak jantzita, baina erabateko ganora faltan murgilduta beren parodia-rolei zegokien bezala. Hala ere, nik faltan izan dut emanaldia hasi baino lehen haiek ikusleen artean ibili izana, ustezko laguntza eskainiz baina horren ordez benetako anabasa sortuz.
Zirku-ekitaldi laburrez osatutako gaualdia Bilboko Zirkozaurre zirku eskolako bi kiderekin hasi da, eta haien emanaldian diaboloekin egindako erakustaldi fina, lasaia eta ondo egituratua gauzatu dute. Agian ez dute muturreko abileziarik erakutsi, baina segurtasunez eta hutsik egin gabe eutsi diete diaboloei une oro, egindako balentria batzuk nahiko zailak izan arren, eta hasiera ona eman diote egitarauari. Jarraian etorritako Miguel Gigosos (Gaztela-Mantxa, Espainia) neurri ertaineko hainbat pilota gorrirekin jolastu da malabarismoak, kontortsionismoa eta gimnastika ariketa azkarrak eginez baloitxoei gorputzeko atal askorekin eusteko. Hala ere, nabaria izan da une askotan galdu duela pilotaren bat —denok izan dezakegu egun txar bat—, eta horrek pentsarazi dit beharbada ariketa zailegiak planteatu dizkiola bere buruari, nahiz eta saioaren diseinua originala eta aurreratua izan den.
Espainiako leku beretik etorri den Gonzalo Albiñanak beldurraren gainean eraiki du bere magia saioa, agertokia zuri-beltzean argiztatuz, bere gorputzarekin itzalak sortuz eta kaiola txiki bat behin eta berriro desagerraraziz, haietariko batean lau ikuslek beren eskuekin eusten bazioten ere. Originala, harrigarria eta dotorea iruditu zaigu proposamena, magiari askotan darion kutsu zamatutik urrun. Horren ostean, Celeste izeneko neska italiarrak soka bertikalean egindako saio orbangabea ez da beharbada munduko ikusgarriena izan, baina euskaraz eta Ziortza Basagurenen ahotsean lagundu dioten pentsamenduek kutsu poetiko nabarmena eman diote eta beste maila batera eraman dute proposamena.
Azkenik, Madril eta Kataluniako Non sin tri hirukoteko kideek —emakume bat eta bi gizon— oso saio aurreratu, absurdu eta umoretsua eskaini dute monoziklo batekin eta sei mazorekin, malabareak eginez —ez asko—, hiruren oreka zailak gurpilaren gainean gauzatuz, Momixen estiloko (barkatu konparazioa) izaki fantastikoak beren gorputzekin eta mazoekin eratuz eta eszenan gozatzeko modu imitaezina erakutsiz. Besteenari batek daki, baina Non sin triren pistari saiatuko naiz jarraitzen, ea non ikusi dezakedan berriro.